“Ez dago buru zeharkaezinik”

“Ez dago buru zeharkaezinik”
2011/11/04 eta kitto!

-Más cerca izeneko ikuskizuna eskainiko duzu gaur Coliseoan. Zerbait iradoki nahi du tituluak?
Gertutasuna, beste barik. Publikoa eta ni neu gertu egongo gara ikuskizunean zehar eta zerbait intimoa biziko du hurbiltzen denak. Publikoaren alboan egon nahi dut eta hauek nigaitik gertu sentitu daitezen nahi dut ere. Horrela, jendeak ikusi ahal izango du zer den egiten dudana eta, era berean, hori sentitu. Pentsatzen dut ikuskizun dibertigarria dela, jendeak momentu ona pasako duela. Izan ere, hori delako asmoa: bizi dugun sasoi honetan ondo pasatzea, eta krisia eta halakoak momentu batez albo batera lagatzea.
-Adimenaren-magoa bezala definitzen duzu zure burua. Baina zer da hori zehazki?
Magoa baino, esango nuke ilusionista naizela. Izan ere, egiten diudana jendearen ilusioa da, ikusi dutena ikusi dutela pentsatzen dute. Orduan, adimenaren gainean egiten dut magia eta horregatik esan daiteke adimenaren-magoa naizela.
-Eta nola iritsi zara adimenaren-magoa izateraino?
Lan askorekin (barreak). Etengabeko lana da. Egun osoa ematen dut nire ikuskizunetan zer egin dezakedan pentsatzen, horregatik beti daramat koadernotxo bat eskuan. Etengabeko lana da, esfortzu handia eskatzen duena, baina gustu handiz egiten dudana, nire pasioa delako. Pentsa, 28 urte daramatzat hontan eta lehen eguna izango balitz bezala dihardut lanean.
-Zuk egiten duzuna, hala ere, ez da magia bezala ezagutzen den ohiko modua. Hau da, ez dago, inguruan behintzat, adimen-magorik.
Ez, egia da, baina horrela da. Kartekin lan egiten duten magoak daude, gauza handiak desagertarazten dituzten magoak… ez dakit, bakoitzak berea egiten du eta bakoitzak bere etiketa dauka. Nik adimena erabiltzen dut eta egia da ez dagoela hemendik zehar gauza bera egiten duen inor.
-Aurretik esan duzu 28 urte daramatzazula mago edo ilusionista moduan. Denbora honetan aurkitu al duzu buru zeharkaezinik?
Ez, horrelakorik ez dago. Dagoena da nahiko ergela den jendea, baina nire ikuskizunetan parte-hartzen duen jendea bolondresa da, 60 bat ikuskizunero, eta nik ez dut inor behartzen parte-hartzera. Ergelkeriak sinestu nahi dituenak hor konpon, bestela etor daitezela ikuskizuna ikustera eta ikusiko dute zer den egiten dudana. Baina ez, ez dago buru zeharkaezinik bestela.
-Magoa edo ilusionista jaio edo egin egiten da? Hau da modu batean botere horiek…
Baina zein botere?! (barreak)
-Horrelako zerbait ematen du kanpotik begiratuta.
Ez, ez, ez dago botererik. Izatekotan trebetasuna da, urteetan zehar eta lan asko eginez garatutako trebetasunak. Baina botererik ez, horrelakorik ez dago.
-Askok ez dakitena da medikua zarela, baina inoiz ez zara aritu mediku bezala, ezta?
Zertarako? Orain, 30 urteren ostean, zertarako sendagile izan? Gainera pentsa, nik ikasten nuenean ultzera bat ez dakit nolako sendagai bat egosiz sendatzen zen, sendatzen bazen. Orain, pilula bat hartu eta 3 egunetan babajana egin dezakezu. Edo IHESa bera, lehen 6 orritan ikasten genituen gaixotasun arraroen artean zegoen, eta orain 3.000 orrialde ikasi behar dituzte ikasleek horren gainean ikusi dudanez. Ez naiz inoiz medikua izan. Hala ere, mediku eta magoek eskua emanda egin dute euren bidea. Urte askotan zehar astrologoa, medikuak, magoak eta abar saku berean sartuak izan baitira.
-Hilabete bi baino gutxiago falta dira Gabonetarako. Loteriaren kontuaren gainean entzun beharko dituzu, bada, hainbat eta hainbat esamesak.
Urteak joan urteak etorri gertatzen zaidan zerbait da. Noiz izan zen egin nuen trikimailu hura?
-2002an.
Ba horrela jarrai dezala, publizitate handia egiten baitit (barreak). 9 urte daramatzat Gabonetako loteriaren zenbakiak esateko jendearekin elkartzen. Ez zen, bada, kanpainia txarra izan. Probokazio ekintza izan zen. Badaude Gabonetako Loteria baino zozketa garrantzitsuagoak diruari dagokionak, baina honetan ia estatu osoak hartzen du parte, %97ak! Beraz, ez da zozketa bat, ekintza soziala baizik. Orduan, danok adi zeuden: “ea tontolapiko honek zenbakia asmatzen duen”. Barregarriena da jendeari entzute, “zurea trikimailua izan da”. Nola ez, ba? (barreak). Jendeak ahazten du ni magoa naizela. Dena den ez dut errepikatuko. Ez dut nahi harrokeria izatea, baina Gernika koadro bakarra dago eta ikusten dudanean sentitzen dudan izugarria da. Baina bi baleude? Egin nuena hor geratzen da, eta nahiago dut hori "urtero loteria asmatzen zuen zoroa" bezala geratzea baino. 2010eko Munduko Foball Txapelketan antzeko zerbait egiteko asmoa neukan, baina telebista-eskubideen afera zela-eta ezin izan nuen egin.
-Zer egin behar zenuen?
Munduko Txapelketan gertatuko zena pausoz-pauso azaldu. Hala ere, 2014koan egiteko asmoa daukat oraindik. Pentsa, gabonetako Loteriaren kontua TVEren tiraderan 6 urtez egon zen. Ezer egiten ez zutela ikusita, Antena 3ekin akordioa lortu eta aurrera eraman genuen ekintza. Horren ondorioz, sortu zen arreta guztiarekin milioi askoko doaineko publiztatea lortu genuen Antena 3, Securitas eta ni neuk. Loteriaren zenbaki irabazlea irten zen unean %48,7ko audientzia izan zuen Antena 3ek, momentu hartan behintzat historian izan duen altuena!