Jabi Zabala, Lisker taldeko baxu-jotzailea: “Justu justuan ailegatu gara, baina errepidean gaude berriro”

Jabi Zabala, Lisker taldeko baxu-jotzailea: “Justu justuan ailegatu gara, baina errepidean gaude berriro”
2022/07/22 17:07
eta kitto!
Eibarko Jeiki eta Zima taldeetan ibilitako musikariek sortu zuten Lisker taldea 70eko hamarkadan. Talde bi horiek bat egin zuten sasoi hartan urtero udan Lekeitioko hondartzan antolatzen zen Lekeitio Rock Jaialdian, eta egun hartan sortu zen folk-rock talde bat eratzeko ideia. Jeikiko Ernesto Gomez (ahotsa eta gitarra akustikoa) eta Jabier Zabala (baxua) eta Zimako Julian Alberdi (gitarra elektrikoa) eta Josean Salado (bateria) batu ziren Liskerren, Jesus Gil (flauta) kide berriarekin batera. Jotzen hasi eta, berehala, Basauriko rock lehiaketa irabazi zuen taldeak eta, horri eskerrak, diskoa grabatzeko eskaintza egin zion Xoxoa diskoetxe sortu berriak. Liskerren sorreratik gaur arte, taldean jarraitzen duen bakarra Jabi Zabala baxu-jotzailea da, zalantza barik Lisker taldearen aurpegirik ezagunena. Berarekin egon gara, aurtengo udan nondik nora ibiliko diren kontatzeko.

Azken bi urteak etxean sartuta egon eta gero, nolakoa ari da izaten plazetara buelta?


Pozgarria. Egia esateko, justu justuan ailegatu gara, maiatzean oraindik ez genekielako talderik egongo zen ala ez. Lehenengo gitarristak taldea laga zuen eta berria bilatu behar izan genuen. Eta otsailean, berriz, azken urteotan gurekin aritu den bateria-jotzaileari lanerako aukera on bat irten zitzaion eta hark ere taldea laga zuen. Maiatzean sartuta eta gauzak horrela, ezin genuen konpromisorik hartu, talderik izango genuen ala ez jakin barik. Azkenean lortu genuen bateria-jotzaile berri bat eta, ia entseatzeko denbora barik, horrela igo ginen berriz taula gainera.

Orduan, Sanjuanetarako prestatzeko denborarik ere ez zenuten izan ia...

Pare bat alditan entseatu eta listo, bateria-jotzaileak 75 abesti inguru ikasi behar izan zituen, pentsa! Baina oso pozik gaude jendearekin, oso ondo hartu gaituzte. Eta zer esanik ez Eibarko jendearekin, kristoren harrera egin ziguten eta. Eskerrak gazte jendeari, Untzaga plaza bete zutelako eta, gainera, hasieratik amaierara arte dantzan egon zirelako. Eta hori, pixka bat aurretik, Nele dantzakoen saioan, demaseko euri-zaparrada jausi zela! Hori eta gero, Gatiburen "Euritan dantzan" abestia jotzen dugun bakoitzean, gertatutakoa gogoratzen dugu.

Nolakoa izan da pandemia garaia? Jai barik, jotzeko aukera barik... Nola moldatu zarete?


Zailtasun askorekin eta, gainera, laguntzarik jaso barik. Taldeak maiatzean egiten du alta eta urrian, berriz, baja ematen du. Baina, pandemia martxoan hasi zenez, oraindik alta eman gabe geunden eta, beraz, laguntzak eskatzeko aukerarik ere ez genuen izan. Egun batzuetan pentsatzen nuen agian lagatzeko garaia ailegatu zela, adina ere banuela, baina, oztopoak oztopo, berriro errepidean gaude eta pozik, gainera.

Sanjuanetan, Amañako jaietan, Agurainen eta hainbat tokitan jotzen aritu zarete. Nondik nora ibiliko zarete udan?

Martxan horren berandu ipini eta gero, ezin gara kexatu, zazpi bat berbena lotu ditugu. Araba aldean asko jotzen dugu guk, asteburu honetan berriz ere Mendaron egongo gara. Ez dago gaizki, kontuan izanda maiatza aurretik ezin genuela konpromisorik hartu. Hala ere, herri txiki batzuetan zain eta dena egon dira, jo ahal izango genuela konfirmatu arte.

lisker taldeNolako errepertorioa daukazue? Zeren arabera aukeratzen dituzue toki bakoitzean joko dituzuen abestiak?

