Elisa Sainz de Murieta, klima-aldaketan aditua: “Sasoiz gabiltza klima-aldaketaren eragin larriagoak ekiditeko”

Elisa Sainz de Murieta, klima-aldaketan aditua: “Sasoiz gabiltza klima-aldaketaren eragin larriagoak ekiditeko”
2019/03/04 eta kitto!
Euskadiko Klima-Aldaketaren Astea izango da hilaren 10era arte eta hainbat ekintza egingo dira gure herrian. 6tik 27ra ‘Gure mundua eraldatzeko 17 helburu’ izeneko erakusketa egongo da Portalean, 7an 18:30ean ‘Klima-aldaketaren inpaktuak Euskal Herrian’ izeneko hitzaldia eskainiko du Elisa Sainz de Murietak Portalean, 10ean 18:30ean ‘O me atiende ya, o me voy’ antzezlana egongo da Portalean eta 12an 19:00etan ‘Una verdad muy incomoda: ahora o nunca’ dokumentala eskainiko dute Coliseoan.

 

- Hasi gara klima-aldaketaren ondorioak jasaten?

Bai, dagoeneko klima-aldaketaren hainbat eragin neurtu daitezke, hala nola tenperatura aldaketak edo itsas mailaren igoera. XX. mendean zehar, itsas-maila euskal kostaldean 2 mm urteko abiaduran igo da, eta abiadura hori 90eko hamarkadan bizkortuz joan da. Gutxi badirudi ere, azken 7.000 urteetan gertatutakoa baino 4 aldiz handiagoa da 2 mm igoera tasa. Ur baliabideei dagokienez, azken 60 urtetan batezbesteko ur-emariak ere gutxitu dira. Mundu mailan, Ipar- eta Hego-buruko izotzen zabalera eta sakoneran aldaketa nabariak neurtu dituzte.

- Berandu gabiltza klima-aldaketa gelditzeko?

Sasoiz gabiltza eragin larriagoak ekiditeko. Hau argi azaltzea eta ulertzea garrantzitsua da. Izan ere, negutegi efektuaren gasak atmosferara jaurtitzen ditugun bitartean, klima-sisteman aldaketa gehiago eragiten ari gara, eta honen ondorioak handiagoak izango dira. Beraz ez, ez gabiltza berandu, baina klima-aldaketari aurre egin behar diogu lehentasunez.

- Zeintzuk dira klima aldaketaren eragin nagusiak Euskal Herrian?

2050. urterako itsas-maila 20-27 zm igotzea espero da, kostaldeko muturreko gertakariak areagotuko dira, eta ondorioz, gure kostaldean eragin handiagoa izango du klima-aldaketak. Tenperatura igoko da, eta bero-boladak maizago gertatzea eta egun gehiago irautea espero da. Prezipitazioari dagokionez, ziurgabetasun handia dago oraindik, baina orokorrean ur-emaria murriztea aurreikusten da.

- Datozen urteetara begira aurreikuspenak egin daitezke?

Bai, etorkizunerako proiekzioekin lan egiten dugu, klima-modeloekin egiten direnak.

- Noren esku dago klima aldaketaren aurkako neurriak hartzea?

Klima-aldaketari aurre egiteko bi neurri nagusi daudela esan dezakegu. Lehena, ekiditea. Hau da, klima-aldaketa sortzen duten negutegi efektuko gasen murrizketa helburu duten neurri eta politikak hartzea. Euskal Autonomia Erkidegoan arlo nagusiak energia eta garraioa dira, beraz, politika hauen ardura duten sailek dute hauek eraldatzeko eskumena. Esan beharra dago EAEn garraioaren %80 errepide bidezko garraioa dela, beraz, guk geuk ere badugu ardura.

Klima-aldaketarako bigarren neurriak egokitzapena du helburu. Hau da, gerta daitezkeen inpaktuei aurre egiteko prest egoteko neurriak hartzea. Hiri eta herrietan landu daitezke batez ere neurri hauek, baina zailtasunak daude, prestakuntzarekin edo finantzazioarekin adibidez. Beraz, Foru Aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren rola garrantzitsua da egokitzapena bultzatzeko.

