Iñaki Laskurain (Euskal Errugbi Federazioko presidente-ohia): “Gure plan estrategikoaren %90a baino gehiago osatu dugu”

Iñaki  Laskurain (Euskal Errugbi Federazioko presidente-ohia): “Gure plan estrategikoaren %90a baino gehiago osatu dugu”
ETA KITTO 2020, Uzt 03

Iñaki Laskurainek bi legegintzaldi bete ditu Euskal Errugbi Federazioko presidente karguan. Eibartarrak bigarrena amaitu aurretik laga du kargua, hurrengokoari lanak errazteko. Bulegoetan sartu aurretik jokalaria (hirugarren lerroko hegalekoa) eta entrenatzailea ere izan zen. 1984tik 1999ra arte jokatu zuen, Eibarren hasi, Atletico San Sebastianen jarraitu eta, ibilbide luzeena Getxon egin ondoren, Aviron Bayonnais-en amaitzeko. Hamar final jokatu zituen eta, seitik lau Kopa bereganatzeaz aparte, Ligako bi finaletako bat irabazi zuen. Autonomien arteko lau txapelketa irabazitakoa da Euskadirekin. Espainiako selekzioarekin, 23 urtetik azpikoekin sei partidu jokatu zituen, eta absolutoan 1989tik 1998ra jardun zuen geratu barik. Europako selekzioarekin Uruguairi irabazi zion eta Euskariasekin jokatu zuen San Mamesen eta Anoetan. Mediterraneoko Jokoetan brontzezkoa eskuratzeaz gain, Getxorekin 1991tik 1995era (lau denboraldi) Faduran jokatutako partidu guztiak irabazi zituen.

Zergatik laga duzu presidentetza? Kanpoan bizi izateak izan du eraginik?
Hauteskunde urtea ere badelako, Joko Olinpikoekin lotuta baitugu hori, eta urtea amaitu aurretik komeni zen egitea. Bestalde, bi legealdi bete ondoren, nituen asmo gehienak bete direlako. Zazpi-zortzi urte asko edo gutxi izan daitezke, baina kasu honetan behin-behinekoa behin-betikoa bihurtu nahi izan dugu. Behin gidoiaren helburuak lortuta, gero horrek sakontzea eskatuko du, dena dela. Federazioa, gainera, itsasontzi modukoa da eta norberaren operatibitatea ere kontuan izan behar da; kanpoan izateak ez du errazten hori.

Zelako sentsazioarekin laga duzu kargua? Lanak ondo bete duzulakoan?
Bakoitzak zer espero zuen, horren araberakoa izan daiteke emaitza; baina gure datuak hor daude, guztion eskura. Ezarri genituen helburuak eta lortu ditugun emaitzak, parez-pare ipinita, dexente bete ditugula esango nuke: gure plan estrategikoaren %90a baino gehiago osatu dugu. Horregatik, nahiko lasai nago, aurrez pentsatutakoa lortu dugulakoan; koiunturak aprobetxatu ditugulako, olatua ondo hartu.

Bigarren legealdia bete gabe, zure hurrengoari prestatzen joateko denbora eman nahi izan diozu?
Hortik ere badago zeozer, gure aldetik badagoelako pertsona bat paperean zegoena betetzeko prest dagoena, beste hautagai bat egon daitekeen bezala. Datorrena bat badator orain artekoarekin bide horretatik jarraitzea komeni da eta, jakina, harreman pertsonalak ezin dira egun batetik bestera garatu. Iparraldearekin ditugun harremanei eutsi behar diegu, hor dagoelako gure etorkizuna.

Zeintzuk izan dira zuen lorpen handienak?
Kudeaketa beste modu batera egin dugula. Selekzio, bidaia eta ekipazioetan milioi erdi euro joan badira, klubetako sustapenean, materialean eta emakume eta 16 urtetik beherakoen alde beste 490.000 euro gastatu ditugu. Azken batean, milioi bi kontzeptuetan. Urte amaieran egiten dugun balantze ekonomikoari jarraituz, hor ikusten da federatuetatik eta federazioetatik lortutako baliabideekin, eta talde guztien inskripzioak %50 bultzatuta, zegoena ondo kudeatuz azkenean klubei eta federatuei zuzenean bueltatu zaiela. Gero, eskola-kirola eta kirol federatua bilduta, mila kirolari gehiago ditugu: asko da, kontuan izanda gurean ematen den jaiotza kopuru urria eta dagoen kirol eskaintza zabala. Kirolaren Euskal Eskolak, gainera, eredugarritzat jo du jokalarien formaziorako gure plana.