Geurea oso errepertorio zabala da, denetarik daramagu. Batez ere Euskal Herriko talde ezagunen kantuak jotzen ditugu, La Polla, Barricada eta horrelakoak, baita arrakasta lortu duten beste talde batzuen (Huntza, Gatibu, Berri Txarrak...) abestiak ere. Horrez gain, ezin dira falta dozena erdi euskal dantza klasiko, polka, fandango, zazpi jauziak... eta rantxerak eta betiko kantuak. Alde horretatik nahiko eklektikoak garela esan daiteke. Eta, aipatutakoez gain, gure "lokerixak" ere hor daude: "Follow the leader", "Saturday night", "La chica ye-ye" (azken hau geroz eta gutxiago)... Bestalde, umeendako kantu sorta bat ere badaukagu, eurei ere kasu egitea garrantzitsua da eta. Hemen ez horrenbeste, baina Araban ohitura handia egoten da arratsaldean pixka batean aritzeko, afaldu baino lehen, eta atsedenaldiaren ondoren berriz ere jotzen segitzeko, gaueko berbena luzatzeko. Horrelakoetarako "Pintxo Pintxo", "Euri tanta", "Astronauta" eta beste abesti ezagun batzuk eramaten ditugu.

Eta badago beti edo ia beti eskatzen dizueten kanturik?

Amaieran normalean balada estiloko kantuak, denok elkarrekin batera kantatzeko modukoak eskatzen dituzte. Azken urteotan zoritxarrez oso ezaguna egin den "Altsasukoak" asko eskatzen digute, baita "Lau teilatu" ere. Eta gero, boladaka, modak egoten dira. Adibidez, azken aldi honetan gazte jendeak Melendi eskatzen digu eta ez dakigu zergatik, guretzat misterio bat da, berarekin ia gogoratu ere ez zirela egingo pentsatzen genuen eta. Azken urteotan asko entzun diren taldeenak ere eskatzen dizkigute, Huntza eta horrelako taldeenak, antzinako kantuak ere bai... eta goizaldeko 04:00etatik aurrera punkiak.

Horrenbeste urte eta gero, plazak betetzen eta gazteak dantzan ipintzen jarraitzen duzue. Zein da sekretua?

Ez dago sekreturik, euren gustoko abestiak jotzen ditugu, beste barik. Ez dakit transmisioak edo zerikusirik izango duen ala ez. Edo, agian, eragina izan dezake benetazkoak garela jotzen dugunean, ez daukagu poserik, garen bezala joten dugu. Ez dakit zergatik izango den, auskalo! Baina, plaza beteta eta denak dantzan ikusten ditudan bakoitzean, nere bihotza pozez betetzen da.

Hala ere, argi eta soinu ekipo benetan handiak dituzten orkestrekin alderatuz gero, askok nahiago dute zuek egiten duzuen berbena estiloa...


Guk egiten duguna haiek egiten dutenarekin konparatzerik ez dago. Guk kobratzen dugunarekin ezinezkoa da antzerako ezer egitea. Ez dakit zergatik, baina orain dela 20 urte ere horrela zen, Euskal Herritik kanpora hemen baino askoz diru gehiago irabazi izan dute beti taldeek, baliteke gure erruagatik izatea, ez dugulako jakin gehiago eskatzen edo. Behin baino gehiagotan esan digute hemendik kanpora gehiago irabazten dela, baina gu pozik gaude horrela, hemen inguruan jotzen eta lotara etxera bueltatzen. Ez gara aberastu, baina ez gara gaizki bizi. Sasoi batean soinujoleren bat, edo gure gurasoek esaten zuten bezala, jazzmanak, nahikoa izaten ziren erromeria egiteko, ez dakit horrek ere eraginik izango ote duen. Edozein modutan ere, hemen ezinezkoa izan da beste toki batzuetan bezain beste irabaztea, hemengo taldeek ez dugu lortu gehiago ordaintzea, edo ez dugu jakin eskatzen.