Iban Ubarretxena (ikertzailea): “B12 bitamina inportantea da Parkinson hereditarioan giltzarri den entzima bat inhibitzeko”

Iban Ubarretxena (ikertzailea): “B12 bitamina inportantea da Parkinson hereditarioan giltzarri den entzima bat inhibitzeko”
2019/04/12 eta kitto!
Atzo, apirilak 11, Parkinsonaren nazioarteko eguna izan zen. Parkinsona gaixotasun neurodegeneratiboa da, gure mugimenduen sistemari eragiten dio eta mundu guztiko hirurogei urtetik gorako biztanlegoaren %1ek sufritzen du. Bere jatorria ia beti ezezaguna da. Kasuen % 90ean oraindik ez dakigu zergatik gertatzen den. Bestalde, gainerako % 10ak genetika izaten du oinarri. Biofisika Institutuko zuzendari lanetan diharduen Iban Ubarretxena Ikerbasqueko ikertzaileak Parkinson gaixotasunaren aurkako farmako berriak garatzen lagun dezaketen inhibitzaile berriak identifikatzeko ikerketan parte hartu du.  
Horren arabera, B12 bitaminak Parkinson gaitz hereditarioaren giltzarrizko entzima bat inhibitzen duela egiaztatu dute. Ikerketa Cell Research aldizkari ospetsuak argitaratu du.

- Legazpiarra jaiotzez, 30 urte eman dituzu Euskal Herritik kanpora. Zer ekarri zaitu berriro Euskal Herrira?
Donostian Kimikako lehen urteak ikasi ondoren, ikasketak kanpoan jarraitu nituen. 30 urte egin ditut kanpoan, Ingalaterran, Holandan eta Estatu Batuetan azken 15 urteetan. Ikerketak hemen egiten  ditut, baina nire laborategiak New Yorken segitzen dut. Biofisikako Institutua zuzentzea aukera ona iruditu zitzaidan, erronka bat. Gainera bi alaba txiki dauzkat eta emazteak eta biok Europan eta Euskal Herrian finkatzea ideia ona zela pentsatu genuen.

- Uztailetik diharduzu Leoiako Kanpusean kokatuta dagoen Biofisika Institutuko zuzendari bezala. Zein da zure betekizuna?
Institutu mixtoa da, orain dela bi edo hiru urte UPV/EHU-k eta CISC-ek (Consejo Superior de Investigaciones Científicas delakoak) sortutakoa. Baina esan beharra dago Biofisika Unitateak urte mordoa daramatzala lanean, Felix Goñik sortu zuenetik. Prozesu biologiko guztien azpian dagoen fisika neurtzen saiatzen gara hemen, hau da, bizitzarentzat eta organismoentzat garrantzitsuak diren egiturak, indarrak, energiak… ikertzen ditugu. Zuzendari bezala, nire lana, besteak beste, institutuko ikerketa-lerroak proiektatzea eta institutuan jende berria gehitzea da, kontuan hartuta  nazioarte mailan zientziak zein norabide hartzen duen. Zientzia guztiz globala da, eta ezin gara aislatu. Beharrezkoa da ikuspegi periferikoa izatea. 100 ikertzaile inguru gaude, Ikerbasque, CSIC eta EHUkoak. Ikerbasque-k Euskadin zientziaren sustapenean egiten du lan, eta hainbat arlotako 239 prestigiodun ikertzaile biltzen ditu.

