Itziar Fernandez, G7 EZ plataforma: “G7-aren aurkako kontra-gailurrak alternatiben gailurra eraiki du”

Itziar Fernandez, G7 EZ plataforma: “G7-aren aurkako kontra-gailurrak alternatiben gailurra eraiki du”
2019/09/06 eta kitto!
Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kidea da Itziar Fernandez elgoibartarra eta, horrez gain, ekologia eta feminismoaren alde borroka egiten du buru-belarri. G7-aren aurkako kontra-gailurrean bozeramaile lanak egin ditu, G7-ak ordezkatzen duen sistemaren aurrean alternatibak planteatuz. Urtebeteko lana egin du kontra-gailurra prestatzen eta egun mugituak bizi izan ditu abuztu amaieran.

 

- Kolore eta ikuspegi ezberdinetako eragileak bildu zarete kontra-gailurra prestatzeko. Nolako lana izan da?

Bi plataforma ibili gara lanean. Biak batera, baina bakoitza bere ezaugarriekin. Batetik, frantziar estatuan sortutako Alternative G7; eta bestetik, Euskal Herrian eratutako G7 EZ. 2018ko irailean hasi ginen lanean eta bi astean behin bildu gara. G7 EZ plataformaren barruan Hego eta Ipar Euskal Herriko eta atzerriko (Espainia, Alemania...) elkarte, herri mugimendu, sindikatu eta mugimendu politikoak batu gara, guztion ikuspuntuak aintzat hartuta elkarrekin egin beharreko bidea zehaztuz. Estatu frantseseko aginpideak eta Irungo alkateak, besteak beste, oztopo ugari jarri dizkigute, baina aurrera egin dugu. Oso pozik gaude sare sendo bat eraikitzeko gai izan garelako, aurrera begira batez ere. Kontra-gailurra pasatu da, alternatibak ditugula ikusi dugu, baina sare hau sortzeari garrantzia eman behar diogu. Egitaraua guztion gustora diseinatzeko adostasun batera iristeko gai izan ginen (nahiz eta gauza batzuk kanpoan geratu diren) eta horrek balio handia du.

- Nolako egunak bizi izan zenituzten kontra-gailurrean?

Oso biziak. 50 hitzaldi baino gehiago, tailerrak eta beste hainbat ekintza egin ditugu (Ficoban gehienak) eta alde batetik bestera korrika ibili bagara ere, lana ondo bete dugu. Guzti hau hasi aurretik demaseko kriminalizazioa egon da kontra-gailurraren aurka eta Eusko Jaurlaritzak zeregin handia izan du kontu horretan. Gizartean demaseko beldurra eragin du jendeari muga ez pasatzeko esanez, kamioiak La Jonquerara bidaliz... 4.000 ertzain bidali zituen mugara! Eskandalagarria da euskaldunon dirua horrela erabiltzea. Kontra-gailurraren mugimendua deslegitimatu nahi zuten bortizkeria erabiliko genuela esanez, nahiz eta eurek ondo jakin plataforma barruan adostu genuela ez genuela probokatuko ezta probokazioei erantzungo. Eta zer esan Macronen gobernuaz. Ez dira herritarrengandik aparte bizi, beste galaxia batetan bizi direla dirudi. Ipar Euskal Herriko kostaldea suntsitu dute, erabat bunkerizatuta egon delako.

- Egoera horren aurrean zuen programa gauzatzeko arazorik izan zenuten?

Prestatutakoa egiteko aukera izan dugu eta gaur gaurkoz esan dezakegu kontra-gailurra baino zerbait gehiago egin genuela. Kontra-gailurrak alternatiben gailurra eraiki du. Kontra-gailurrak irauten zituen hiru egunetan hausnarketa egin nahi genuen eta hortik ondorioak atera, baina ez betiko aldarrikapenak, baizik eta behar diren aldaketa estrukturalak.

- Nolakoa izan da jendearen erantzuna?

Azken egunean, adibidez, 6.000 pertsona inguru egon ziren kontra-gailurrean. Kanpamenduan 2.000 pertsona baino gehiago egon dira eta oso ongi funtzionatu du. Manifestaldia, bestetik, arrakastatsua izan zen. Jende asko ez zen etorri erakundeek eta hedabideek eragindako beldurraren ondorioz, demaseko borroka egongo zela pentsatuz, baina ikusi zen bezala ez zen ezer gertatu eta askok esan digute pena eman ziela ez joateak.

