Iosu Arraiz, Mankomunitateko presidentea: “Egun hauetan denbora eta aukera ona daukagu hondakinak ondo sailkatzeko"

Iosu Arraiz, Mankomunitateko presidentea: “Egun hauetan denbora eta aukera ona daukagu hondakinak ondo sailkatzeko"
2020/03/31 eta kitto!
Debabarrena Eskualdeko Mankomunitatea neurri berriak hartzen joan da Koronabirusak eragindako egoeraren aurrean. Hala nola,  kaleen garbiketa berrantolatu dute, zenbait edukiontzi zabalik utzi dituzte eta beste hainbatetan pedalak ezarriko dituzte hurrengo egunetan. Koronabirusean positiboa eman dutenen eta berrogeialdian dauden pertsonen hondakinak kudeatzeko jarraibideak ere eman dituzte.  Horretaz guztiaz eta  birziklatzen jarraitzearen garrantziaz egin dugu berba Iosu Arraiz Debabarreneko Mankomunitateko presidentearekin.

Lehenik eta behin, nola zaudete osasunez eta animoz, eta nolako eragina izan du Covid-19ak zeuen eguneroko funtzionamenduan?Animoz ondo, eta osasunez, momentuz behintzat, ondo. Beraz, ezin gara kexatu. Mankomunitatetik eskaintzen dugun zerbitzua oinarrizko zerbitzuetako bat da, eta bertako langileekin eskaintzen dugu zerbitzua. Beraz, taldeen berrantolaketan eragin digu gehien bat Covid-19ak. Hori izan da aldaketa nagusia. Ahal diren lan administratiboak etxetik egiten dira, baina badira beste batzuk, zerbitzuarekin zuzenean lotuta daudenak, bulegotik egiten jarraitzen ditugunak. Bulegoetako lanpostu guztietan betetzen ditugu, hala ere, segurtasun-neurri guztiak, eta bulegoak berrantolatu ditugu jendea bakarrik egoteko lanean.

Hondakinen bilketa eta kaleen garbiketa dira zuen zeregin nagusiak. Nolako neurriak hartu dituzue orain arte koronabirusari aurre egiteko?
Kaleen garbiketa berrantolatu dugu eta makina bidez egiten diren zerbitzuei eta desinfekzioei lehentasuna eman diegu. Kaleak baldeatzen eta desinfektatzen gaude eta horretarako sodio hiploritoa erabiltzen dugu; arreta berezia jartzen ari gara gaur egun zabalik dauden denda inguruetan eta eskudela eta antzeko hiri-altzarietan. Horiez gain, zabor- edukiontzien inguruak ere desinfektatzen dihardugu. Gainera, edukiontziak zabalik utzi ditugu, lurrean jartzen diren poltsak ekiditeko alde batetik, eta segurtasun- eta osasun-neurri bezala bestetik. Covid-19a duten pertsonek edukiontzi grisa erabili behar dutenez, segurtasun-neurri bezala hartu genuen erabaki hori. Errefusaren edukiontzietan bezala, organikoa biltzeko edukiontzietan ere pedalak jartzen hasi gara. Herritarrek eskudelak ikutzea saihestu nahi dugu, eta epe motzean segurtasun-neurri moduan funtzionatuko badu ere, gerora begira ere balioko du.


Nola ari dira portatzen herritarrak? Birziklatzen jarraitzen dute?
Orokorrean jarrera ona ikusten dugu, batez ere lurrean pilatzen diren poltsen inguruan, gutxiago daude orain dagokien lekutik kanpo. Herritarrek birziklatzen jarraitzen dute, bai, baina oraindik ez dauzkagu eskuragarri datu guztiak. Bi kasu bereizi behar ditugu: batetik, Covid-19a dutenak (ez dute birziklatu behar eta guztia errefusara bota behar dute bi poltsatan sartuta) eta, bestetik, gainontzeko herritarrak (birziklatu egin behar dute). Herritarrei esango nieke, egun hauetan denbora gehiago dugula-eta, kontuan izan dezatela zabor bakoitza nora bota, hondakinak ondo sailkatzeko denbora har dezatela. Aukera ona izan daiteke.


Konfinamendu aldian aldatu egin dira sortzen diren hondakin-motak?
Aurreko egoerako datuekin alderatuz, nahiko berdintsuak dira momentuz, egia esan. Kontuan izan behar dugu, askok etxean garbiketak egiteko aprobetxatu badute ere, komertzioak itxita daudela, eta ez dutela hondakinik sortzen. Frakzioei buruz, momentuz behintzat, ez da aldaketa nabarmenik antzeman.


Lana egiteko modua berrantolatu behar izan duzue?
Bai, zerbitzua birmoldatu egin dugu. Langileen osasuna bermatzeko txandakatu egin ditugu lanerako sarrerak adibidez, euren artean ahalik eta kontaktu gutxien egon dadin. Horretaz gain, zerbitzuaren zati bat erreten moduan dago etxean, zerbitzuko inor gaixotuko balitz lanean jarraitu ahal izateko eta zerbitzua beti bermatuta egoteko.


Etxean koronabirusa duen baten bat izanez gero, neurri bereziak hartu behar dira gaixo horrek sortzen dituen hondakinekin edo erabiltzen dituen gauzekin?
Koronabirusa duen norbait etxean izanez gero, bere hondakinak eta erabilitako eskularru, maskarilla... guztiak boltsa desberdin batean sartu behar dira. Ondoren, poltsa hori beste poltsa batean sartu behar da eta oso ondo itxi. Bukatzeko, lehen aipatu dudan bezala, ezin dituzte hondakinak birziklatu, eta guztiak batera errefusaren edukiontzira bota behar dituzte.


kontenedoreak