Hegoi Esteban: “Kirola egiteko ohitura hartzea eta balore batzuk barneratzea besterik ez dugu nahi izaten”

Hegoi Esteban: “Kirola egiteko ohitura hartzea eta balore batzuk barneratzea besterik ez dugu nahi izaten”
2023/01/20 eta kitto!
Kalamua Judo Taldea sortu eta hainbat hamarkadatan judoa, karatea, jiu-jitsua eta beste kirol-jarduera batzuk herrian zabaldu ondoren, Manu Agirre maisu handiak azaroan utzi gintuen. Herriari asko eman zion gizona izanik, laga duen hutsunea ere handia da, baina oso hurbiletik ezagutu zuen Hegoi Esteban ilusio handiz saiatuko da bere tokia betetzen.

Hegoi Estebanek karatean eman zituen lehen pausoak eta geroago iritsi zen judoa bere bizitzara. Nola iritsi gainera, gaur egun buru-belarri jarraitzen baitu kirol horretan Kalamua Judo Taldearen arduradun bezala. Umeak zein helduak batzen dira Kalamuak Txirio-kalen duen egoitzan, Agirrek hasitako bideak jarraipena izango duela erakutsiz.

 

 

Zer moduzkoak izan dira Kalamua Judo Taldearen ardura hartu ondorengo lehen hilabeteak?

Lehenengo egunak zailak izan ziren, baina, geldirik egon ez garenez, ez dugu gehiegi pentsatzeko denborarik izan. Manu hil eta egun berean klaseak izan genituen, hurrengoak etorri ziren, eta gurpila ez zen gelditu. Horrek trantzea hobeto pasatzen lagundu digu. Egoera txarra bizi izan arren, ondo egoteko aukera eman digu horrek guztiak.

Argi zeneukaten zu izango zinela Manuren lekukoa hartuko zuena? Aldaketarako prestatzen hasiak zineten?

Azkenean gertatu dena da ni naizela gelditu den irakasle bakarra. Egia da Manuri esan niola unea heltzen zen momentuan bere tokia betetzea gustatuko litzaidakeela, baina ez genekien hain azkar gertatuko zenik. Berari esker Legution klaseak ematen hasi nintzen martxa eta esperientzia hartzeko, egunen batean hemen hasiko nintzela pentsatuz, baina azkenean bat-batean gertatu den zerbait izan da.

Manuk urte asko egin ditu Kalamua taldearen buruan. Nolako legatua laga du?

Hau laga digu (dio entrenatzen ari diren umeak seinalatuz). Eibarren judoarekiko afizioa egotea da bere legatu handiena, umeen zein helduen artean. Berak laga duen guztiari esker, gogo handiz ekiten diot datorrenari, eta ez bakarrik judoari dagokionez, baizik eta edozein gauzari. Egiten zuen guztiari gogo handiz ekiten zion Manuk, bestela ez zuen egiten.

Zereginean erne eta tinko egon zen azkenengo momentura arte.

Bera hil aurreko azken asteburuan Espainiako Jiujitsuko Txapelketa izan genuen Ipurua kiroldegian eta bera han egon zen jo eta ke. Gainera, horren ondoren afaria egin genuen elkarte gastronomikoan.

Aipatu duzu gehiegi pentsatzeko aukerarik ez duzula izan, baina taldean aldaketak egitea aurreikusten duzu?

Betiko martxan jarraituko dugu. 50 urtean ondo ibili den gauza bat ez dugu aldatuko. Agian gauza gutxi batzuk aldatu daitezke, zerbait modernizatu, baina aldaketa sakonik ez da egongo. Manu beste belaunaldi batekoa zen eta kudeaketa kontuetan gauzak digitalizatu egingo ditugu, adibidez, baina gauza txikiak dira. Klaseei, klubaren filosofiari eta horrelako gauzei berdin eutsiko diegu. Kalamua Judo Taldea herriko kluba da. Guretzat garrantzitsua da umeek judoa egiteko afizioa hartzea eta balore batzuk jasotzea, eta helduek ere aukera izatea nahi dugu.

Gaur egun nolako egoera bizi duzue taldean? Zenbat ikasle dituzue? Nola funtzionatzen duzue?

