Isabel Nogales, misiolaria: “Aberastasuna ez dago poltsikoan, buruan baizik”

Isabel Nogales, misiolaria: “Aberastasuna ez dago poltsikoan, buruan baizik”
2019/06/07 eta kitto!
Bizitasun handiko emakumea da Isabel Nogales. Besteak laguntzen eman du bizitza eta proiektu garrantzitsuak ditu esku artean oraindik. Perun eta El Salvadorren egon ondoren, Guatemalan bizi da gaur egun. Mila gauza egin ditu eta mila istorio ditu kontatzeko, baina bere aktibitateak ez du etenik. Familia bisitatzen egon da Eibarren eta Guatemalara joateko gonbidapena egiten dio bere proiektua ezagutu eta laguntzeko prest dagoenari (+502 5155 6412 telefono zenbakiaren bitartez kontaktatu daiteke berarekin).

 

- Noiz jaso zenuen Jainkoaren deia deritzona?

Beti eduki izan dut misio-lanen inguruko interesa eta beharrak dituzten pertsonak laguntzeko gogoa. Nerabetasunean denbora asko pasatzen duen Karmengo parrokian eta hor piztu zitzaidan guzti hau. Familiak ere eragina izan zuen, langile ideologia sendoko familian hazi nintzelako. 18 urterekin bizitzan bide bat aukeratzeko ordua iritsi zitzaidan eta, familia osatu beharrean, besteen zerbitzurako ekintzak egiten ikusten nuen gehiago neure burua. Misiolari izateko aukera bide erlijiosoa baino lehenago aurkitu nuen. Kongregazio misiolariei buruz galdetu nion zuzendari espiritualari, eta Eibarren kongregazio batzuk bazeuden ere, Debako karmeldar misiolariekin joan nintzen. Iruñeako nobiziotegian egon eta, ondoren, Madrilgo behe-auzo batera joan nintzen.

- Madrilera zertara?

Haurtzaindegiko irakasle moduan. Gizarte-lanaren inguruko ikasketak egin nituen eta, amaitzean, Perura joan nintzen 1977an.

- Zein izan zen zure misioa Perun?

Hezkuntzan egin nuen lan ‘Fe y Alegria’ izeneko eskoletan. “Errepidea amaitzen denean hasten da ‘Fe y Alegria’”, da eskolaren goiburua, populazioaren maila pobreenekin egiten dugulako lan. Han ez genuen ez argirik, ez urik, ezta isurbiderik ere. Beraz, hezkuntzan lan egiteaz gain, funtsezko behar horiek konpondu behar izan genituen. Bost urte itxaron behar izan genuen konpontzeko.

- Asko borrokatu behar izan zenuten?

Erresistentzia pasiboa egiten genuen. Pasiboa zen biolentziarik erabiltzen ez genuelako, baina era berean aktiboa ere bazen, biztanleriak modu masiboan borrokatu zuelako erakundeen aurrean. Eskatutako oinarrizko zerbitzuak lortu genituen, baina ekintza hura larrutik ordaindu nuen. Agintariek iraultzailea eta Bidezidor Argitsua (‘Sendero luminoso’) taldeko kidea nintzela zioten, baina ez zen horrela izan. Guk modu xumean egin genuen lan herria kontzientziatzen, beste barik, ez zuen kutsu subertsibo edo gerrillaria izan.

- Arazoak izan zenituen?

Eibarrera oporretan etorri nintzen eta agintariek ez zidaten utzi Perura itzultzen. Banekien bilaketa eta harrapaketa agindupean nengoela, lagun batek esan zidalako.

- Orduan, Eibarren geratu zinen?

Madrilen hainbat urte egin nituen, Segovian ijitoen komunitatearekin egin nuen lan eta gero Parlara (Madril) joan nintzen. Migratzaile asko zegoen eta ez zuten ia ezer. Beraz, Gabon batzuetan txartel batzuk egin eta migratzaileen artean banatu nituen. Nire asmoa eurekin batzea zen, Gabonak ospatzeko eta euren egonaldia hobetzeko. Lehen bileran ehundik gora lagun elkartu ginen. Lan eta etxebizitza beharra zuten, eta hizkuntzarekin arazoak zituzten. Beraz, gaztelera ikasteko klaseak antolatu eta kulturarteko harremanak sustatu genituen. Esperientziak arrakasta izan zuen eta sistematizatu egin genuen. Gobernuaren interesa piztu genuenez, dirua jasotzen hasi ginen, baina soldatari uko egin eta zentroa hobetzeko erabili genuen.

