Gurutze Beitia, antzezlea: "Estela Maria Lourdes oso zoriontsu eta ondo bizi da"

Gurutze Beitia, antzezlea: "Estela Maria Lourdes oso zoriontsu eta ondo bizi da"
2012/09/28 eta kitto!

- Zelako istorioa kontatzen duzue antzelanean?
Gorkak eta biok Varadero doan euskaldun baten istorioa kontatzen dugu: bera Patxi Arrigagorritxerriberrigoitiabeitia da eta Kubara oporretan joan, oporretan etorri, han Estela Maria Lourdes de Aquitepilloaquitemato ezagutu eta berakin ezkonduta Euskal Herrira bueltatzen da. Antzezlanean arketipo bi horien bizipenak kontatzen ditugu, hori bai, umorez gainezka egiten duen moduan.

- Zelakoa da Estela Maria Lourdes?
Ba oso zoriontsu bizi den kubatarra. Senarra asko maite du, oso maiteminduta dago eta, gainera, senarrak diru mordoa duenez, ba oso ondo bizi da, ardura haundi barik. Euskaltegira euskera ikastera doan arren, hizkuntzarekin hankasartze asko egiten ditu sarritan, oso gauza barregarriak esanez.

- Eta Patxi, nolakoa da?
Patxi oso gizon ona, bihotz onekoa da, baina era berean piskat zakarra ere bada. Horrez gain, jatun ona da, asko edatekoa eta munduari buruz oso ikuspegi berezia dauka.

- Antzezlanean kontatzen duzuenaren atzean turismo sexualaren gaia antzeman daiteke. Nola lortzen duzue horrelako gaiari umorez heltzea?
Pentsatzen dut posible dela ia edozein gairen inguruan barre egitea, beti ere errespetua galdu barik. Gure antzezlana ez da turismo mota horretan oinarritzen, antzekotasun batzuk aurkitzea posible izan arren. Edozein kasutan, guk ez diogu inori barre egiten, umorezko egoera guztietan errespetuz jokatzen dugulako.