Umeen bi talde ditugu eta taldeak beteta daudela esango genuke. Ume gehiagok etorri nahi badute, ongietorriak izango dira, baina daukagun tatamiarekin arazoak izango genituzke bertan sartzeko. Oso talde politak dira eta neskek eta mutilek elkarrekin egiten dute judoa, bereizi barik. Helduen taldean, bestalde, jende kopuru handia dugu baita ere. Beste kirol talde batzuekin gertatu den bezala, pandemiaren ondorioz jendeak taldea lagako zuen beldur ginen.

Zergatik?

Pandemiarekin jarduera guztia eten zen eta zalantzak genituen noiz eta nola bueltatuko ginen. Gainera, kontutan izanda gure kirola kontaktu zuzenekoa dela, ez genekien nola moldatuko ginen. Foballean edo saskibaloian, adibidez, aukera gehiago dituzte, baina guk nola egingo dugu borroka kontakturik gabe? Maskararekin borrokatzen hasi behar ginen, arau guztiak betez, baina, egia esan, umeen erantzuna bikaina izan zen, guztiak bueltatu zirelako taldera. Momentu kritikoa izan zen, baina inork ez zuen taldea utzi.

Ikusten denez, gainera, oso gazte hasten dira judoan.

4 urtetik gorakoak daude taldean. Batzuk 4 urterekin datoz eta ondo moldatzen dira, eta beste batzuk 6 urterekin oraindik zailtasunak dituzte kasu egiteko, baina hori ume bakoitzaren araberakoa da.

Zer behar da judoan egiteko? Berezko zerbait edukitzea beharrezkoa da?

Gogoa besterik ez da beharrezkoa. Kirol honek duen gauza on bat da aukera ezberdinak ematen dituela jarduera egiteko: zutik, lurrean... Eta modu batean ez baduzu egin nahi, beste teknika batzuk ikasi ditzakezu. Bakoitzak ezartzen du bere neurria, gu ez gaudelako kirolari profesionalen bila. Kirola egiteko ohitura hartzea eta balore batzuk barneratzea besterik ez dugu nahi. Gero, helduak direnean lehian hasi nahi badute, aurrera.

Izan ere, kirola izateaz gain, judoak badu beste alderdi kultural bat edo, zuk esan bezala, balore jakin  batzuen alderdi bat.

Hori da, arau batzuk jarraitzen ditugu. Adibidez, besteenganako errespetua. Era berean, beste klub batzuekin elkarketak egiten saiatzen gara, eta beste toki batzuetara joaten gara entrenatzera bestelako toki eta talde batzuk ezagutzeko, besteak beste.

Judoaz gain, zein beste kirol egiteko aukera ematen duzue taldean?

Jiu-jitsua eta defentsa pertsonala. Jiu-jitsuak judoarekin antzekotasuna du, baina karateko kolpeak bezala eman daitezke.

Urteak daramatzazu judoan. Nola hasi zenuen bidea?

Jendeak pentsatzen du bizitza osoa daramadala judoan, baina Kalamuara lehen aldiz etorri nintzenean, antzinako lokalera, karatea egin nuen. Gero laga egin nuen eta, nagusitan berriz itzuli nintzenean, dagoeneko ez zuten karatea ematen, judoa bakarrik. Probatu egin nuen eta orain hemen gaude elkarrizketa hau egiten.

Zerk harrapatu zintuen?

Ez dakit judoaren kontua izan zen ala Kalamua taldearena. Edo biak batera. Familia giroa aurkitu nuen taldean, lehen egunetik oso ondo sentitu nintzen eta lagunak egin nituen hasieratik. Gainera, asko gustatzen zitzaidan umeak entrenatzen ikustea. Irakaslea hor dago, baina taldekideengandik asko ikasten duzu eta eurek zugandik ikasten dute. Kate moduko bat dago hor eta denon artean egiten dugu judoaren transmisioa. Judoa zerbait berezia da. Ez da kirol hutsa, beste gauza bat da. Norbaitek esan zuen bezala, judoa taldean egiten den bakarkako kirola da. Beraz, taldekideak eta beste klubetako kideak beharrezkoak dira norberak bere maila hobetzeko.

IMG_6490

IMG_6498

IMG_6501

IMG_6497