Gaztetxef lehiaketako irabazleak: «Guztira hiru plater egin behar izan genituen»

Gaztetxef lehiaketako irabazleak: «Guztira hiru plater egin behar izan genituen»
2017/03/10 eta kitto!
Aurreko asteburuan amaitu zen aurtengo Gaztetxef lehiaketa Indianokua gaztelekuan. Hiru talde lehiatu ziren final handian eta postreak burutu zituzten: sagar-tarta, tortitak nata eta marrubiekin eta limoizko    bizkotxoa. Epaileek lan zaila izan zuten, baina talde lana, zaporea, itxura eta hainbat gauza kontuan izan ondoren, “Laleguna” taldea eta bere sagar-tarta gailendu zen. 12-13 urte bitarteko neskak dira talde        irabazlea osatzen dutenak:  Leire de Leon, Laura Gonzalez, Guadalupe Caceres eta Naia Segovia.

– Non ikasten duzue? Aspaldiko lagunak zarete?
Itzion egiten ditugu ikasketak, DBHko 1. mailan, baina aspaldiko lagunak gara, San Andres ikastetxean ere elkarrekin ibiltzen ginen.
– Gaztelekura sarritan joaten zarete?
Bai, sarritan etortzen gara, barixaku eta zapatuetan, arratsaldea pasatzera eta lagunartean ondo pasatzera. Giro polita egoten da, eta besteekin hitz egiteko eta jolasteko aukera daukagu hemen. Harremanak sakontzeko primeran dago.
– Gaztetxef lehiaketa esperientzia berria izan da zuentzat?
Bakailao-lehiaketan ere parte hartu izan dugu San Andres jaietan, baina Gaztelekuko Gaztetxef lehiaketa berria izan da guretzat. Inoiz egin ez ditugun gauzak egin behar izan ditugu.
- Nolakoa izan zen finala?
7 talde geunden hasieran, baina azken fasera 3 talde iritsi ginen. Finalean sagar-tarta egin genuen, internetetik ateratako errezeta bat oinarri moduan hartuta. Nahiko txikia atera zitzaigunez, masa gehiago egin behar izan genuen bestearekin elkartzeko, eta azkenean oso ondo irten zitzaigun. Beste talde batekoek mermelada laga ziguten, gure errezetan ez zuen jartzen mermerlada beharrezkoa zenik!! Beraz, inprobisatzen ibili ginen, baina benetan gozoa zegoen. Epaimahaian begiraleak zeuden.
– Finalera heldu baino lehen beste 2 froga egin behar izan zenituzten...
Lehenengo faseko platera osasuntsua izan behar zen eta arraultza beteak egin genituen, entsalada apurtxo batekin. Denbora jakin bat genuen horretarako: ordu t´erdi izan genuen begiraleek emandako 10 euroekin supermerkatura joateko, platera prestatzeko eta dena jasotzeko eta garbitzeko. Bigarren frogan berenjena beteak egin genituen. Hori ez genuen guk aukeratu: 3 karta eman zizkiguten eta guri berenjenak prestatzea egokitu zitzaigun. Finalerako sagar-tarta egitea gu geuk erabaki genuen. Osagaien zerrenda begiraleei pasatu genien eta eurek egin zituzten erosketak. Esperientzia zoragarria izan da, errepikatzeko modukoa!