Eneritz Larrea, diseinatzaile grafikoa: “Jaiak etxetik gozatu daitezkeela irudikatu nahi nuen kartelean”

Eneritz Larrea, diseinatzaile grafikoa: “Jaiak etxetik gozatu daitezkeela irudikatu nahi nuen kartelean”
2020/06/16 eta kitto!
Eneritz Larrea elgetarrak egin du aurtengo San Juan jaien kartela. COVID-19ak baldintzaturiko jaiak izanik, oso ekintza gutxi egingo dira, eta, ondorioz, kartel historikoa izango da. Eneritzek oso ondo ezagutzen ditu sanjuanak, eta aurtengoak oso bestelakoak izan arren, lortutako sariaz gozatuko du.

 

Nolako erronka izan da aurtengo San Juan berezietarako kartela diseinatzea?

Egoera aprobetxatu dut kartela egiteko. Jaietan ondo pasatzea, kalean ordu asko egotea eta beste hainbat gauza egitea ditugu buruan, baina aurten bizi dugun egoeraren ondorioz ez dugu aukera hori izango. Orduan, hainbeste denbora etxean egon garenez eta balkoiak hain famatuak egin direnez, itxialdian bizi izan dugun egoera bereziak irudikatu nahi izan ditut, eta jaiak etxetik gozatu daitezkeela aldarrikatu.

Beraz, kartelaren izenburuak dioen bezala, ‘Festak jarrai dezala’?

Hori da! Egoera berezi honetara egokitu behar izan dugu, hilabeteak egon gara etxean sartuta eta bakoitzak ahal duen moduan egin dio aurre. Aurtengo jaiak ezberdinak izango dira, baina ez dute zertan aspergarriak edo tristeak izan. Jarrai dezala jaiak eta bakoitzak ahal duen neurrian gozatu dezala.

Saria irabazita, zuk baduzu zer ospatu. Nola jaso duzu izendapena?

Kartel-lehiaketa martxan zegoela ikusi nuen Interneten, eta lanak entregatzeko denbora nuenez, animatu egin nintzen. Udaletik nire kartela asko gustatu zitzaiela eta irabazlea nintzela esan zidatenean asko poztu nintzen. Zure lana besteen gustukoa izateak poz handia ematen du.

Itxialdia inspiratzeko sasoi aproposa izan da?

Itxialdiak askorako eman digu guztioi eta nik nire alde sortzailea garatu dut.

Elgetakoa izateak eta sanjuanak ondo ezagutzeak kartela sortzeko orduan lagundu dizu?

Bai. Eibar hurbil dugu eta edozein momentutan joan gaitezke. Herria eta jaiak ezagutzea lagungarri gertatu zait kartela pentsatzeko, zein kolore erabili aukeratzeko eta beste hainbat gauza irudikatzeko. Eibarren pentsatzen dudanean Eibar foball taldea etortzen zait burura eta taldearen koloreen gama erabili dut, balkoietan banderak margotu ditut eta atzean udaletxea. Eibar irudikatzeko sinboloak dira.

Kartel-lehiaketetan parte hartzeko ohitura duzu?

Normalean ez dut horrelakoetan parte hartzen. Elgetako jaietako lehiaketan eta antzeko beste batzuetan parte hartu izan dut, baina hiriburu handietako lehiaketetan eta bestelako lehiaketa handietan inoiz ez. Agian hemendik aurrera aukera ona izan daiteke.

Zure lanetan estilo bera jarraitzen duzu ala gauza ezberdinetara moldatzen zara?

Askotan diseinatzaileek oso estilo markatua izaten dute, baina ez da nire kasua. Batzuetan horren falta igartzen dut. Estilo markaturik ez dudanez, kartel bat egiterako orduan denbora asko ematen dut zein estilotan egin nahi dudan pentsatzen, baina, horrela, gauza ezberdinak egiteko gaitasuna daukat.

Nahiz eta San Juan jai bereziak izan, Eibarren ospatuko dituzu?

Kuriositatea dut aurtengo sanjuanak zelan ospatuko diren ikusteko eta seguruenik bueltatxo bat emango dut Eibartik.

sanjuanak kartela