Felipe Guisasola, Teknimap: “Bizi garen ingurunea hobetu nahi dugu industrian hobekuntzak eginez”

Felipe Guisasola, Teknimap: “Bizi garen ingurunea hobetu nahi dugu industrian hobekuntzak eginez”
2018/07/13 eta kitto!
Tekniker Fundazioaren ekimenez sortu zen Teknimap Energia eta Ingurumena 1993. urtean. Industriari zuzenduta dagoen ingurumen-aholkularitza eskaintzen du enpresa eibartarrak eta ekitaldi berezia antolatu zuen joan den eguenean, hilaren 5ean, Armagintzaren Museoan 25. urteurrena ospatzeko. Felipe Guisasola zuzendaria eta Mireia Ugarteburu dira Teknimapen hasieratik dabiltzan langile bakarrak, eta 25 urte hauetako errepasoa egin digu zuzendariak.

 

- Zer moduz joan zen Teknimapen 25. urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldia?

Oso gustura geratu ginen. Teknimap Eibarren jaio zen, herrian jarraitzen dugu, eta ekitaldi eibartarra egiteko asmoa geneukan. Astroak lerrokatu ziren, izan ere, Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua eta Alex Arriola SPRIko zuzendaria eibartarrak dira, eta Teknimapek lotura estua dauka erakunde horiekin. Bai euren bai Miguel De los Toyos alkatearen aurretiko jarrera oso ona izan zen. Bestetik, Armagintzaren Museoan egiteko aukera edukitzea aparta izan zen.

- Zein behar asetzeko sortu zen Teknimap?

Teknimap sortu zenean Ingurumenaz berba egitea gauza berria zen eta garrantzia hartuko zuen enpresa-arloa zela ikusi genuen. Hazkundea hondakinak sortzearekin lotzen genuen sasoi hartan, hau da, ingurumenaren hondatzearekin, baina lotura hori bereizteko ekimenak hasi ziren. Enpresek ingurumenarekiko zuten jarrera hobetzeko laguntza eskaintzen hasi zen Teknimap. Orain dela 25 urte genuen jarduera nagusia suak itzaltzea zen. Enpresaren batek deitzen zigun ingurumen arazo bat zeukalako (isuna jarri behar ziotelako, adibidez), eta guk konpondu egiten genuen, eta kitto.

- Jarduera hori aldatu egin da denborak aurrera egin ahala?

Enpresen ingurumen-portaera hobetzea da Teknimapen izateko arrazoia eta bizi garen ingurunea hobetu nahi dugu industrian hobekuntzak eginez. Suak itzaltzeko lanetan hasi ginen, baina urteen poderioz jardun hori atseginagoa egin da enpresek euren aktibitatean ingurumena kontuan hartzen dutelako eta denboran zehar garatu den harremana dugulako. Enpresa horien aliatuak gara euren egunerokoan.

- Gora joan da ingurumena zaintzeko neurriak hartu dituzten enpresen kopurua?

Euskadiko enpresek argi daukate euren izateko arrazoia piezak ekoiztea dela. Hala ere, ingurumena zaintzeko neurriak hartu dituzte eta horrek kosteak handitzen ditu, baina neurri horiek euren ekoizpen-prozesuan hobekuntzak ekartzen dituztela konturatu dira. Hondakinak sortzeak euren ekoizpen-prozesuaren eraginkortasun eza islatzen du eta hondakin horiek murriztuz arlo ekonomikoan aurrezten dutela ikusi dute. Ingurumenaren hobekuntza emaitza ekonomikoen hobekuntzari lotuta dagoela antzeman dute.

- Nolako bilakaera izan du zuen lan-taldeak urte hauetan?

Lau langilek osatzen genuen taldea hasieran eta 12 lagun gaude gaur egun. Langile gehiago ere egon gara, baina krisiaren sasoian oso momentu gogorrak bizi izan genituen. Pertsonek osatzen dugun erakundea garela argi daukagu eta pertsonak lehenesten ditugu. Gogoetarako momentuak ere izan ditugu, zintzoak izan gara eta 25 urte bete ahal izan ditugu horrela.

- Joera eta behar berriei egokitu behar izan zarete bide honetan?

Aldaketa normatiboek zein bide jarraitzen duten ikusten dugu eta gure zerbitzuak horren arabera garatzen ditugu. Bestetik, gure bezeroek eskatzen digutena ere kontuan hartzen dugu zerbitzuak egokitzeko orduan.

- Zeintzuk dira gaur egun Teknimapek dituen erronka nagusienak?

Bokazio industriala daukagu eta, horren barruan, enpresei zerbitzu-aukera osoa eskaintzea lortu dugu ikuskaritza-arloan. Bestetik, ekodiseinuaren inguruko ekintzetan gabiltza lanean buru-belarri. Ekodiseinuaren bitartez gizartea eta enpresak ekonomia zirkularraren kontzeptuaren garapenera hurbilduko dira.