Gaizka Aseginolaza: “Oztopoak daudenean aurrera egitea atsegin dut eta bizitza sentitzea gustatzen zait”

Gaizka Aseginolaza: “Oztopoak daudenean aurrera egitea atsegin dut eta bizitza sentitzea gustatzen zait”
2021/01/22 eta kitto!
Arrateko bidean jaioa, umetan Gaizka Aseginolaza Bilbora joan zen bizitzera familiak Bizkaiko hiriburuko ikur den Café Iruña hartu zuenean. Hala ere, ez du bere jatorria ahazten eta harro eusten dio eibartartasunari. Atsegina eta umila, joan den barixakuan solasaldi ederra izan genuen berarekin. Domekan, ordea, berri mingarria jaso genuen. Bere ama, Alicia Garmendia, hil egin zen. Elkarrizketa bere omenez idatzi dugu. Goian bego.

1611168857102

Nola gogoratzen dituzu Eibarren bizitako urteak?

Askatasun osoz bizi nintzela gogoratzen dut. Arrateko bidean genuen etxea eta inguruko mendiak ziren nire jolastokia. Amak esaten zidanez, 3-4 urterekin bakarrik irteten nintzen jolastera. Esploratzea gustatzen zitzaidan gehien. “Ama, han sartu naiteke? Hara igo naiteke?”, galdetzen nion. Beti izan dut esploratzeko interes hori eta horretarako ezin nintzen toki hobeagoan bizi.

Urte horietan bizitakoa beti eraman duzu barrenean?

Asko markatu nau Eibarren jaio izanak eta, batez ere, Arrateko bidean jaiotzeak, Legarreko lagunekin jolasteak, eta Itzio eta Iturburu ikastoletara joateak. Gero, bizitzak beste bide batetik eraman nau. Bilbora etorri nintzen, Jesuitekin ikasi nuen eta Opus Dein internatuta egon nintzen. Guzti horrek munduaren ikuspegi aberasgarria eman dit, denetik ikusi dudalako. Inoiz ez dut ahaztu nondik natorren. Guk zortea izan genuen aitari gauzak ondo joan zitzaizkiolako, baina ondo dakit non jaio eta non hazi nintzen, eta oso harro nago gainera.

12 urte zenituen Bilbora joan zinenean. Aldaketa handia igarri zenuen?

Munduan zehar esploratzen ibili garenok dugun dohain handiena egoera ezberdinetara egokitzen jakitea da. Horrelako aldaketak aukera moduan ikusten ditut, aberasgarriak direlako. Bilbora etortzea ez zen traumatikoa izan. Gran Vía kalera etorri ginen eta berehala aurkitu nuen gertuen zegoen gune berdea, Casilda Iturrizar parkea, jolastera joateko. Gauzen alde positiboa ikusten eta moldatzen saiatzen naiz beti, Bilbon edo zirkulu polarrean.

gaizka aseginolaza1

Noiz egin zenuen lehen espedizio handia?

Ez dut batere sinesten psikologoetan, ez zaizkit batere gustatzen. Mutil koskorra nintzenean aita hil zen eta bizikleta aurkitu nuen aurrera egiteko erraminta bezala. Orduan, Portugalen zehar bizikletan ibiltzera joan nintzen. Jaka bakero bat eraman nuen beroki bezala! (barreak) Asko ikasi nuen. Lisboatik San Vicente lurmuturrera joan nintzen eta handik Sevillara. Txundituta itzuli nintzen. Bizikleta da bidaiatzeko modurik aberasgarriena, abiadura perfektuan zoazelako. Erraz egiten duzu aurrera eta toki ezberdinak ezagutzen dituzu, baina bidean ez duzu ezer galtzen. Oinez eginez gero, denbora gehiegi behar duzu; eta motorrean edo autoan gauza asko galtzen dituzu, azkarregi zoazelako.

Nolako abenturak etorri ziren gero?

Marokon egiten den ‘Transatlas’ lasterketara joateko aukera eman zidaten eta lagunak egin nituen. “Zergatik ez gara Hego Amerikara joaten”, pentsatu genuen. 22 urte inguru nituen eta Perura joan nintzen bi hilabete eta erdiz. Bidaia ikusgarria izan zen eta Huarazen, Andeen magalean, Elgoibarko Aritza Monasterio ezagutu nuen. ‘Euskal Herria’ izeneko jatetxea eta ostatua dauka han eta fama handiko eskalatzailea da. Bere etxean egon ginen eta hainbat mendi igotzeko aukera izan genuen. Asko heldu nintzen bidaia horretan.