- Parisko Akordioan 200 herrialdek (munduko guztiek AEBek kenduta) berotegi gasak murrizteko konpromisoa hartu zuten. Nahikoa da? Betetzen ari dira?

Parisko Akordioa izugarrizko arrakasta izan zen, munduko herrialde guztiak batera, helburu amankomunarekin: munduko batezbesteko tenperatura 2 gradutara mugatzea; are gehiago, tenperatura hura 1.5 gradutara mugatzeko ahaleginak egiteko konpromisoa ere hartu zen. Noski, helburua ezartzea aurrerapausoa izan bazen ere, helburu hori lortzeko behar diren politiketan dago mamia, eta adostasuna ez da hain erraza. Pentsa dezagun gela berean elkartzen direla ozeano Bareko uharte-estatuak eta Arabia Saudi edo beste petrolio ekoizle nagusiak.

Pariseko helburua lortzeko orain arte aurkeztu diren konpromisoak ez dira nahikoa inolaz ere, baina une honetan dugun tresna da. Esan beharra dago ere Parisko Akordioa estatuen artekoa bada ere, garrantzi handia hartzen ari direla bestelako eragileak, hala nola hiriak, eskualdeak eta enpresak. Trumpek AEB akordiotik aterako zela iragarri zuenean, eragile hauen erantzun itzela sortu zen, We are still (Oraindik [Pariseko Akordioaren] barruan gaude) in mugimendua. Eta gogora dezagun, klima aldaketari aurre egiteko politikak maila desberdinean landu eta martxan jarri daitezke.

- Badago korronte bat klima aldaketa existitzen dela ukatzen duena. Zer esango zenieke?

Badaude Lurra laua dela diotenak ere… Zientzian ebidentziekin, frogekin lan egiten dugu, eta klima aldatzen ari dela ezin uka daiteke, ezta erregai fosilek sortutako isurpenek sortua dela. Eztabaidagarria izan daiteke egoera honi aurre egiteko politika zehatzak zeintzuk diren, edo hauek martxan jartzeko abiaduran. Baina komunitate zientifikoan klima-aldaketa gertatzen ari denaren eztabaida aspaldi gainditua dago.

- Gizartea gaiaren garrantziaz ohartzen da?

Nik uste dut ez garela premiaz ohartzen. Lehentasunezko gaia da, ez da izotz geruza handien urtzea bakarrik, klima-aldaketak gure herrietan eragiten duela eta eragiten jarraituko duela ohartu behar dugu.

- Zerk eragin du klima aldaketa?

Erregai fosilen erabilerak sortu dituen negutegi efektuko gasek sortu dute klima-aldaketa. Negutegi efektuko gasak era naturalean daude gure atmosferan eta eguzkitik datorren energiaren kopuru bat gordetzen dute. Honek bideratzen du gure planetako tenperaturen aldakortasuna txikia izatea, inguruko planetekin alderatuta. Baina gas hauen kontzentrazioa handitzearen ondorioz, bero handiagoa gordetzen da atmosferan, eta honek munduko batezbesteko tenperatura igotzen ari da. Azken 400.000 urteetan, atmosferan dagoen CO2-aren kontzentrazioa 300 ppm-tik behera egon da. Aurtengo urtarrilean, kontzentrazioa 411 ppm-tan dago (iturria).

- Nolako lana egiten duzue BC3-n?

BC3n klima-aldaketaren ikerketa egiten dugu, ikuspegi desberdinetatik. Bost lan ildo nagusi ditugu: klimaren ikerketa, ekiditea eta karbono-gutxiko gizartea lortzeko neurri eta politikak; lurreko ekosistemen azterketa (hauenganako inpaktuak baina baita hauek duten mitigazio rola); egokitzapen politikak eta modelizazioa.

- Nondik nora joko duzu Eibarko hitzaldian?

Klima-aldaketaren inpaktuak eta ekidite politikak aztertzen dihardut, eta hauen inguruan izango da hitzaldia. Euskal Herrian jasan ditzakegun eraginei buruz egingo dut berba batez ere.