Iñaki Azkue: “Peru herrialde gobernaezina da eta kongresuak herrialdea bahituta dauka”

Iñaki Azkue: “Peru herrialde gobernaezina da eta kongresuak herrialdea bahituta dauka”
2022/12/23 eta kitto!
Peru oso egoera ezegonkorra ari da bizitzen. Azken sei urteotan sei presidente eduki ondoren, hilaren hasieran Pedro Castillo presidenteak hartutako neurriek ez zuten berak nahi zuen emaitza eduki. Estatu kolpea emateaz akusatuta, kargutik kendu zuten, bere gobernuko presidenteordea zen Dina Boluartek presidentetza hartuz. Horren aurrean herria kalera atera da eta hainbat hildako egon dira

Egoera hori gertutik bizi du Iñaki Azkue eibartarrak, Liman bizi den ikasleak. Gainera, etorkizuneko politologoa izanik, Azkuek lehen azaletik bizi nahi izan du Perun gertatzen ari dena, egoera ahalik eta ondoen ulertzeko. Martitzenean egin genuen berba berarekin eta, bertako egoera hain aldagarria denez, baliteke egun hauetan gauza batzuk aldatu izana, baina bertan bizi denaren berri jaso nahi izan dugu bere berben bitartez.

 

Hasteko, zer moduz zaude?

Orain arte ondo egon naiz, ez dut beldurrik pasatu. Liman bizi naiz eta hemen ez dago etxeratze-agindurik. Beraz, gora-behera guztiekin, bizi naizen auzoan nahiko bizitza normala egin dezakegu. Hori bai, hiriaren erdialdean polizia asko dago eta ia ezin gara Limatik irten. Gabonak Arequipa, Machu Picchu eta Bolivia ezagutzeko aprobetxatu nahi nituen, baina ezin izango dut.

Gauzak egun batetik bestera aldatzen dira Perun, baina zein da egoera gaur egun?

Asteburuan pixka bat deskonektatu nuen, baina bai, egun batetik bestera dena aldatzen da. Atzo (astelehenean) irakurri nuen 26 hildako eta 700 zauritu inguru egon direla manifestazioetan. Politikari begira, kongresuan hauteskundeak aurreratzeko eztabaidak egiten ari dira, baina barixakuan ezezkoa gailendu zen. Beraz, berriz dabiltza kontu horrekin gora eta behera.

Besteak beste, Boluartek lehen ministroa kargugabetu du berriki.

Bai, asmo hori zuen behintzat. Bestetik, kultura ministroak dimititu egin du, beste batzuekin batera.

Zaila da hitz gutxitan azaltzea, baina nola iritsi da Peru egoera horretara?

Castillo presidenteak ahultasun handia zuen. Gainera, kongresua eta botere ekonomikoak bere aurka joan ziren hasieratik. Izan ere, eurei ez zien grazia handirik egiten ezkerreko presidentea edukitzea (ezkerrekoak kakotx tartean, arlo sozialean nahiko kontserbadorea zelako). Sindikalista zen eta Peruko mendietatik zetorren, eta hainbat sektoretan arrazismoa dago jende horrekiko. Beraz, nolabaiteko agresibitatea egon da bere aurka. Bere gobernuak zenbait erreforma onartzea bultzatu zuen, beharrezkoak diren erreformak, baina kongresuak eraitsi egiten zituen. Azken urtean bere aurkako bi zentsura mozio bozkatu dituzte eta Castillok kongresua ixtea erabaki zuen egunean hirugarren aldiz bozkatu behar zuten bere aurkako zentsura mozioa.

Zer iruditu zaizu Castilloren lana?

Ez dakit ezgaia izan den, baina ez da jende aproposarekin elkartu. Asko aldendu zen boterera eraman zuten jendearengandik eta bere alderditik bota zuten. Beraz, nekeak eragindako haserrealdian (hori sinetsi nahi dut behintzat), “honaino iritsi gara” esan zuen. Peru herrialde gobernaezina da eta kongresuak herrialdea bahituta dauka, ez duelako ezer egiten eta ez duelako ezer egiten uzten. Hala ere, uste dut Castillok ez zituela bere babesak ondo neurtu, bakarrik gelditu zelako. Gobernua eta armada berarengandik bereizi ziren, eta Liman ez zuen herriaren babesik jaso (azkenean, mingarria da esatea, baina Peru Lima da). Ondorioz, hiru edo lau ordutan kargutik kendu eta kartzelara eraman zuten, ezer gertatuko izan ez balitz bezala.

Eta nolakoak izan dira Boluarteren lehen egunak?

Hasieratik akatsak egin ditu. Herrialdea krisi politiko sakonean dago eta bere lehen diskurtsoan esan zuen 2026ra arte egongo zela. Jendeari hori ez zitzaion batere gustatu eta kalera irten ziren hauteskunde eske.

Herrialdeak orain egin du eztanda, baina sei urtetan sei presidente ezberdin izan dituzte. Arazoa ez da berria.

Astelehenean ministro ohi eta alkate batzuk zeuden bilera batean egon nintzen eta batek zera galdetu zidan: “Alderdi politikorik gabeko demokrazia existitu ahal dela uste duzu?”. Ezetz erantzun nion. Baina Perun hori da gertatzen dena. Hemen ez dago guk ezagutzen dugun moduko alderdi politikorik. Alderdiak daude, baina marka pertsonalak dira. Hau da, pertsona bat hauteskundeetara alderdi batekin aurkezten da, baina bere marka da, beste barik. Orduan, idazkari nagusia baino, buruzagiak dira (kaudilloak), eta nahi dutena egiten dute, atzetik ez duelako alderdi bat zer egin dezakeen edo ez esateko. Kongresukide askok ez diete alderdien interesei jarraitzen. Ziurrenik enpresaren batek dirua emango zien hauteskundeetara aurkezteko, eta enpresen interesen alde egiten dute. Gaur egungo kongresuari ez zaio interesatzen herrialdea erreformatzea, nahiago dute dagoen moduan geratzea. Mundua aberatsenen esku dago, baina Perun askoz ere gehiago igartzen da hori. Herrialdearen %1ek dena kontrolatzen du (merkataritza, hedabideak, enpresak...) eta beste %99a justu-justu bizi da.