Nondik jarraitu zenuten ondoren?

Hego Amerika asko gustatzen zitzaigula ikusi genuen, hizkuntza bera erabiltzen genuenez jendearekin harremana egitea errazagoa zelako. Bizikletatik jaistean norbaiten etxean ostatu hartzen genuen eta euren bizitzari buruz gauza asko ikasi genituen. Ondoren, Patagoniara joan ginen, beste urte batean Boliviara, eta konturatu nintzen forman jarri nintzela. 2000. urtean, nahiz eta gauzak komertzialak ez zaizkidan asko gustatzen, ‘Camel Trophy’ lasterketa existitzen zela ikusi nuen, munduko abentura-lasterketarik ospetsuena. Izena eman nuen eta parte hartzeko hautatu ninduten. Lehia Polinesian egin zen eta hilabete inguru pasa nuen Tonga eta Samoa artean. Luxua izan zen! Gero, Hego Amerikara itzuli nintzen berriro, hainbat bidaia egin nituen han inguruan, eta Miguel de la Cuadra Salcedo ezagutu ondoren, ‘Ruta Quetzal’ proiektuan parte hartu nuen Dominikar Errepublikan.

gaizka aseginolaza6

Toki hotzagoetan ere egon zara. Nolako abenturak bizi izan dituzu elurretan?

Elurrak beti erakarri nau, botere berezia dauka. Juan Carlos Najera gasteiztarrak Alaskan egiten den ‘Iditarod’ lasterketan (txakurrek tiraturiko leren karreran) parte hartu zuen eta hura buruan grabatuta geratu zitzaidan. Berarekin bat egiten nuen bakoitzean hortaz jarduten genuen, baina nik ez nekien horrelako gauza bat egiteko gai izango ote nintzen. Orduan, Finlandiara joateko proposamena jaso nuen Itsaso Baltikoa trineoarekin eta eskiekin zeharkatzeko. Proba bezala hartu nuen hotzarekin nola moldatzen nintzen ikusteko. Ba ez zitzaidan irribarrea ahotik kendu! Zenbat gozatu nuen!

Beraz, Alaskako ‘Iditarod’ lasterketara joateko prest zeuden?

Hainbat urtetan trabesiako eskiekin ibili nintzen eta elurretan ondo moldatzen nintzela ikusi nuen. Alaskako lasterketa nuen buruan momentu oro eta orain dela hiru urte aurrerapausoa eman nahi izan nuen, baina Alpeetara joan aurretik Kalamuara joan behar zarela pentsatzen dudanez, Alaskara joan aurretik Finlandiara joan nintzen bizikletan ultramaratoi bat egitera. Lagunek diote ez naizela soila, aszeta baizik. Dagoenarekin moldatzen naiz, ez naiz batere apetatsua. Orduan, bizikleta marka batekoek 500 euro inguruko bizikleta laga zidaten lasterketarako eta, gero, eskulekuan lotarako zakua eraman behar nuen derrigorrez. Zakua Alex Txikonek laga zidan eta zakua bizikletan lotzeko 140 euro inguru balio zituen pieza bat erosi behar nuen. “Zer arraio!”, esan nuen, eta balkoietan lorontziak eusteko pieza erosi nuen eskulekuan jartzeko. Lasterketako antolatzaileak ezin zuen sinetsi bizikleta horrekin ikusi ninduenean. “Lasai, amaituko dut eta”, esan nion. 50 irten ginen eta 16 lagunek amaitu genuen. 4. postuan heldu nintzen gainera. Otsailean Finlandian 27 ordu baino gehiago egon nintzen bizikletatik jaitsi barik. “Euskaldunak gogorrak eta burugogorrak zinetela entzuna nuen, baina bizikleta horrekin ez nuen imajinatzen lasterketa amaituko zenuenik”, esan zidan antolatzaileak helmugan.

Eta, azkenean, Alaskara joan ahal izan zinen?