- Parlako esperientzia eta gero, zer egin zenuen?

Getafen klaseak eman nituen bi urtez eta, gero, El Salvadorrera joan nintzen. 1992 urtea zen, eta Gerra Zibila amaitu eta Chapultepeceko Bake Hitzarmena sinatu berri zen.

- Nolako egoera bizi zen El Salvadorren?

Zauriak irekita zeuden eta gabezia handiak zituzten, baina martiri espirituaren indarrarekin egin nuen topo. Perun ikusitakoarekin zerikusia zuen, baina El Salvadorren ederragoa izan zen. Horrelako egoeretan mistika berezia sortzen da eta indar horrekin gauza asko lortu daitezke. Jendeak dena ematen eta galtzen duenean, gehiago arriskatzen du zerbait lortzeko. Jendea beti dago auzolana egiteko prest eta antolakuntzarako gaitasun handia dute. Komunitatearen beharrak antzeman eta konpondu egiten dituzte. Elizan ere kultuari ez diote denbora gehiegirik eskaintzen, akziora pasatzen dira. Euren arbasoen kulturek komunitate izaera dute, baina baita guatemalarren arbasoek ere eta hauek, ordea, izaera hori galdu dute.

- Zergatik galdu dute izaera hori Guatemalan?

Neoliberalismo basatiaren ondorioz. Ez da bakarrik arbasoen kontzientzia galdu dutela, euren iraganaz lotsatu egiten dira baita ere. ‘Kantxeak’ (ile-horidunak, azal zuridunak, begi argidunak...) izan nahi dute, nahiz eta euren azal koloreak euren sustraiak zeintzuk diren zehazten dien. Zurien kultura menderatzailea euren arbasoena baino baliotsuagoa dela uste dute.

- Zenbat denbora egon zinen El Salvadorren?

23 urte. ‘Fe y Alegria’ eskoletan egon nintzen. Gizartearen sektore pobreetako 1.950 ikasle inguru zeuden eta ehundaka gazteri karrerak ikasteko aukera eskaini genien. Beken bitartez laguntzak lortzen genituen eta ikasle argienek hartzen zituzten. Ikasleen balio hori ez genuen alferrik galdu nahi. Izan ere, aberastasuna ez dago poltsikoan, buruan baizik.

- Ikasle batzuk aurrera egin ahal izan zuten, baina nolako etorkizuna izan dezakete besteek?

El Salvadorreko egoera okertu egin da azken urteotan. Ni iritsi nintzenean elkarri laguntzeko izpiritua zuen biztanleriak, baina orain Mara deritzon gaizkile-taldeen presentzia eta narkotrafikoa asko hazi da. Arazo honen jatorria ez dago El Salvadorren, AEB-tan baizik. Gerra Zibilean salvadortar askok AEB-ra egin zuen ihes eta gerra amaitzean itzuli egin ziren, baina AEB-tan edoskitako egoerarekin: droga, antolakuntza kriminala...

- Zergatik utzi zenuen El Salvador Guatemalara joateko?

El Salvadorren esku artean nituen proiektuak amaitu nahi nituen, baina San Pedro Pinulan (Jalapa departamendua, Guatemala) misio berria zabaldu zuten eta hara bidali ninduten. Klinika txiki bat zuten, oinarrizko zerbitzuekin, baina unibertsitatearekin akordioa egin eta ikasleek praktikak bertan egin ditzaten lortu genuen. Bestetik, ordenagailu-gela bat ere bazuten, nahiko txukuna, baina ikasle gutxirekin. Beraz, ikasleak geureganatzen ibili nintzen. Gainera, klinikan medikuntza tradizionalaz gain medikuntza naturala ere erabiltzen dugu eta sendabelarren ortua daukagu.

- Beste proiekturik jarri duzue martxan?

Sastraka moztu ondoren landare-haztegi bat jarri genuen fruta-arbolekin. Abeletxe txiki bat egiteko ideia ere izan nuen, bertan ekoiztutakorekin familia-abeltegi txikiak egiteko, desnutrizio handia dagoelako. Gainera, hainbat tailer egiten ditugu (xaboia egiten ikasi dugu eta ongarri organikoa egin nahi dugu, adibidez).