Eli Gomez, ingeles irakaslea: "Oso klase pertsonalizatuak izaten dira, ikasle bakoitzaren beharrak asetzeko"

Eli Gomez, ingeles irakaslea: "Oso klase pertsonalizatuak izaten dira, ikasle bakoitzaren beharrak asetzeko"
2020/04/14 eta kitto!
Koronabirusaren ondorioz alarma egoera ezarri zenean Eli Gomezek ‘Ikasyes’ ingeles akademiaren ateak itxi behar izan zituen, baina beste bat ireki zuen, internetaren atea. Lan handia egin behar izan du sasoi berrira egokitzeko, baina aurrera egitea lortu du. Dena dela, guzti hau lehen bait lehen pasatzea nahi du.

 

- Nola moldatzen zinen ingeles akademian alarma egoera hasi aurretik?

Akademia Sostoa kalean dago eta alarma egoera ezarri aurretik han ematen nituen klaseak.

- Eta alarma egoera ezarri ondoren, nola moldatu zara?

Nahiko prozesu arraroa izan da. Martxoaren 12 inguruan egoera larritzen joan zen, eskolak itxi zituzten, zurrumurruak entzuten ziren… “Eta zer egingo dut nik”, galdetu nion neure buruari. Martxoaren 12a eta 13a oso egun txarrak izan ziren niretzat. Ezintasuna sentitzen nuen eta malkoak irteten zitzaizkidan. Aukera ezberdinak  aztertu nituen eta internet bitartez klaseak emateko balio zuten programak aztertu nituen. Zer egin asko pentsatu nuen, eta aurrera egin behar nuela erabaki nuen. Zirt edo zart. Hizkuntza akademia handiek egiten zutena ikusi nuen eta, nire neurrian, martxan jarri nintzen alabaren laguntzarekin.

- Nolakoa izan zen ikasleen erantzuna?

Zoragarria. Eurekin eta gurasoekin berba egin nuen banan-banan, eta %90ak jarraitzen du. Gurasoek esaten didate seme-alabak ingelesezko klaseak noiz hasiko diren zain egoten direla.

- Nolakoa izaten duen arteko hartu-emana?

Klaseak Skype bitartez egiten ditugu, aurrez aurre egiteko, baina beste programa edo aplikazio batzuk erabiltzen ditut baita ere: helbide elektronikoa (mezuak bidaltzeko), Google Drive (dokumentuak partekatzeko), WhatsApp…

- Klaseen dinamika asko aldatu da formatu berri horretan?

‘Ikasyes’-en taldeak murritzetan egin dut lan beti, ikasleei laguntza indibiduala eskaini nahi dietelako. Oso klase pertsonalizatuak izaten dira, ikasle bakoitzaren beharrak asetzeko. Beraz, gehienez zortzi pertsonako taldeak osatzen ditut (5-6 normalean). Orain, taldeak gehiago estutu behar izan ditut, gehiago pertsonalizatzeko. Internet bitartez lehengo dinamika bera jarraitzen dugu eta, alde onei begira, ikasleek ordutegi malguagoa dute orain, ezin dituztelako hainbat gauza egin (kirola eta abar). Bestetik, kurtso guztietarako errepaso dokumentu batzuk prestatu ditut. Adibidez, DBHko 1. mailakoek zer ikasi duten, zer ari diren ikasten eta zer ikasi behar duten. Ez dut nahi ikasleek ezer galtzea.

- Pozik zaude lortutakoarekin?

Ezin naiz kexatu, klaseak ematen jarraitzen dudalako, baina nahiko gogorra izan da. Hasieran ezin nuen lorik egin, lan asko egin behar nuelako eta burua etengabe bueltaka nuelako. Erronka handia izan da, baina asko ikasi dut eta etorkizunerako baliagarria izan daiteke. Nahiko izaera positiboa dut eta nire kasuan aurrera egin ahal izan dut, baina askok ez dute aukera hori izan eta negozioa itxi behar izan dute. Orain guztiok elkarrekin egin beharko dugu aukera.

- Erakundeen aldetik laguntzarik jaso duzu egoera honetan aurrera egiteko?

Gipuzkoako Foru Aldundiak eman behar zituen ‘bono teknologikoak’ eskuratu nahi nituen, baina ez nuen aukerarik ere izan, baina oso tarte laburrean amaitu egin ziren. Bi mezu elektroniko bidali nizkien eta ez dut erantzunik jaso. Lehen mezuarekin informazioa jaso nahi nuen; eta bigarrenean, laguntzak amaitu zirela ikusita, horren arrazoia jakin nahi nuen. Baina ezer. 450.000 euroko partida zen, enpresa txikiek eta autonomoek etxetik lan egin ahal izateko. Nork lortu du laguntza hori? Mila laguntza emango dituztela esan dute erakundeek, baina ez dut laguntzarik jaso duen inor ere ezagutzen.