Hurrengo urtean ‘Iditarod’-en izena eman nuen eta, udan asko entrenatu ondoren, azaroan deitu zidaten enpresa antolatzaileak behea jo zuela esanez. Ilusio handia nuen eta hegazkinaren txartela eskuan. Beraz, neure kabuz joan nintzen. Internet bitartez nire egoera berean zegoen Willy Mulonia italiarra ezagutu nuen eta berarekin joan nintzen Alaskara. Inoiz egin dudan abentura handiena izan zen. 1.000 kilometro egin genituen eta oso aberasgarria izan zen, ez genuelako lasterketa baten barruan egin, abentura bezala baizik. Geure kabuz egitea zailagoa eta arriskutsuagoa izan zen, baina demaseko askatasuna eman zigun. Tranperoak ezagutu genituen (mendiko gizonak), baita musher bat ere (txakurrek tiratzen duten leren gidaria), euren etxoletan egin genuen lo… Gozamen handia, amets bat.

gaizka aseginolaza9

Pandemia sasoian nola moldatzen zara horrelako abenturak egiteko?

Iaz Alaskara itzuli ezin izan nintzenez, Finlandiako Inari lakua zeharkatzera joan nintzen otsailean hainbat lagunekin. Orduan jakin genuen koronabirusaren ondorioz herrialdeetako mugak ixten hasi zirela eta demaseko abentura izan genuen Euskal Herrira itzultzeko. Ahalik eta azkarren airportura joan ginen, astebetean dutxatu barik eta demaseko piurarekin, eta hainbat geldialdi egin behar izan genituen Bartzelonara iritsi aurretik. Gainera, maleta galdu zidaten eta furgoneta bat alokatu behar izan nuen etxera joateko. Esploratzaile itxura guztiarekin heldu nintzen Plentziara! (barreak). Oztopoak daudenean aurrera egitea atsegin dut eta bizitza sentitzea gustatzen zait.

Ostalaritzaren munduan ere hainbat abentura bizi izan dituzu. Nola hasi zinen?

Nire ibilbide profesionala eta kirol ibilbidea oso lotuta daude. Kirolak nire mugak ezagutzeko, ausarta izateko eta gauza berriak egiten saiatzeko balio izan dit. Aita goiz hil zen eta hiru ostalaritza gune zituen Bilbo erdian: Café Iruña, Café La Granja eta Café Boulevard. Horren kargu egin nintzen eta gogorra izan zen, baina hiru urte hartu nituen ikasketak egiteko. Karrera amaitzean lanean hasi nintzen eta, kanpoan ikasi nuenez, gauza ezberdinak ikasi nituen, gero hona ekartzeko. Sasoi hartan Bilbo zerbitzu-hiri bihurtzen hasi zen eta aitzindariak izan ginen hainbat arlotan. Beti izan gara ausartak eta denetik egin dugu.

gaizka aseginolaza2

Zure aita Bilbok ostalaritzaren erreferenteetako bat izan arren, behetik ikasi zenuen ogibidea. Ezagutza hori berebizikoa izan da enpresa kudeatzeko orduan?

Behetik hasi izanak nirekin lan egiten dutenen arazoak hobeto ezagutzeko aukera eman dit eta, sektorea ondo ezagutzeko aukera izan dudanez, baita erronkak ondo neurtzeko ere. Gainera, ogibide honek eskatzen duen sakrifizioa ondo ezagutu dut, ez delako gauza bera ordenagailu atzetik lokal bat kudeatzea edo platerrak eta edalontziak garbitzea.

Enpresa familiarra izateak bezeroengandik hurbilago egoten laguntzen dizue?

Guretzat zaila da multinazionalekin lehiatzea, askoz ere indar ekonomiko handiagoa dutelako. Baina Euskal Herrian ezberdinak gara. Bertoko identitatea indartsua da eta horrek egiten gaitu handi. Eibar da erakusle garbiena. Hain toki txikian horrelako industria garrantzitsua garatu izana ez da normala, ikertzeko modukoa da. Gauzak modu ezberdinean egiten direlako da horrela, bertoko identitateak balio erantsia ematen duelako.

Grupo Iruña Bizkaian aritzen da. Muga zeharkatu eta Eibarrera etorriko zarete noizbait?

Aukerak aztertu beharko ditugu. Sasoi zail honetatik irteteko modurik onena tokian tokiko enpresekin aliantzak egitea da.

cafe iruña