Laskurain2

Euskal errugbia bide sendotik doa? Zelan ikusten duzu etorkizuna?
Gu sartzerakoan emakumeen 169 lizentzia bazeuden, orain 325 ditugu. Teknifikazio programa eskaini genien eta, kirol olinpikoa bihurtu zela aprobetxatuta, 7ko modalitateak beste proiekzio bat ematen dio gure kirolari, errazagoa bihurtuz eta estetikoki ere jokoa ulergarriagoa eginez. Dena dela, errugbia herri txikietan dago eta hor beste kirol modalitateekin lehiatu behar du: Getxon, esaterako, arraunak indar handia du; edo eskubaloiak Zarautzen. Kontuan izan behar dugu Madril eta Katalunia gu baino gehiago direla. Horregatik, ezin dugu ahaztu selekzioak Uruguai talde mundialistaren aurka neurketa ofiziala jokatu ahal izateak duen garrantzia. Eta lortutako eskualde mailako akordioak, formazio arloan, Iparralde eta Bearn-ekin, eta Nafarroa eta Errioxarekin. Basque Rugby Challengea ere hor dago. Azkenean, selekzioa baino garrantzitsuagoak izan dira Bilbon jokatutako Challenge Cup eta Champions Cup-eko finaletako partiduak. Asteburu batean Bilbo errugbiz jantzi zen eta, garrantzitsuena, sarreren erdia baino gehiago Euskadin erosi ziren.

Euskal Ligari bide oparoa aurreikusten diozu?
Klub kopuru berarekin jarraituta ere, lizentziek gora egin dute. Dagoena sendotu egin beharko genuke, klub eta eragileekin instalazioak hobetu eta herrietan errugbia sustatu; horretarako, kirolak duen irudi ona lantzea dagokigu eta errugbiaren balioak azpimarratu. Gu ez gaudelako zelaietan bakarrik, ingurunearen kontra ere bagabiltza. Betikoa: otarrean dagoen arrautzekin moldatu behar gara. Hemengo jaiotze kopuru murritzarekin eta kirol federatuak duen indarrarekin, lana ez zaigu falta: foballa, arrauna, saskibaloia, eskubaloia… Kirol ikuskizunean gu ez gaude eta jabetu behar gara, behingoz, hain talde txikiekin ez dugula produkturik saltzeko. Arraunean, esaterako, lau-bost herri batuta lortu zuen Urdaibaik traineru potentea. Iparraldeko talde bat guregana etorri den moduan, Sara… hor sakondu behar dugu. Administrazioarekin, eskualdeka, Nafarroa eta Akitaniarekin, txapelketak antolatzeko eta jokatzeko ordua da.

Laskurain3

Euskal selekzioak aurrerapausuak eman ditu? Nondik nora jo beharko luke?
Sinbolikoak izan dira, batez ere; bakarrik sokatira modalitatean izan du jarraipena. Zeozer lortzekotan, txapelketak amankomunak izan behar dira, jarraipen gehiagorekin. Erakartzeko gaitasuna izan behar dugu eta eskuzabalak izan aldi berean: gu hara joan, eurak hona etorri. Identitate balioak erabili behar ditugu horrelakoetan, Biarritz Olimpique Pays Basquek egin zuen moduan 2000an edo Baionak, nortasun jauzia emanez ikurriñarekin. Egongo dira mugak, legalki zein administratiboki, baina gainditzeko daude; azken batean, administrazioak zein klubak pertsonak direlako, hortik harremanen garrantzia.

Eibarko taldeen bilakaera zelan ikusten duzu? Mutilak larri dabiltza mailari eusteko, nesken taldea gorenera igo da…
Sozialki gauzak asko aldatu badira ere, errugbia ez da horren ispilua izan. Eibarren egiten den lana eta ahalegina kontuan izanda ere, ezin gara horretan bakarrik geratu. Beharrezkoagoa dugu filosofia bat: errugbia orokorrean hartu eta zer egin erabaki. Joko Olinpikoekin lizentziek goraka egin zuten moduan, dei-efektu hori aprobetxatuz, konturatu behar gara aldi berean estatuko A eta B mailatan dauden 48 taldetik bakarrik sei direla 30.000 biztanle baino gutxiago dituzten herrietakoak, guztiak hemengoak, Eibar tartean. Eta inskripziorako bakarrik 12.000 euro behar dituzunean, babesleak lortu behar dituzu derrigorrez. Hortik Plan Estrategikoaren beharra, aurrekontuaren %70 lehen taldeetara doanean.

Harrobia ere lantzen dihardute eskola-kirolean. Errugbiak badu oihartzunik Eibarren?
Kristoren lana egiten da, hori horrela da. Klubek, federazioek, hedabideek… orain dela 25 urtekoarekin konparatuta ikaragarria da: Miarritzen zein Baionan, Donostian zein Bilbon, edonon. Eta umeekin bikoiztu egin da lana, baina gero federatuetan mozketa ematen da, ez goaz gorantza… ez garelako beharrezko.

Behin baino gehiagotan entzun zaitugu esanez talde txikiak batu eta indartsuago bat osatu beharko luketela. Hor hutsunea ikusten duzu?
Errugbia Galesen eta Zeelanda Berrian bakarrik da kirol nagusia. Ez da ulertzeko kirol erraza, kontaktuzkoa gainera. Espainian lortutakoa ere, zeinen kontra izan da? Lehen parte hartzen ez zuen Errusia sartzen bada, edo Txina esaterako, akabo… berehala gaindituko dizute zure txikitasunean. Kirol guztietako kontua da, baina hemen gehiago nabaritzen dira hain txikia izatearen kalteak.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »