Gorka Guenaga (UNI Eibar-Ermua): “Ikastetxeko baliabideak edozein lekutatik erabil ditzakegu orain"

Gorka Guenaga (UNI Eibar-Ermua): “Ikastetxeko baliabideak edozein lekutatik erabil ditzakegu orain"
2022/02/14 eta kitto!
Uni Eibar-Ermua zentroak Tknikaren “FPCloud" proiektu teknologikoa landu du Euskal Herriko beste bi ikastetxerekin batera. Gorka Guenaga eibartarra informatika irakaslea da Uni Eibar-Ermua ikastetxean eta bi urtetan jardun du proiektu berrritzaile hori bere ikastetxean gauzatzen. Emaitzak arrakastatsuak izan dira eta orain dela gutxi proiektuaren nondik norakoak azaldu dizkie Gipuzkoako Lanbide Heziketako beste zentroei, Ikaslan Gipuzkoaren eskutik.

“cloud.uni.eus” izena jarri diozue UNIn garatu duzuen proiektuari. Zertan datza?
Gure ikastetxearen baliabideak edozein lekutatik erabiltzea ahalbideratuko duen azpiegitura da: softwarea (aplikazioak, simulagailuak, etab.), mahaigain birtualak, azeleragailu grafikoak, 3 D inprimagailuak, IoT, robotak… Gurekin batera beste bi ikastetxek ere jardun dute FPCloud proiektuan lanean: Birt (Urruneko Lanbide Heziketa Euskal Herrian) eta  CIFP Zornotza LHII. Proiektua orain dela bi urte hasi zen, Hezkuntza Sailaren Lanbide Heziketako Sailburuordetzak gidatua, Euskal  Herriko edozein ikastetxeko baliabideak edozein ikastetxetik erabiltzeko helburuarekin. Lehen esan dudan bezala, ikastetxe batzuk elkartu ginen bakoitzak bere zentroan Cloud edo laino bat egiteko, eta aurten Bergarako Miguel Altuna ikastetxea sartu da.

Nola funtzionatzen du?
Modu erraz batean azaltzeko, guk hemen, UNI-n, makina edo ordenadore indartsu bat erosi dugu, 1.500 Megabyteko memoria kapazitatearekin. Erabiltzen dugun IsardVDI sistemari esker, ordenadoreak “sortzen”  edo editatzen ditugu ordenadore nagusi horren barruan, kasu bakoitzean beharrezkoa den softwarearekin, memoriarekin edo abiadurarekin. Sareak ere birtualak bihurtzen ditu. Beraz, nahi beste ordenagailu sor ditzakegu eta ikasle eta irakasleei "bidali", behar dituzten programekin eta ezaugarriekin. Pentsatu, informatikako ikasle bakoitzari bost ordenagailu ematen dizkiogu! Ikasleak eta irakasleak euren pasahitzarekin sartzen dira cloud.uni.eus-en, edo zuzenean guk bidalitako esteka baten bidez, eta hor aurkituko dute lanerako behar duten guztia, edozein lekutan daudela ere. Azken batean, mahaigain birtualak dira. Esate baterako, gaur ikasleekin ariketa berezi bat landu dut eta, software konkretu eta berezi bat behar zenez, zein ordenagailurekin egin behar zuten esan diet.  Ariketa hori amaitzerakoan, ordenagailu hori laga  eta beraienarekin edo  beste batekin jarraitu dute lanean.

Zer nolako abantailak eskaintzen ditu sistema horrek?
Abantaila asko ditu. Baliabiderik ez duten pertsonei edo ikastetxei bere prestakuntzarako beharrezkoak diren teknologia eta gailuetara sartzeko aukera ematen die. Gainera, ikasleek zein irakasleek ikastetxeko edozein lekutatik erabiltzeko aukera daukate; beraz, gelen deslokalizazioa ematen da.

Lanerako edo ikasteko behar den guztia Cloudean edo lainoan baldin badago, berdin du zein ordenagailu mota daukagun? Ordenagailu zahar batekin berdin-berdin egin daiteke lan?
Ez du axola zer gailu duzun, ordenagailua, tableta edo mugikorra. Interneteko konexioa baino ez da behar. Ikastetxean dauden ordenagailuen bizi-iraupena asko luzatzen da, behar dugun guztia Cloudean daukagulako.  Pantaila eta teklatua besterik ez da behar. Ikastetxeko azpiegitura informatikoaren kontsumoa optimizatu egiten da eta gelako ekipamendu informatikoaren mantenua izugarri sinplifikatu. Azpimarratu beharreko beste alderdi bat da ikasketak egiteko ekipamendu informatiko egokia erosi ezin duten ikasleei emango zaien aukera.

Gorka Guenaga3 Proiektuan parte hartu duen Ikastetxe bakoitzak oraingoz bere Cloud propioa dauka. Hiru super-ordenagailu horiek bilduta sortzen da Clouda.

IsardVDI sistema aipatu duzu. Zer  eskaintzen du horrek?
IsardVDI delakoa mahaigain  edo eskritorio birtualak azkar eta erraz ezartzera bideratuta dago. Mahaigain birtualak sortu daitezke nahi den sistema eragilearekin eta nahi diren aplikazioekin. %100ean software librea erabiltzen dute eta zerbitzarien mota guztietako azpiegituretara egokitzen dira.  Talde katalana da, eta oso sartuta daude software librearekin lotutako gaietan.

Beste eremu batzuetan ere erabili daitezke horrelako zerbitzuak?
Jakina! Gure enfokea ikastetxe mailara begira dago, baina ziur nago herri mailan ere gauza asko egin daitezkeela. Ikastetxe guztiak, jubilatu etxeak, ...eta kitto! bezalako elkarteak... Denak horrelako sistema btaean batzeak onura asko ekarriko lituzke. Lainoaz hitz egiten dugunean, argi esan behar da lainoa ez dela existitzen. Azkenean norbaiten ordenagailua da, Googlerena zein gurea. Kasu honetan gurea da. Lanbide Heziketako zentro eta enpresa gehienetan lainoen zerbitzuak gero eta gehiago erabiltzen dira. Ikusten ari gara ez bakarrik informatikako zikloetan edo zerbitzu-enpresetan, baizik eta beste eremu batzuetan ere, hala nola industrialetan, elektronikan, osasunean, guztietan aurki ditzakegula Cloud zerbitzuen erabileraren adibideak.

Gorka Guenaga2 Gorka Guenaga UNI-ko irakasleak “FPCloud” proiektua azaldu die Gipuzkoako Lanbide Heziketako beste ikastetxe batzuei.