Iñigo Rodriguez eta Amaia Trokaola (Enplegu Anezka-ko kideak): "Lana beste modu batean bilatzen ikasten ari gara”

Iñigo Rodriguez eta Amaia Trokaola (Enplegu Anezka-ko kideak): "Lana beste modu batean bilatzen ikasten ari gara”
2016/07/22 eta kitto!
Lanpostu bat aurkitzea erronka handia da gaur egungo gazteentzako. 25-35 urte bitarteko gazteei lana bilatzen laguntzeko, bi Enplegu Anezka jarri dira martxan, lehenengo aldiz, Gipuzkoan: bata Oarsoaldean eta bestea Debabarrenan. Proiektu honen berri izateko bertan parte hartzen diharduten bi eibartarrekin egon gara Debegesako lokaletan: 28 urteko Amaia Trokaola (industri ekipoen mantenimendua eta arte grafikoetan inpresioa) eta 25 urteko Iñigo Rodriguez injienari kimikoarekin.

- Noiz hasi zineten eta nolako perfila daukazue bertan parte hartzen ari zareten gazteek?
Apirilean hasi ginen eta irailera arte egongo gara. Astelehenetik ostegunera goizez etortzen gara Debegesera (Azitaingo industrialdea). 25 pertsona hasi ginen eta orain 10 inguru gelditzen gara, batzuk lana aurkitu dutelako eta beste batzuk beste zeregin batzuetan hasi direlako. Taldean, gutaz gain, ikasketa eta alor desberdinetako jendea dago: administraritza, pedagogia, elektrizitatea, psikologia, disenu grafikoa, nazioarteko komertzioa, topografia, lan arriskuen prebentzioa, turismoa, heziketa soziala.. Debegesak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Santa Maria La Real Fundazioa eta Telefonica Fundazioarekin lortutako hitzarmenari esker sortutako ekimena da.

- Zeintzuk dira programa honen helburuak eta zelako gauzak egiten dituzue?
Jende gazteari lana bilatzen laguntzea da helburu nagusia. Danetik egin dugu: hasieran helburuak eta balioak zeintzuk izango ziren ikusi genuen, logo bat egin dugu, lelo bat ere sortu dugu (“ezagutzak landu eta emaitzak zabaldu”), komunikazioa asko landu dugu... Talde handia ginenez, departamentutan banatuta hasi ginen, sail bakoitzak bere helburuak zituen. Orain, gutxiago garenez, beste sistema bat daukagu, proiektuka banatuta gaude, bakoitzak bere arduraduna dauka, eta horrek erabakitzen du zelan egin proiektua eta zeinek egin behar duen. Talde-lana eta bata besteari laguntzea ezinbestekoa da.

- Enpresetara bisitak egitera eta zeuen burua aurkeztera joaten zarete, ezta?
Horrelako bisitak sarritan egiten ditugu, ahalegintzen gara astean bi edo hiru egiten. Bakoitzak zerrenda bat prestatu du ezagutu nahi dituen enpresekin. Deitu egiten diegu eurekin geratzeko eta, haraino joatea lortzen badugu, gure perfila erakusten diegu, kurrikuluma lagatzen diegu… Kontua da soltatzea eta beste modu batean bilatzea lana. Ez da gauza bera kurrikulumak bidali eta kitto, edo enpresako arduradunarekin aurrez-aurrez berba egitea. Hurrengo bakantea dagoenean gurekin oroitzea da helburua. Horretarako triptiko bat. sortu dugu. Bertan  bakoitzaren argazkia,  bakoitzak sortutako esaldi  bat eta profesionaltasun-maila eta emaila azaltzen dira.

- Zergatik da onuragarria horrelako proiektu baten sartzea?
Gauza asko ikasten dira. Komunikazio gaitasuna asko landu dugu. Adibidez, bideoak egiten ditugu, norberaren aurkezpenarekin,  eta gero zelan egin dugun aztertzen dugu. Orain errazago egiten dugu dena.  Ikasi dugu gure burua aurkezten eta baita saltzen ere, eta hau oso inportantea da.  Horretaz gain, Debegesaren edo Anezkaren izenean joatean ate asko zabaltzen zaizkizu. Ikastaroetara eta hitzaldietara ere joan gara, eta baita enplegu azoketara ere, hemen inguruan eta Madrilen. Kurrikulumak ondo lantzen eta elkarrizketa batean zelako jarrera eduki behar den ikasi dugu, eta baita zer galdera mota eta galdera “tranpa” dauden, eta guk  elkarrizketatzaileari zer galdetu ahal diogun ere. Sare sozialetan egotea ere ezinbesteko da. Gure bisibilitatea handitzeko bi ekimen solidario antolatzen ari gara. Gurutze Gorriarekin premia ekonomikoak dituzten familiendako eskola-materiala bilduko dugu abuztuaren amaieran eta irailaren hasieran. Eta Andretxeakin egin dugu berba langabezian dauden pertsonei euren kurrikuluma hobetzen laguntzeko.