Fabian Castro, txakur-kroslaria: “Nire bizitza txakurrak dira”

Fabian Castro, txakur-kroslaria: “Nire bizitza txakurrak dira”
2018/03/16 eta kitto!
Mushing (txakurrek tiratutako trineo lasterketak) modalitateetako bat da txakur-krosa. Orokorrean 5-10 kilometrotako mendiko ibilbidean lasterkariak txakur bati lotuta egiten duen lasterketa da. Fabian Castro eta Lunak bikote aparta osatzen dute, eta apirilaren 7an Zizurkilen Euskadiko Liga lortzeko aukera handia dute. Hazten doan kirola dela esan digu eibartarrak eta datorren urteari begira Eibarren taldea osatzeko asmoa dauka.

 

-Txakurra eta lasterkaria lotuta joaten zarete txakur-krosean. Nork egiten du lan gehiago?

Txakur-krosean txakurrak egiten du tira eta antxitxiketalaria txakurra jarraitzen saiatu behar da. Ezin duzu txakurra bizkorrago joatera behartu, berak markatzen du erritmoa beti eta ezin da korrikalariaren atzetik joan.

-Nola antolatzen da hemengo txapelketa?

Espainia mailako liga bat dago eta, gero, ia probintzia bakoitzak bere txapelketa dauka. Hemen Euskadi, Bizkaia eta Gipuzkoako ligak ditugu. Euskadiko Ligan sei lasterketa daude, Gipuzkoan lau eta Bizkaian bi.

-Eta zer moduz zabiltza denboraldi honetan?

Lasterketa bakarra gelditzen da liga amaitzeko, Zizurkilgoa, eta lehen postuan nago sailkapenean. Dena normal badoa, sailkapen orokorreko eta senior mailako txapela lortuko dut. Aurten lehen aldiz liga osoa lehiatzeko helburua neukan eta ondo irten da apustua.

-Txakur-krosa zergatik egiten da neguan bakarrik?

Tenperatura kontuagatik, txakurrek gehiegi sufritzen dutelako 16º baino gehiagorekin. Adibidez, lasterketa egunean 16º eta 18º artean egiten badu, 4 km baino gutxiagoko zirkuituan lehiatzen gara; eta 22º baino gehiago badaude, lasterketa bertan behera geratzen da.

-Talderen batean zabiltza?

Bizkaiko talde batekin hasi nintzen txakur-krosean, orain Amarok deitzen dena, baina utzi egin nuen eta sortu berri den talde batean hasi naiz. Datorren urtera begira Eibarren taldea sortzeko asmoa daukagu, hemengo eta inguruko herrietako txakur-kroslariei lehiatzeko aukera emateko; bestela, Bilbo, Irun edo Hondarribiako taldeetan ibili behar dugu.

-Nola hasi zinen txakur-krosean?

Txirrindularitzan ibili nintzen jubeniletara arte eta lagatakoan gimnasiora joaten hasi nintzen. Txakurrak asko gustatzen zitzaizkidan eta bat erosi nuen. Nekaezina zen eta aktibitatea behar zuela ikusi nuen. Mendira joateko zaletasuna hartu nuen eta Elgoibarko lagun batek eman zidan txakur-krosaren berri.

-Nola entrenatzen zarete?

Entrenamendu espezifikoa egin behar badut, txakurra bizikletara lotu eta pedalei eragiten laguntzen diot (lasterketetan eraman nahi dudan erritmora joateko); bestela, lasterketetan bezala ibiltzen gara bera nire gerrira lotuta. Kontua da eurek guk baino gaitasun handiagoa dutela. Batzuetan mendira joaten naiz berarekin aske arineketan egiteko. Egunero egiten dugu zerbait eta txakurraren elikadura asko zaintzen dut. Nire bizitza txakurrak dira.

-Lasterketen arabera txakur batekin edo bestearekin lehiatzeak garrantzia dauka?

Bai, baina normalean txakur berarekin lehiatzen gara. Gozatzeko asmoarekin nabil kirol honetan, txakurraren eta norberaren arteko lotura bereziarengatik.