Egoitz Elduayen, mendizalea: “Mendian, sortzen den adiskidantza da garrantzitsuena”

Egoitz Elduayen, mendizalea: “Mendian, sortzen den adiskidantza da garrantzitsuena”
2020/03/17 eta kitto!
Alpeetan, Italia eta Suitza artean dagoen mendi ikonikoa da Cervino (Matterhorn alemanez). 4.478 metroko garaierarekin, mendizale askok begiz jota duen gailurra da, baita eibartarrek ere. Egoitz Elduayenek eta Kepa Olabek iaz igo zuten. Egoitzek irudiak grabatu zituen eta, hortik abiatuta, Cervino mendiaren eta hara joan diren eibartarren istorioak batu ditu ‘Eibartarrak Cervinon’ lanean. Gaur eman behar zuten dokumentala, baina Mendi Jardunaldiak bertan behera geratu direnez, pixka bat gehiago itxaron beharko dugu.


 

- Zer jaso duzu ‘Eibartarrak Cervino’ lanean?

Cervino oso mendi berezia da, ederra. Mendizaleoi asko erakartzen digu eta askorentzat helburua da hura igotzea. Kepa Olabe eta biok urrian igo genuen. Urteak daramatzat igoerak bideoz grabatzen, baina orain asko zaintzen dut grabazioa eta dronea eta kalitatezko kamera erabili izan ditut. Hala ere, irudiak niretzat gordetzen ditut (Facebooken sartzeko, lagunei pasatzeko…), beste barik. Orduan, Jon Aristi Deporreko Mendi Batzordeko presidenteak esan zidan, Cervino igo nuela eta, jendaurrean aurkezteko zerbait egiteko, eta horrela sortu dut ‘Eibartarrak Cervinon’. Hiru zatitan banatu dut lana. Batetik, Cervino mendiaren historia kontatzen dut. Demaseko historia du. Britaniarren, suitzarren eta italiarren artean borroka handiak egon ziren mendia igotzen lehena zein izan zen zehazteko, heriotzak egon ziren… epikoa izan zen. Bestetik, Cervino igo duten eibartarren testigantzak jaso ditut. Juan San Martin, Eli Ojanguren, Julio Llanos, Pedro Agirregomezkorta ‘Petrus’, Fernando Recalde… Eibartarron artean ere desadostasunak daude Cervino igo zuen lehen eibartarra zein izan zen zehazteko orduan. Eta azkenik, Kepa eta bion igoera kontatzen dugu.

- Nolako igoera izan zen Kepa eta zuretzat?

Orain dela bi urte beste bi pertsonekin joan nintzen, baina eguraldiaren eta nekearen ondorioz (beste mendi batzuk igo genituen aurretik) ez ginen igo. Konturatu nintzen ez zela hirunaka igotzeko mendi bat, hobe zela binaka igotzea. Azken urteotan Keparekin asko eskalatu dut eta Cervino igotzeko helburua jarri genion geure buruari. Cervino igotzeko bi bide daude: Suitzakoa eta Italiakoa. Suitzakoa da bide normala, errazena, eta hortik igotzen dira gehienak. Guk, ordea, Italiako aldetik igo genuen. Asko eskalatu behar da eta igoera luzea da.

- Ordu asko irauten duten igoeretan zer pasatzen zaizu burutik?

Bidean gozatu egiten dut. Mendiak jaistea ez zait gustatzen, baina igotzea bai. Batzuetan sufritu egiten dut, nekatuta noa, baina Keparekin beti brometan gabiltza. Mendiak igotzerakoan oso ondo pentsatzen da. Askotan joaten naiz bakarrik mendira, baita lotara ere, eta ondo etortzen zait burua ordenatzeko.

- Gailurra albo batera utzita, bidea egitea da garrantzitsuena?

Mendian, sortzen den adiskidantza da garrantzitsuena niretzat. Asko baloratzen dut hori.

- Nolako eskalatzaile komunitatea dago Eibarren?

Eibarko eskalatzaile komunitateak sasoi ona bizi du. Rokodromo berria dugu eta oso ondo dago eskalatzen hasi nahi dutenentzat. Atal batzuk berritu dira, hasiberrientzat egokituz. Bestetik, umeentzako ikastaroak antolatu genituen eta kurtso gehiago ematen hasi gaitezke orain. Nik neuk hainbat gauza erakusten dizkiot talde bati eguaztenetan. Etorri nahi duenak zabalik ditu ateak.

- Baduzu mendi kuttunik?

Alluitz, duda barik. Gainera, orain dela gutxi buzoia jarri nion tontorrean, ez zegoelako. Indalecio Ojangurenen argazki baten ikusi nuen Alluitz tontorrean buzoia egon zela, baina buzoi hori ikusi duen inor ez dut ezagutzen. Beraz, altzairu herdoilgaitzeko buzoi bat egin genuen Elorrioko Gotzonek eta biok, argazkian agertzen den buzoiaren kopia bat, eta iaz jarri genuen.

- Nola bizi duzu mendia?

Normalean bikotearekin eta alabarekin joaten naiz eskalatzera. Alaba 4 urterekin hasi zen eta orain, 14 urterekin, edozein tokira dator gurekin. Bidaiatzeko toki aproposa da mendia. Goazen tokira goazela mendi batzuk igotzea jartzen dugu helburu, baina aitzakia horrekin inguruak ezagutzen ditugu (herriak, gastronomia…). Gure bizimoduak mendiarekin du zerikusia.