ISMAEL SAMADI, Eusko Islamiar Kontseiluko presidentea: "Musulmanen premiak betetzeko beharrean jardungo dugu"

ISMAEL SAMADI, Eusko Islamiar Kontseiluko presidentea: "Musulmanen premiak betetzeko beharrean jardungo dugu"
2012/03/15 eta kitto!

- Nolatan jaio da Eusko Islamiar Kontseilua?
Instituzioen aurrean musulman modura dauzkagun premiak betetzea da gure helburu nagusia, orain arte horretarako ordezkari edo mintzaide baliozkorik ez delako egon. Musulmanek urte mordoa daramazkigu hemen bizitzen eta, gurekin lotutako gaien inguruan jarduteko bilera asko egin diren arren, praktikan ez da gauza haundirik egin eta gauzak aldatzeko denbora luzea zain eman behar izaten dugu. Elkartea sortuta, besteak beste, horrelako prozesuak arintzea bilatzen dugu.

- Elkartean, zurekin batera beste eibartar batzuk ere badaude. Gaur egun gure herrian zenbat musulman bizi den badakizue?
Oso zaila izaten da benetako kopuru bat zehaztea, irregulartasunak tartean erregistratu bariko asko egon daitekeelako, baina erroldan jasotakoari begiratuz gero, 800 bat izango garala pentsatzen dot.

- Eta zeintzuk dira musulman modura dauzkazuen behar nagusiak?
Estatuaren eta islamiar komisioaren arteko kooperazioaren inguruko 26/1992 legea egon badago, baina hemen, estatuko beste toki gehienetan gertatzen den moduan, ez atzera ez aurrera, geratuta dago. Egia da premia batzuk betetzeko moduan izan garala, adibidez mezkitak zabalduta, baina kanposantuen kasuan ez da aurrerapauso haundirik eman: gure ohiturei jarraituta hilobiratu nahi duenak bakarrik Derion dauka horretarako aukera. Bestela, kanpotik etorritakoa izanez gero, gorpua jatorrizko herrialdera bidali, beste aukerarik ez dago, horrek dakarren guztiarekin. Baina ni hemen jaiotakoa naiz eta hiltzean hemen lurperatzea nahiko nuke.

- Hortik kanpora ere, egunerokotasunarekin lotutako beste premia batzuk ere badituzue, ezta?
Bai, adibidez legeak ikastetxe publikoetan, ospitaletan eta horrelakoetan gure kulturari dagokion janaria izateko eskubidea aitortzen badigu ere, praktikan ez da betetzen. Langabeziak ere gizartearen beste sektore batzuei baino gogorrago eragiten digu eta horri irtenbideak bilatzeko beharrean jarduteko asmoa dugu.

- Baina eskaerez gain, musulman eta herritar modura ere gizarteari eskaintzeko gauzak badauzkazue.
Jakina, elkartea jaio berria da, apenas hiru asteko ibilbidea daukagu eta denbora horretan ezin izan da gauza askorik egin, baina abiarazi nahi dugun lehenengo proiektua elikagai-banku baten sorrera da, premiak dauzkatenei, musulmanak izan ala ez, jatekoa emateko. Hori martxan ipintzeko tokia bilatzeari zein bestelako guztiak zehazteari ekingo diogu. Jendeak zer egiten dugun, nolakoak garen eta bestelako guztiak ezagutzea gustatuko litzaiguke, ez baitugu ezer ezkutatzen. Elkartearen jardunaren berri emateko, bestalde, bloga sortu dugu interneten (http://consejoislamicopaisvasco.blogspot.com).