- Protesta ez biolentoa egiteko hautua egin zenuten. Zergatik?

Kontra-gailurra prestatzeko 6-7 orduko bilerak izaten genituen, berba asko egin genuen eragile guztion artean eta kontra-gailurrean gure portaera nolakoa izan behar zen zehazten duen dokumentua eratu genuen. Bitartekaritza batzorde bat sortu zen iskanbilaren bat gertatuz gero jarduteko, baina ez zen horretarako beharrik egon. Kontra-gailurreko hitzaldi edo tailerretan jendea libre izan zen pentsatzen zuena esateko, eztabaida eraginkor eta egokiak sortu ziren, eta kontra-gailurraren barruan ez zen bortizkeria arazorik egon. Uste dut kontra-gailurra edo alternatiben gailurra oso duina, oso ondo antolatua eta arrakastatsua izan zela. Gainera, garbi geratu zen lanerako ildoak nondik joan behar diren.

- Zeintzuk dira kontra-gailurrean proposatutako alternatibak?

Datorren astean batuko gara kontra-gailurrean atera ziren ideia eta alternatibak ordenatu eta zehazteko, beraz orain zaila da zerbait zehatza esatea. Hala ere, esan behar da G7-an transnazionaletako, bankuetako eta beste hainbat erakundetako arduradunak bildu zirela munduko zazpi herrialde aberatsenetako buruzagiez gain. Horrelako gailurrak negozioak egiteko erabiltzen dituzte. Gu beste mundu baten alde gaude eta argi dugu bertan bildu zirenen kontra egin behar dugula, eurak direlako planeta suntsitzen dutenak. Munduko hainbat lurralde espoliatzen dituzte eta hortik datoz klima eta ingurumenaren arazoak. Bestetik, pentsatzen dugu feminismoa ardatz bat izan behar dela beste mundu bat eraiki nahi badugu. Gainera, herrien aniztasuna eta askatasunaren inguruan ere lan egin dugu neokolonialismoa salatuz. Gerrak eta inperialismoa oso presente egon dira kontra-gailurrean, migrazioak bezala, eta baita demokrazia soziala nola izan beharko litzatekeen ere. Zazpi ardatzen inguruan mugitu gara eta kapitalismoaren alternatibak zeintzuk izan daitezkeen ikusi dugu. Orain horren inguruan lan egitea geratzen zaigu.

- Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteko kidea izanik, migrazioaren gaia gertutik ezagutuko duzu, ezta?

Migrazioari alternatiba bat eskaini behar zaio. Pertsona guztiek eduki behar ditugu eskubide guztiak eta migrazioak beharrezkoak dira. Mendebaldetik sortzen ditugun arazoengatik migratzen du jendeak, baina hemen era bateko migrazioa bakarrik nahi dugu, ondo hezitako jendearena, eta funtzionalak ez diren migratzaileak Mediterraneo erdian geratzen badira, hobeto. Migratzaileek ez dute euren herrialdea uzten horrela nahi dutelako, behartuta baizik. Bestetik, ikusten dugu nola kriminalizatzen den migratzaileekiko elkartasuna (adibidez, migratzaileak salbatzeagatik 20 urteko kartzela zigorra ezarri nahi dioten Miguel Roldan Sevillako suhiltzailearen kasua).

- Esan bezala eragile, herri mugimendu eta mugimendu politiko askoren elkarlana izan da kontra-gailurra. Alternatibaren bidea hasia da dagoeneko?

Lortu dugun sarea mantentzea eta gehitzea da gure asmoa, kontra-gailurrean eztabaidatu eta adostutakoa landu eta garatzeko. Datorren asteko bileran horri forma emango diogu eta hemendik aurrera egin beharrekoak zehaztuko ditugu borrokan jarraitzeko. Izan ere, borroka egiten ez badugu, alternatibak paper errean geratuko dira. Jende asko hurbildu zaigu kezkatuta, kezkatuta egoteko arrazoiak ditugulako (klima-aldaketa, desberdintasunak, gerra inperialistak, indarkeria matxista, migrazioa, langileriaren bizitza prekarioa...). Mundua egoera larrian bizi da.