Garbiñe Muguruza: “Gogoan ditut aitak irakatsitako euskerazko abestiak”

Garbiñe Muguruza: “Gogoan ditut aitak irakatsitako euskerazko abestiak”
2016/01/15 eta kitto!
Garbiñe Muguruza bigarren postutik gertu dago tenisten munduko sailkapenean. Gabon aurretik gure artean izan zen, urtero izaten dituen hamar eguneko oporrak bere familiakoekin egoteko. Jose Antonio bere aita 26 urterekin joan zen Eibartik Venezuelara eta han jaio zen gaur egun guztien ahotan dagoen tenislaria. Aipatutako opor motzak ahaztuta, orain egun  batzuk izandako lesio batetik errekuperatzeko bidean dago.   Berarekin izateko aprobetxatu dugu.

– Zer moduz gure artean pasatu dituzun egunak? Zenbatero etortzen zara?
Euskal Herrira joateko aukera izan nuen abenduaren 4tik 6ra arte eta, nire nebarekin elkartu nintzenez, aitaren anaiak bisitatzeko aprobetxatu genuen Eibarren eta Donostian. Egia esan, ezin naiz hor egon nahi nukeen guztietan, tenista profesionalak atseden gutxi izaten duelako. Bidaiatzen ez nagoenean entrenatzen dihardut eta urtean hamar egun baino gehiago ez dut izaten oporretarako; horiek aprobetxatzen ditut Euskal Herrira joateko. Eibarren baso erdi batzuk hartzeko aukera izan genuen zapatu arratsaldean, osaba-izeba eta lehengusulehengusiñekin, eta ondo egon zen txikiak gineneko istorioak gogoratzeko.
– Lehiatzen hasi zara berriro? Zein erronka dituzu epe motzera? Olinpiadak bai ikuspuntuan?
Dagoeneko Australian gaude, datorren astean Melbournen jokatzen den Australiako Openari ekiteko asmoz. Torneo garrantzitsuenetakoa da, Grand Slam-etako bat. Askotan galdetzen didate nire erronken inguruan, baina nik nahikoa dut egunero gogor lan egitearekin, hobetzeko eta bilakaera izateko. Lesioek errespetatzen banaute, torneoetan maila gorena emateko itxaropena dut. Bestalde, urte olinpikoa da eta ilusioa dut Rion izateko. Tenistaren bizitza oso bakartia da eta lehiaketak asko eskatzen dizu: gurea ez da liga bat, hemen galtzen baduzu kanpora zoaz... Horregatik, Olinpiadetako esperientzia bizitzea, espiritu olinpikoa ezagutzea, herrialde bat ordezkatzea... berezia izan behar da. Han egotea espero dut!
– Zelakoa zara kantxan? Zeintzuk dira zure indarguneak? Zertan hobetu behar duzu oraindik?
Uf!!! Oso erasokorra naiz, nire gorpuzkerak ere horretara bultzatuta. Garaia eta indartsua izateak laguntzen badit ere, aldi berean baldintzatzen dit; horregatik, nahiago dut puntuari abiadura ematea aurkariaren akatsaren zain egotea baino. Beti dago zer hobetzerik!!! Buruan dago askotan kirolaren gakoa, eta gurean gehiago. Presio egoerekin jokatzen jakitea garrantzitsua da eta horretan partidu eta eszenategi handiek lagunduko didate lasaitasun gehiago izaten horrelakoetan.
– Zein ezaugarri izan behar ditu tenista on batek? Banaka jokatzeak bere zailtasunak izango ditu, ezta?
Lan egiteko ahalmena, talentua eta konfiantza dira beharrezkoak. Norberaren buruan sinestea beharrezkoa da. Eta nik badakit umiltasunez lanean jardunez gero gauzak ateratzen direla.
– Binaka jokatzen banaka bezain beste gozatzen duzu. Modalitate bietan diharduzu, eta maila onean gainera.
Binaka dibertigarriagoa da, tentsio gutxiago dagoelako eta zure lagunaren osagarria zarelako. Zuk une txarra baduzu, bikotekideak lagundu zaitzake... Gainera, beste gauza batzuk probatzeko balio dezake; esaterako, sarera igotzeko.
– Zure bidea egiterakoan, norbaitengan fijatu zara? Idolorik izan duzu,tenisean edo beste kirol batean?
Kirolari askotan fijatzen naiz. Serena Williams-ek Grand Slam askotxo irabazi ditu dagoeneko eta, hasi nintzenetik, erreferentea izan da niretzat. Baina kirolari askoren detaileei erreparatzen diet eta horrek asko laguntzen du.
– Emakumezkoen kirolari dagokionez, tenisa izan daiteke hobetoen tratatzen zaituenetako bat?
Zalantzarik gabe, emakumezkoen tenis profesionala gehien garatu denetakoa da. Mundu mailan bikain antolatuta dagoen zirkuitu profesionala daukagu, mundu guztiko jendea erakartzen duena. WTA Tour-ak asko egin du kirol honengatik eta, bai, beste kiroletarako eredua izan daitekeela uste dut.
– Zure euskerazko izenetik aparte, zelako harremana duzu euskerarekin?
Aita euskalduna denez, euskera txikitatik bizi izan dugu, han Venezuelan. Ezagutzen ditut hitz bakan batzuk, baina batez ere euskerazko abestiak dira geratu zaizkidanak, etxean txikitan gitarraz lagunduta abesten genituenak.