Jasone Osoro: “Askeago sentitzen naiz `12etan bermuta´ idatzi eta gero”

Jasone Osoro: “Askeago sentitzen naiz `12etan bermuta´ idatzi eta gero”
2016/04/29 eta kitto!
Jasone Osoro izango da Harixa Emoten literatur tertuliak ikasturte honetan hartuko duen azken idazlea. Hitzordua maiatzaren 3an izango da, Portalean, eta bertan kazetari eta idazle elgoibartarraren 12etan bermuta azken   eleberriaren gainean egingo dute berba, Antxon Narbaizaren gidaritzapean. Aurretik “Tentazioak”eta“Korapiloak” ipuin liburuak eta “Greta” eleberria idatzi ditu, besteak beste, eta gaztetxoei zuzendutako hainbat lan argitara eman ditu. Gaur egun Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria da.

- Oraindik liburua irakurri ez duenari, nola aurkeztuko zenioke?
Berta 40 urte inguru dituen emakumea da. 24 ordu pasako ditu ohean, Edith Piaf entzuten, zorabio batean altxatu ezinik, esnatu nahi ez duela, ezin. 24 ordu horietan bere bizitzan garrantzitsuak izan diren pertsonei hitz egingo die: ama, aita, amama, senarra, alaba, maitalea, anaia eta lagun mina. Aurrez aurre izango balitu bezala arituko da, haiekin bizi izandakoak oroituz eta sentitzen duenaren errua haiei botaz, gertatzen zaiona ulertu nahian edo.
- Burura etortzen zaizkion ideiak botaten ditu Bertak. Zer gertatzan zaio Bertari? Bizitzako une batean ala bestean guztiak izan gaitezke Berta?
Berta gutako edozein izan daiteke. Teorian dena daukagu: lana, lagunak, familia… Baina batzuetan hutsune modukoa sentitzen dugu. Zoriontasuna bilatu behar dugula esan digute, baina ez gara zoriontsu sentitzen. Eta egonezin horren aurrean ohea da gure lubakia, gure egonezinaren errudunak besteak direla pentsatzeak kontzientzia lasaitzen digu… Baina gure barneko ahots ilun batek esaten digu geu garela gertatzen zaigunaren erantzuleak edo, gutxienez, gertatzen zaigun horren aurrean modu batera edo bestera sentitzea gure esku dago, borroka egiten segitzea, edo etsitzea.
- Liburuak ez du narrazioaren logika jarraitzen. Zergatik?
Emozioen kaosaren logika islatu nahi nuen. Bertari bere bizitzako zertzeladak etortzen zaizkio burura, modu desordenatu batean, oroitzapenak erabat desordenatuta etortzen zaizkigu. Nik idazkeran ere islatu nahi nuen hori, botaka emozional hori. Badirudi anabasa modukoa dela, puzzle baten pusketak direla paragrafoak, paragrafo bakoitzak istorio bat kontatzen duela, baina bukaeran paisaia emozional bat osatzen da.
- Liburua barruko korapiloa askatzeko bidea izan dela aipatu duzu.
Katarsia izan da. Txikitatik erabili izan dut idaztea nire barruko korapiloak askatzeko eta nire burua ordenatuz mundua, pertsonak hobeto ulertu eta onartzeko. Askeago egiten gaitu horrek. Ni askeago sentitzen naiz 12etan bermuta idatzi eta gero.