- Urteak daramatzazu Parkinsonari buruzko ikerketak egiten. Nola hasi zinen lan esparru horretan?
2007 inguruan hasi nintzen Parkinson eta Alzheimerra bezalako gaixotasun degeneratiboen inguruan lan egiten. Gaixotasun hauetan, arrisku faktore nagusia pertsonaren adina da.  Parkinsona normalean 60 urtetik aurrera hasten da diagnostikatzen.  Oso zaila da jakitea zeintzuk diren gaixotasun degeneratiboen zergatiak.  Ia ezinezkoa da jakitea ze faktore-konbinazio ematen den gaixotasuna sortzeko. Baina Parkinsonaren kasuan pazienteen %10ak herentziazko gaixotasuna izaten du. Paziente hauen genetika ezagututa, dianak identifikatu ditzakezu, hau da, geneak eta proteinak elkarrekin doazenez, posible da jakitea zeintzuk diren mutatuta dauden proteinak eta beraz badakizu non jarri fokoa, kasu hauetan mutazioa baitago gaixotasunaren oinarrian. Konponente genetikoa dagoenean zientifikoek pista garrantzitsuak izaten ditugu gaixotasuna ulertu ahal izateko. Orain dela 20 urte Parkinsona esporadikoa zela pentsatzen zen, hau da, konponente genetikorik ez zuela uste zuten. 2004an euskaldun askoren partaidetza izan zuen nazioarte mailako zientzialari talde batek (tartean López de Munian, Martí Massó eta Ruiz Martinez) LRRK2 entzima eta Parkinsonaren arteko lotura deskubritu zuten. Horretarako Urola bailarako paizenteetan fijatu ziren. Entzima horri “dardarina” izena jarri zioten (dardaragatik). Bisio hori eduki zuten, eta dardarina deskubritu zutenetik mundu mailan laborategi mordoa dago gai horren inguruan lan egiten. Garai hartan ni Alzheimerrean mutatutako entzimekin lan egiten nuen, eta beraz ikertzeko oso gai interesgarria iruditu zitzaidan. Nire ikerketa partikularrean, nik mikroskopio elektronikoak erabiltzen ditut proteinen estrukturak determinatzeko. Behin hori jakinda, entzima horren kausa patogenoak prebenitzeko farmakoak egin ditzakegu. Urteak daramatzat lanean dardarinaren estruktura ebazteko. Oso handia eta konplexua da, eta  urtetako ahalegin horren ondorioz ikusi dugu B12 bitamina inportantea dela entzima horren mutanteak inhibitzeko, eta ondorio onuragarriak izateko.

- Nolako onurak ekar ditzake hipotesi horrek?
Parkinsona sendaezina dela eta zergatiak ez direla ezagutzen esan behar dugu. Fisikoki gertatzen dena da neurona mota batzuk, dopamina sortzen dutenak, hil egiten direla. Dopamina oso inportantea da sistema motrizaren funtzionamendurako. Neurona horiek hiltzearen arrazoia oraindik ez da ezagutzen. Orain arte pazienteei L-Dopa ematen zaie, dopaminaren prekursore natural bat. Denbora batez sintomak arintzen ditu, baina ez du arazoa konpontzen, neuronek hiltzen jarraitzen dute. Terapia hau urteekin inefektiboa egiten da eta gutxi laguntzen du. Gaixotasun degeneratibo batekin 75 urterekin hasten bazara, horrelako terapiek asko laguntzen dute, bizitzako azken urteetan baitzaude. Baina egia da terapia hauek ez dutela sendatzen. B12 bitaminaren garrantziari buruzko gure ikerketan animaliak erabili ditugu, zizareak, euliak eta arratoiak. Animaliei entzima mutatu hau sartzen bazaie dopamina sortzen duten neurona horiek hil egiten zaizkie. Guk ikusi dugu entzima mutatuari hasieratik B12 bitamina gehitzen badiogu, neurona hauek ez direla hiltzen. Entzima horren mutazioek eragindako heriotza neuronaletik babesten du B12 bitaminak. Dena dela, hau guztia kontu handiarekin hartu behar da. Gauza bat da animaliekin ikusi duguna eta beste bat gizakiekin nola funtzionatuko lukeen.

- Beraz, Parkinson hereditarioan bitamina horrek izan dezakeen eraginaz ohartu zarete.
B12 bitamina oso beharrrezkoa da eta funtzio esentziala du nerbio sisteman. 50 urtetik aurrera gizakiok dietaren bitartez bitamina hori absorbatzeko ahalmena galdu egiten dugu. Mutazioa edukitzeak ez du esan nahi Parkinsona daukazula. Gure hipotesia da entzima horren mutazioari gainera beste faktore bat gehitzen bazaio, adibidez B12 gutxi daukazula, eragileetako bat izan daitekeela gaixotasuna gertatzeko. Sekulako aurrerapausoa da, izan ere, animalia-ereduetan neurobabesletzat jardun duen bitamina horren mekanismoak egun dauden inhibitzaileen mekanismoarekin zerikusirik ez du; hori dela-eta, LRRK2 entzimaren aldaera patogenikoei lotutako Parkinsonen gaixotasun hereditarioaren aurkako terapia berriak garatzeko oinarritzat erabil liteke. Dena dela, hori hipotesia da, eta ez du esan nahi frogatuta dagoenik. Ardurarekin hitz egin behar da gauza hauetaz. Gertatu daitekeen gauza txarrena da orain mundu guztia B12 bitamina hartzen hastea da. Alarma soziala sortu daiteke. Oraindik gauza asko daude egiteko. Mekanismo edo substantzia bat lortzen denean, hori guztia egiaztatzea oso konplexua da. Bestalde, datuak egongo direla ziur gaude. Orain, mutazio horretatik eratorritako Parkinsona eta B12 bitamina eskasia dutenen datu horiek lortu eta alderatu nahi ditugu.

 

u.Iban Ubarretxeba2