Imanol Magro (Berria-ko kazetaria): “Kazetariago bueltatu nintzen olinpiar jokoetatik”

Imanol Magro (Berria-ko kazetaria): “Kazetariago bueltatu nintzen olinpiar jokoetatik”
2013/07/08 eta kitto!

- Sari konpartitua da eman dizutena, baina espero zenuen halakorik jasotzerik?
Ustekabea izan da guztiz; horrelakoetan, gainera, sari gutxi izaten baita kirol kazetaritzarako. Jakin izan dudanez, aurretik behin bakarrik jaso dute kirol arlokoek, Xabier Usabiagaren kasuan. Gure kasuan, lan korala izan da batez ere: mardula eta handia aldi berean. Esparru asko ikutzea eskatu diguna eta epaimahaiak ere bestelako ikuspuntu hori baloratu duela uste dut. Horrela ikusita, gure aukerak bagenituen, egia esateko.
- Egin duzuen lanean zer azpimarratuko zenuke bereziki?
Arlo horretako kazetagintzaren duintasuna aldarrikatu izana, paperezko lanarekin telebistako programa ere uztartuz. Euskal Herriko kirolariak lehenetsi genituen eta gertutasuna eskaini, jendearentzat heroi txikiak bihurtuz. Aldi berean, ikuspuntu soziala ere eman genion lanari: joko olinpikoen kontrako plataformari tartea eginez, sarrerak saltzen ez zirela eta horren ingurukoarekin, higiezin agentzietan jokoek izan zuten inpaktua dela eta... eta beste hainbeste arlo jendeari gerturatuz.
- Londresko esperientziak zer eman zizun pertsonalki? Aurretik egonda zinen?
Hitz batean laburbiltzeko, kazetariago etorri nintzela esango nuke. Beste dimentsio bat eman zion nire lanari eta baita aldaketa bat ere. Lehen egonda nengoen Londresen, turista moduan; oraingoan desberdina izan da. Hiru aste hauetan tankera sozialeko arloa landu izan dut gehienbat eta, egia esan, kazetari moduan esperientzia politagoa izan da.
- Ahalegin berezia egin behar izan zenuten hara joan aurretik?
Ingeles akademian burubelarri sartu eta banuen zer hobetzeko, hitzezko ingeles mailari erreparatzen badiogu batez ere. Horrez gain, kirol minoritarioak deitzen diren horien gaineko informazioa jaso behar izan genuen, judoaren edo borroka librearen inguruan jakin beharreko gutxienen jabe izateko. Hara joan aurretik, bestalde,
aurrez-aurre izan ginen hemengo kirolari guztiekin, harreman pertsonal hori landuz. Olinpikoak izandakoekin ere egunero lantzen genuen esparrua: horrekin lotuta, guk ateratako Mexikon bizi den Ibone Belaustegigoitia atleta-ohiari Sabino Arana saria eman zioten geroago. Eguneko errutinatik irteteko aukera ematen zuten istorio bereziak kaleratu ditugu.
- Esperientzia errepikatzeko gogoz?
Hiru urte barru Rio de Janeirora joateko prest nago. Berriak orain arte beti bidali izan ditu bi lagun joko olinpikoetara eta, zalantzarik ez dut, gustatuko litzaidake han izatea.
- Baduzu buruan kazetaritza arloan egitea gustatuko zitzaizun zeozer eta oraindik burutzeko tarterik aurkitu ez duzunik?
Epe motzera begira, oporrak hartzea; hor ditut, gainera, ate joka. Bestalde, apustuen mundua da aspalditik atentzioa pizten didana. Noizbaiten pentsatu izan dut horren inguruan liburutxo bat egiteko gai izango naizela, hainbat arlotatik ikusita apustu esanguratsuenak izan daitezkeenekin: arlo guztietakoak, bereziak, zergatik apustu bihurtu diren, zergatik kirolari bat bere mugaren bila abiatzen den... hori guztiarekin.