Eneko Gorri (Biarritzeko euskara teknikaria): “Euskararen alde lan egiteko haizeak alde ditugu”

Eneko Gorri  (Biarritzeko euskara teknikaria): “Euskararen alde lan egiteko haizeak alde ditugu”
2018/03/06 eta kitto!
Bihar, asteazkena (martxoak 7), Euskararen Transmisioaren Mintegiaren zortzigarren edizioa hartuko du Portaleko Areto Nagusiak. Bertan parte hartuko duten adituen artean Eneko Gorri izango dugu (Angelu, 1983). Eneko Gorri Biarrizko Herriko Etxeko euskara teknikaria da eta Ipar Euskal Herriko egoera ulertzeko giltzak eskainiko ditu (datuak, diskurtso eta paradigma berriak, erronkak...)

- Euskararen Transmisioaren Mintegia izango zara bihar. Nola ikusten dituzu era horretako topaketak?
Euskalgintzako aktibista eta euskara teknikari gisa beharrezkoak ikusten ditut eta inportanteak dira bereziki jendearen arteko jakintza-trukaketa bideratzen baitu. Ipar Euskal Herrian ere horrelako topaketa eta gogoeta momentuak antolatzea amestuko nuke. Uste dut Ipar Euskal Herriak baduela ere zerbait partekatzeko Hego Euskal Herriarekin. Interesgarria litzateke hemen bi aldeetako jendea elkartzea.

- Euskara teknikaria zara Biarritzen, Zein da euskararen egoera han?
BAB Baiona-Angelu-Biarritz eremuaz hitz egitea nahiago dut. Oso errealitate konplikatua da, euskararen ezagutza %8koa da, eta erabilera %2koa. Gaur egun haurren %80k ez du euskara ikasten ez eskolan ez familian, eta etorkizunari begira ere datuak nahiko kezkagarriak dira. Baina lurralde horretan ere bada duela 50 urte borrokatzen duen jende militante bat, ikastolak, gaueskolak... badugu nahiko baliabide gure artean gauzak hobetzeko, eta horrek  esperantza txiki bat helarazten dit.

- Zeintzuk dira euskarak dituen erronkak eta lan ildoak?
Ipar Euskal Herria ere bidegurutze handi batean aurkitzen da, eta bi hankak erabili behar ditugu, instituzioen lana eta euskalgintzarena. Batak bestea gabe ezin du funtzionatu, biak uztartu behar dira. Bi erronka ikusten ditut. Bata da transmisioaren kanalak azkartu egin behar direla, gazte belaunaldiak eta helduak euskaldundu behar ditugu eta horretarako erabili behar dugu gaur egun daukagun kontsentsu soziopolitikoa. Ez dakigu hemendik 10 urtera adostasun maila berdina izango dugun. Kontsentsu hori apurtzeko beldurrez, urrats txikiak  baino ez ditugu ematen, baina gaur da momentua urrats handiak egiteko. Gaur haizeak alde ditugu, bihar agian ez. Beraz, euskalduntze masiboarentzako ateak irekitzea litzateke lehen urratsa.

- Eta bigarren erronka?
Bigarren erronka euskara bigarren mailako hizkuntza izatetik ateratzea litzateke, ahalduntzea, euskaldunak konturatzea funtsean euskaraz aritzen ari direla edozein egoeratan, euskara izan dadila lehen mailako hizkuntza eta bizikidetza eraikitzeko molde bat. Hau paradigma aldaketa oso bat da, guk barneratua izan dugulako euskara bigarren mailako hizkuntza bat zela eta modernitatearen faktorea zela frantsesa, eta ez euskara. Egoera horri buelta eman behar zaio eta hiztunak kontzientzia hori hartu behar du, bai euskaldunak eta baita erdaldunak ere, eta hor badugu gauza interesgarri bat eraikitzeko bi hizkuntz komunitateen artean.

- Nola ikusten duzu etorkizuna?
Momentu klabea da: gazteak euskalduntzen ari dira eskolaren bitartez eta adinduak euskaldundu egin ziren familiaren bitartez. Erdian daudenak ez dira euskaldunak baina euren seme-alabak eskolaren bitartez euskaldundu daitezen nahi dute. Hemendik 30-50 urtera euskararen egoera ona izango da lortzen baldin badugu gazte hauek euskalduntzea.

- Ofizialtasun ezak nola eragiten dio  euskararen normalizazioari?
Uste dut ofizialtasuna behar-beharrezkoa dela. Gaur egun alegalitate egoera batean bizi gara, euskara ez da ilegala baina ez da legala ere. Beti da legalitate errepublikanoaren susmo hori eta uste dut bai ala bai lortu behar dela ofizialtasuna, badugu hor ere zerbat asmatzeko.