Iñaki Peña (Arrasateko ospitaleko medikua) “Aulki Hutsak heriotzari buruzko dokumentala da”

Iñaki Peña (Arrasateko ospitaleko medikua) “Aulki Hutsak heriotzari buruzko dokumentala da”
2018/12/21 09:01
eta kitto!
Joan den martitzenean Gipuzkoako AECC Minbiziaren aurkako Elkarteak maite dugun norbait galduz gero Eguberriei aurre egiteko moduaren inguruko tailerra egin zuen Eibarren. Bertan Iñaki Peña medikuak zuzendutako `Aulki Hutsak´ dokumentala eskaini zuten, eta egilearekin solasaldia egiteko aukera egon zen. Profesionalen eta norbait galdu duten senideen elkarrizketak biltzen ditu dokumentalak.

Dokumentala argia.com-eko plataforman eta arteman.eus-en ikus daiteke. Testigantza gehienak euskaraz dira. Jatorrizko bertsioan doa beti, eta azpitituluak ditu.

- Orain dela 5 urte sortu zenuten `Aulki Hutsak´ eta harrezkero 80 emanaldi publiko inguru eskaini dituzue. Nola sortu zen ideia?
Ni medikua naiz. Pertsona nagusiekin jarduten dut gehienbat eta orain dela 8 urte zainketa paliatibo eta aringarrietan egiten dut lan. 2007an aita hil zitzaidan, minbiziarekin, eta 2012an amari beste minbizi bat diagnostikatu zioten. Momentu hori krisialdi momentu handia izan zen. Etxean gauzak hankaz gora jarri ziren. Bi urte geroago hil zen ama. Profesionalki ere urte horiek nahiko gorabeheratsuak izan ziren. Dena batera izan zen. Koktel horrekin, azkenean, pausoa eman nuen eta dokumentala sortu nuen, Aretxabaletako Arteman taldearekin.

- Zer azaltzen da dokumentalean?
Heriotzari buruzko dokumentala da `Aulki Hutsak´. Gaur egun gure gizartean tabu bihurtu den gaia dakar, zer gertatzen da maite dugun hori hiltzen denean? galderari erantzuna topatu nahian. Profesionalen eta norbait galdu duten senideen elkarrizketak biltzen ditu dokumentalak. Alde batetik apunte teorikoak edo profesionalak, eta, bestetik, bizipen pertsonalak bildu nahi izan ditugu. Bi kasutan gauza biak konbinatzen dira eta, nire ustez, `Aulki Hutsak´en balioa hori da: bi lankide agertzen dira alde bietatik kontatzen. Azken finean, dokumentalaren bitartez ikus daiteke hau denoi pasatzen zaigula, eta modu positiboan, zuk jasotako laguntza guztia gizarteari ematea posible dela (hau da, Julio Gomez edo Lori Thompson-en kasua, esate baterako).

- Gabonak eta data bereziak konplikatuak izaten dira inguruan, etxean, heriotz bat izan dutenentzat. Zoritxarrez, etxe gehienetan egoten dira aulki hutsak.
Niretzako oraindik ere Gabonak jai kuttunak dira. Hori bakoitzak ematen dion zentzuaren araberakoa da. Dolua ondo egin ezkero buelta eman ahal diozu eta beste ikuspuntu batetik ikusi. Ateak zabalik edukita, jendeak txarto, ondo edo erdi-purdi pasa ditzake egun berezi hauek, baina egia da gure kultura kristauan data inportanteak direla. Orokorrean, ez bakarrik Gabonetan, edozein krisialdi momentuan, dolua ondo egin ezkero posible da galdu ditugun pertsonak min hori sentitu barik gogoratzea, pakean eta serenitatetik Eta oroitzapen mingarri horiek beste era bateko oroitzapen bihurtzea. Hori lortuz gero, eta kasu gehienetan lortzen da, posible duzu hildakoaren urtebetetzea edo Gabonak beste modu batean bizitzea eta buelta ematea, beti ere presente edukita.

- Eta hori nola lortzen da?
%80k lortzen du aurrera egitea laguntza profesionalik gabe, familian eta lagunekin, konpartitzen eta negar asko egiten. Eta beste kasuetan laguntza profesionala behar izaten da (psikologoak, psikiatrak…) Hau hainbat gauzarekin oso lotuta joaten da: heriotza nola izan den, hildakoaren adina, bizitzaren zein momentutan harrapatu zaituen… Dolua ez da gaixotasun bat. Erreakzio natural bat da, batzutan trabatu egin daitekeena. Askotan isolamenduak eta isiltasun jarraituak eragiten ditu arazo larrienak. - Denborak dena sendatzen omen du… Hau ez da guztiz egia. Denborak ez du ezer sendatzen, denborarekin egiten du