IRENE SACEDA: “Edozein musika estilotan abesten dut gustora”

IRENE SACEDA: “Edozein musika estilotan abesten dut gustora”
2012/05/11 eta kitto!

-Joan den asteburuan ETB 1eko Kantuan saioan aritu zinen. Zer moduz?
Oso ondo. Hasiera batean nahiko urduri negoen, baina gero martxa hartu, abesten hasi eta gustora egon nintzen.
-Hala ere, aurretik entseguak egin zenituen?
Bai, bai, hiru bat aldiz entsaiatu genuen aurretik.
-Nola irten zitzaizun lehiaketan parte-hartzeko aukera?
ETBkoek Eibarko Koro Gazteko zuzendari Elena Martini deitu zioten eta 13 urteko neska bat behar zutela esan zioten. Orduan, niri esan zidaten parte-hartzeko.
-Lehiaketan aritzeko esatean berehala esan zenuen baietz?
Bai, berehala! Nik baietza eman eta ETBkoekin kontaktuan jarri nintzen orduan.
-Zure saioa telebistan ikusi duzu?
Bai.
-Nola da zure burua telebistan kantuan ikustea? Zer sentitu zenuen?
Ondo sentitu nintzen. Hasieran arraroa egin zitzaidan nire burua telebistan egitea. Bestetik, desberdin ikusten da telebistan, ez da han ikusten duzun bezala. Telebistan dena handiagoa ikusten da.
-Nola funtzionatzen du saioak? Botazioak daude? Jendea kaleratzen dute?
Bai, hainbat lagunek euren botua ematen dute, baina ni gonbidatu moduan joan nintzen. Hainbat lagun ‘fijo’ moduan daude han eta euren artean abesti onena aukeratzen dute. Ni, gonbidatu bezala joan nintzenez, ez nintzen joku horretan sartzen.
-Vivo per lei abestian kantatu zenuen. Arrazoi berezi batengatik?
Eibarko Koro Gaztean pare bat aldiz abestu izan dugu abesti hori eta oso polita da. Gero, ETBra joan aurretik hainbat proba egin nituen, abesti hori kantatu nuen eta asko gustatu zitzaien.
-Zein musika estilotan aurkitzen zara gustorago?
Berdin zait, denetan nago eroso. Koroan edozein estilotako abestiak kantatzeko ohitura daukagu, beraz, denetan aritzen naiz gustora.
-Zein da zure musikari gustokoena?
La oreja de Van Gogh asko gustatzen zait. Orain dela gutxi Eibarren egon ziren eta ikustera joan nintzen. Bai lehengo abeslariarekin, bai gaur egunekoarekin gustatzen zait taldea.
-Bueltatuko zara ETBra?
Bai. Datorren asteko zapatuan Eibarko Koro Gaztearekin egindako saioa emitituko dute Kantuanen. Proud Mary abestia kantatuko dugu.