GEMMA SANGINES: “Hizkuntza koofizialak ditugu, baina maila ezberdinean daude errealitatean”

GEMMA SANGINES: “Hizkuntza koofizialak ditugu, baina maila ezberdinean daude errealitatean”
2012/05/07 eta kitto!

-‘Hizkuntza sustatzeko tailerra, gure esperientzia’ hitzaldia eskainiko duzu Euskara Mintegian. Zertan datza?
Tallers per la lenguaren tailer bat aurkeztuko dugu. Tallers per la Llengua Herrialde Katalanetan sortutako elkarte bat da, eta bertan hainbat tailer egiten ditugu. Taller d´espai lingüistic personal (TELP) delakoa sortu genuen, pertsona hiztun gutxituentzako zuzendua dagoena, hizkuntza mantentzeko kontzientzia eta gogoa dutenentzat bereziki. Hizkuntza sustatzeko tailer honetan kontzientziarik ez duten hiztunei heltzen saiatzen gara. Orduan, kontzientziari buruz egiten dugu lan, eta kontzientzia izatera heltzeko ariketa eta hausnarketak egiten ditugu.
-Psikologia erabiltzen duzu hizkuntzaren arloan lan egiteko. Zertan lagundu dezake psikologiak euskararen transmisioan?
Terapia eta kirol-psikologiako hainbat baliabide eta teknika ekartzen dizkiegu hiztunei. Gertatzen dena da hiztun gutxituak izateagatik txarto sentitzen garela, eta hobeto sentitzeko baliabide horiek erabiltzen saiatzen gara. Gure helburuak hiztun asertiboak sortzea edota hiztunak hobeto sentitzea izango lirateke. Ez dut esan nahi terapia izango zenik, baina asmoa norberaren egoera psikologikoa hobetzea ere da. Orain arte, hizkuntza-gatazkak ikuspuntu soziologikotik aztertu dira eta nik ezin dut arlo hortatik ikertu, nire formakuntza ezberdina delako, baina ikusi dut alde psikologikotik zerbait egin daitekeela.
-Aipatu duzun bezala, ikastaroak, tailerrak… egiten dituzue. Baina horiek hiztun gutxietuei edo bestelakoei zuzenduta daude?
Hiztun gutxituei bakarrik.
-Zergatik?
Hiztun gutxituak modu ezberdinean sentitzen garelako. Adibidez, igeri egiten dakien eta ez dakien jendea badago, nori egingo zenioke igeri egiten ikasteko ikastaroa? Ez dakitenei. Erdaldunak hiztun normalak dira, ez dira txarto sentitzen haien hizkuntza erabiltzen. Berdin da zein hizkuntza izan (euskara, katalana, kurdoa…), axola dena da hizkuntza bat erabiltzegatik txarto sentitzea. Gazteleraz, frantsesez edo ingelesez egiten duena ez da gaizki sentitzen, edo bere burura ez dator berak bere hizkuntza egiten badu, aurrean duena txarto sentituko den sentsazioa; hiztun gutxituei, aldiz, bai gertatzen zaigu.
-Eta zergatik sentitzen dira horrela hiztun gutxituak?
Hainbat arrazoi daude: historikoak, politikoak… Azken finean mendekotasun hori barreneratu dugu.
-Orduan, tailer eta ikastaro hauen bitartez hori konpontzen saiatzen zarete?
Bai, ahal dugun heinean, dena ezin delako. Gure hizkuntzara normaltasuna iritsiko balitz, orduan hiztun normalak bezala jokatzea lortuko genuke pixkanaka. Adibide bat aipatzearren, Andorrako hizkuntza ofizial bakarra katalana da, eta hala eta guztiz, hiztunek TELPak egiten dituzte hobeto sentitzeko. Gobernuak TELP tailerrak eskatzen dizkigu, oraindik egoera ez dagoelako normalizatuta, nahiz eta atzean hizkuntza sustatzen duen estatu bat egon. Jendea ez da ondo sentitzen. Oraindik gaztelaniadunak doaz eta “háblame en mi lengua” esaten die. Hori ez da arazo osoa eta ezta gehiena, arazo gehiena gure barrenean dagoelako, ezer esan edo elkarrizketa bat hasi baino lehen gure jokaera mugatzen dutena aurreiritziak ditugulako. Horrela, Andorrako hiztun katalanak ez dira eroso eta normal sentitzen euren hizkuntza arazo eta mugarik gabe erabiltzeko. “Bon dia” esateko, “bonjour” edo “buenos días” esango duten zalantza dutelako.
-Ferran Suay psikologoarekin batera Sortir d l´armari lingüistic liburua idatzi zenuen. Zein zentzutan irten behar da hiztuna armairu horretatik?
Metafora asko erabiltzen ditugu, eta beste bat urpekariarena izango litzateke. Guk diogu hiztun gutxituak urpekariak garela, azal azpitik goazela eta gertatzen dena da, zu hiztun asertiboa bazara, azalera irtetzea lortzen duzula, konturatzen zarelako badagoela beste euskaldunen bat azalean eta berarekin hitz egin dezakezula. Euskararen egoera anormala da, hau da, ez duzu eremu guztietan entzuten. Diglosia existitzen da, jendeak aldi bitan pentsatzen duelako ea zein hizkuntzatan aritu. Horregatik, jendeak egoera guztietan normaltasun osoarekin euskaraz aritzea lortzen duenean esaten da armairutik irtetzen dela, hiztun normal bezala bere izaera sortu eta kalera atera duela arazo barik. Arazoak badaude, baliabideak sortuko ditugu egoera konpontzeko, baina hasiera batean modu normalean atera behar da armairutik, homosexualek jokatzen duten moduan, ezer ezkutatu barik.
-Urpekariaren metafora erabili duzu. Badago arriskurik urpean denbora gehiegi eman, oxigeno barik gelditu eta itotzeko?
Ez dut hortan pentsatu, baina arrazoia duzu.
-Herrialde Katalanetan bizi den euskalduna izanik, zein iritzi duzu Eusko Jaurlaritzak hizkuntza-politiken gainean?
Ez daukat informazio gehiegi, baina dakidanez dirulaguntza asko murriztu dituzte euskararen arloan. Krisiaren aitzakia sartzen da hor, baina beste gauza askotarako ez dute murrizketarik egiten. Valentziarekin konparatuz gero, Nafarroa Eusko Autonomi Elkartearekin alderatzea bezala da, hau da, gu baino askoz hobeto zaudete. Uste dut euskara ez dela meritu bat, baldintza bat izan beharko litzatekeela. Alde horretatik Gobernuak oso txarto egiten du. Noski, eurek koofizialitatean ez badute sinesten, ez dago ezer egiterik. Lehen galdetu didazu zergaitik garen hiztun gutxituak, bada koofizialitate hori ez delako benetan existitzen. Gaztelania bai da baldintza bat, baina euskara ez. Hizkuntza koofizialak ditugu, baina maila ezberdinetan daude kokatuta errealitatean.