Iñaki Salvador, musikaria: "Mikelen abestiek bereziki motibatua sentiarazten naute"

Iñaki Salvador, musikaria: "Mikelen abestiek bereziki motibatua sentiarazten naute"
2012/10/18 eta kitto!

- Nolakoa izango da Coliseoan eskainiko duzun emanaldia?
Kontzertuan neuk jardungo dut bakarrik, pianoarekin. "Lilurarik ez" CD-an grabatutako abestiak joko ditut, besteren batzuk gehituta. Disko horrek kontrabaxuarekin eta bateriarekin batera hirukote modura egindako lana jasotzen du, baina Eibarko kontzertua formatu intimoagoan emango dut eta, beraz, inprobisazioak garrantzi handia izango du.

- Laboarekin batera, pianoarekin hari laguntzen jardun zenuen luzaroan. Musikari modura ahalegin berezirik eskatu zizun horrek?
Ikaragarrizko luxua izan zen, bai musika arloan bai maila pertsonalean ere. Hala ere, berarekin batera jardun nuen bitartean ez nuen sekula izan horren handia zen norbaiten aldamenean beharrean jardutearen sentsazioa, Mikelek sortutako harremana oso naturala eta gertukoa zelako.

- Ardura handia da Laboa moduko norbaiten kantak moldatzea? Bere abestiak jazzera moldatzeko egokiak dira ala aukeraketa bereziren bat egin duzu?
Ardura bai, sentitzen dut, baina ez daukat inolako beldurrik. Niretzat oso garrantzitsua da emozionaletik egitea, harreman profesionaletik haratago lagun modura izan genuen harremanarengatik. Bestela oso sentsazio organiko eta naturala da, kasu gehienetan sarritan berarekin batera jo izan nituen abestiak dira eta orain bere ahotsa ez izatearen nostalgiatik eta, beraz, oso modu aske eta inprobisatuan forma emateko aukeratik abiatuta heltzen diet. Abesti oro, eta Mikelenak ez dira salbuespena, inprobisaziotik birsortzeko aukera eskaintzen dute. Hala ere, argi dago Mikelenak oso ondo ezagutzen ditudala eta nigan bereziki motibatua eta zintzoa sentiarazten nauten sentsazio eta usain gozoak eragiten didatela.

- Gaur bertan estreinatuko duzue "Soinujolearen semea". Ikuskizuneko musika zuk konposatu duzu eta, gainera, taula gainean zu zara soinujolea. Nolako esperientzia izan da?
Okasiorako sortu dudan musika zuzenean jotzen dut ikuskizunean. Esperientzia modura erronka zoragarria izan da, bai egileagatik (Bernardo Atxaga), bai aukeratutako musikagatik eta baita ikuskizuna sortzen jardun duen lantaldeagatik. Estreinaldia dela eta ilusio handia daukagu. Antzezlanetan musika zuzenean eskaintzen bereziki eroso sentitzen naiz, askotan bizi izan dudan esperientzia da eta oraingo honetan dena zoragarri joan da. Gainera, kontuan izan behar da muntaiaren zuzendaritza Fernando Bernués-en eskutan egon dela eta aurretik ere antzerako lanetan hamaika aldiz jardun izan dudala berarekin batera .