Gorka Telleria "Gorku": "Orain urte batzuk tabernetan entzuten zen musika gustatzen zaigu"

Gorka Telleria "Gorku": "Orain urte batzuk tabernetan entzuten zen musika gustatzen zaigu"
2012/11/15 eta kitto!

- Zer moduz zapatuan?
Oso ondo. Jende mordoa etorri zen eta gau osoa bertan eman zuten, dantzan eta primeran pasatzen. Egia esateko, aurretik Lurpen behin eta Koskorren beste behin antolatu ditugu horrelako jaiak eta denetan jende asko batu da, Koskorreko beheko aldea bete-beteta egon zen zapatuan ere.

- Eta nola animatu zineten horrelako jaiak antolatzen eta Funk Off! sortzen?
Ba nik musika ipintzen jarduten nuen eta nire moduan ibiltzen ziren inguruko lagun batzuk elkartu eta, horrela, beste barik jaio zen Funk Off! taldea. Lantzean behin batu egiten gara eta gauzak nola antolatu pentsatzen dugu, ideiak sortzen joaten dira… Batu ginenetako batean horrelako jaia antolatzeko aukera ikusi genuen eta horrela hasi ginen.

- Beraz, zuen aisialdian egiten dituzue horrelakoak…
Bai, gainera taldean, musika ipintzen dugunez gain, beste gauza batzuk egiten dituzten beste hainbat lagun daude: argazkilariak, logistikaz arduratzen direnak, diseinu grafikoan jarduten dutenak...

- Nolakoa da zuek antolatutako jai bat? Zertan da berezia?
Batetik normalean orain tabernetan entzuten ez den musika ipintzen dugu, hau da, orain dela 5-10 urte nahiko ohikoa eta ezaguna zen "house" estiloko musika batipat. Musika elektronikoa da, baina ez behin eta berriz buruan kolpatzen dizun musika elektronikoa, bestelakoa baino. Eta musika berezia ipintzeaz gain, jaira doan jendearekin "photocall"-a egiten dugu, kartelen diseinua, "flyer" itxurako kartelak… Eta guk ipintzen dugun musikarekin grabatutako CD-ak jende artean banatzen ditugu.

- Eta horrelako musikak jarraitzaile asko dauzka gure inguruan?
Bai, oro har jendeari asko gustatzen zaion musika da. 30 urteen bueltan gabiltzanak orain urte batzuk, gauez irtetzen hasi ginenean-eta, edozein tabernatan aurkitzen genituen abestiak dira, oso "funky"-ak eta, horregatik, jendeak erraz dantzan egiten du horiek entzunda. Gaur egun beste batzuk ipini dira modan eta, hori dela eta, oso zaila da horrelako abestiak berriz ere entzutea, ez bada horrelako jai batean edo.

- Aurrerantzean horrelakoak antolatzen jarraitzeko asmorik baduzue?
Gustatuko litzaiguke, jakina. Dena dela, ez dugu nahi jaialdiak oso maiz egitea, jendea ez aspertzeko eta egiten dugunean gogo gehiagorekin hartzeko. Aurrera begira, eta Udala laguntzeko prest egongo balitz, gauzak egiten jarraitzea gustatuko litzaiguke. Izan ere, horrelako jaiak antolatzeko ez da diru askorik behar eta gu antolaketan-eta beharrean jarduteko prest gaude.