Alina Ivan (Armeria Eskola): “Hizkuntzak errealitate birtualaren bidez ikasteak onura asko ditu”

Alina Ivan (Armeria Eskola): “Hizkuntzak errealitate birtualaren bidez ikasteak onura asko ditu”
2023/03/17 eta kitto!
Alina Ivan Armeria Eskolako ingeleseko irakaslea eta nazioarteko proiektuen koordinatzailea da. 2020tik VirTrain nazioarteko proiektuan ibili da lanean. Erasmus+ programak finantzatutako VirTrain proiektuak Lanbide Heziketako hizkuntza-irakasleak errealitate birtualaren bidezko irakaskuntzan trebatzea du helburu. Lanbide Heziketan ez da ohikoa hizkuntzarekin lotutako proiektu berritzaileak lantzea. Beraz, Alina oso pozik dago parte hartzeko aukera izan duelako eta Armeria Eskolan dagoeneko ingeleseko klaseak errealitate birtualaren bidez ematen ari direlako.

Zelan sartu zen Armeria Eskola nazioarte mailako VirTrain proiektuan? Eta zertan datza?
Errealitate birtualaren bidez hizkuntzak lantzeko formakuntza jasotzeko proposamena Tknikatik etorri zen. Lanbide Heziketan hizkuntza, eta atzerriko hizkuntzak batez ere, ez dira oso gustukoak izaten ikasleen artean. Oso garrantzitsua da euren motibaziorako edozein trikimailu edo tresna erabiltzea. Hortaz, parte hartzera animatu nintzen. Lanbide Heziketan hizkuntzak irakasteko eta ikasteko gaitasuna areagotzea da VirTrain-en helburua, horretarako errelitate birtuala erabiliz.

Beraz, berritasuna da errealitate birtuala lehen aldiz erabiltzen dela Lanbide Heziketaren baitan hizkuntzen arloa lantzeko.
Badira urte batzuk errealitate birtuala erabiltzen hasi dela Lanbide Heziketan, adibidez industria-lanetarako simulagailuak edo medikuntzako aparatuen erabilera ikasteko simulagailuak. Besteak beste, anbulantzia bat eta barruan dituen gauza guztiak simulatu daitezke errealitate birtualaren bidez. Oso baliagarria dela ikusi dute. Kontua da hori nola trasladatu hizkuntzetara. Proiektu hau Txekiako erakunde batek zuzendu du. Elkarte horretako kide batek, hizkuntzetan aditua, harremana zeukan Estatu

Batuetako enpresa batekin. Enpresa horrek oso aplikazio ona sortu du ingelesa irakasteko. Eta guk zortea izan dugu probatu ahal izan dugulako.
Zer eskaintzen du aplikazioak?
Irakasleak  bere unitate didaktikoa sortu dezake. Aplikazio horretan irakasleok hainbat elementu ditugu nahi dugun moduan moldatzeko eta nahi dugun gaia lantzeko. Logikoa denez, lan munduarekin lotutako gaiak lantzen ditugu. Adibidez, nik aurkezpenak landu ditut. Erronketan eta proiektuetan oinarritut ako Ethazi metodologia erabiltzen dugu Armeria Eskolan. Ikasleek taldeka egiten dituzte erronkak, eta prozesu amaieran proiektua aurkezten dute. Hor sartzen da komunikazioa eta hizkuntza, ingelesa kasu honetan. Pentsatu nuen proiektuen aurkezpena errealitate birtualaren bidez egitea ariketa ezinhobea zela.  Gai hori iaz erabili nuen eta aurten lan-elkarrizketa lantzen ari gara, eta horrekin batera curriculuma eta aurkezpen-gutunak prestatzen ditugu. Horretarako betaurrekoak jantzi, mandoak hartu eta gela birtual batean sartzen gara. Ikasleak isolatzen dira eta ondokoa avatar bezala ikusten dute. Modu horretan hobeto zentratzen dira, ez dira hainbeste despistatzen.Gehienbat ahozkoa lantzeko erabiltzen dugu eta aplikazioak gamifikazioa erabiltzen du, hau da, jokoa eramaten du ohikoa ez den esparru batera. Adibidez, arku batekin gezi bat botatzen duzu eta pop up edo leihatila bat agertzen da galdera batekin. Joko bat ematen du, oso ludikoa da, eta ikusten dut ikasleak oso motibatuta daudela.

Nolakoa izan da proiektua lantzen urte hauetan bizi izan duzuen esperientzia?
Paregabea, zalantza barik. Proba pilotoa izan da Txekia, Italia eta gure artean. Lehenengo gu formatu behar izan gara eta ikusi dugun lehenengo gauza izan da behar handia dagoela gu irakasleok formatzeko. Ni ez naiz bideojokozalea, eta ez naiz gauza hauetan trebea, baina ikusten dut horrelako gauzetarako oso baliogarria dela. Aplikazioa erabiltzeko lizentzia oso garestia da, eta horregatik ez da erraza izango hemendik gutxira Lanbide Heziketako eskola guztietan ikustea. Gu proiektuan lanean egon garenez, gure ikastetxean erabiltzeko pribilegioa edo abantaila  izan dugu, eta jarraituko dugu erabiltzen.

Hezkuntza munduan errealitate birtualak dituen aukerak ezagutu ondoren, aldatu egin da, beraz,  zure ikuspegia.
Aurrera egiteko, berritzaileak izateko eta gaur egungo ikasleei erakusteko arlo horietan sartu behar gara eta ikasi egin behar dugu. Bestela, atzean geratzeko arriskua dago. Aldaketak oso azkar ematen dira eta datorren urtetik aurrera bi gela birtual izango ditugu ikastetxean. Oso ondo etorri zait proiektu honetan egotea eta oso harro nago hizkuntzak lantzeko aukera izan dudalako, ez delako batere ohikoa Lanbide Heziketan hizkuntzarekin lotutako proiekturik lantzea. Normalean proiektu teknologikoak izaten dira.  Esan bezala, proposamena Tknikatik etorri zen. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren Lanbide Heziketako Sailburuordetzak bultzatutako zentroa da Tknika. Gu izan gara proiektu osoa landu dugunak, baina formakuntza EAEko bost irakaslek jaso genuen. Lehenik eta behin teknologia ikasi behar izan genuen, betaurrekoak, mandoak, nola konfiguratu… Ez da erraza gai bat errealitate birtualaren bidez irakasteko zer egin behar den erabakitzea. Erremintak hor daude, baina irakasleok erabaki behar dugu nola erabili aukera horiek. Zure erosotasun egoeratik atera behar zara eta  beste modu batean pentsatu. Hori oso aberasgarria da. Erasmus+ programak finantzatutako proiektua izan da eta gurekin batera Txekiar Errepublikako Goi-mailako Lanbide Heziketako Elkartea (CASPHE), Txekiar Errepublikako MTI zentroa, hizkuntzen irakaskuntzan aditua; eta Italiako Trento eskualdeko Hezkuntza Saila izan dira.