Javier Agirresarobe: "AEBetan asko erreparatzen diote gainean daramazun motxilari"

Javier Agirresarobe: "AEBetan asko erreparatzen diote gainean daramazun motxilari"
2016/12/02 eta kitto!
Javier Agirresarobe argazkilaritza-zuzendariak hitzaldia eskaini zuen aurreko barixakuan Portalean. Tartea aurkitu du aurten Asier Errasti Film Laburren Lehiaketako bere izena duten Sari banaketan egoteko, “bigarren aldiz 17 urtetan, gainontzeko urteetan kanpoan harrapatu nauelako”. Pozik dago Eibarrera bueltatzen den bakoitzean eta ilusionatuta egiten duen lanarekin. Ez du inolako asmorik erretiratzeko eta, dioenez, “zinearen negozioa aldatuko bada ere, inoiz ez da hilko”.

- Hamar urte dira Los Angelesen kokatu zinela. Eibarrekin deskonektatzeko nahiko denbora...
Inoiz ez naiz Eibartik irten, fisikoki urruti izan arren. Eta Los Angeles egoitza dut, ez besterik. Harremanetarako gunea dut han, baina 11-12 pelikuletatik bakarra egin dugu bertan. Semeak bai esan dezake han bizi dela, argazkilaritza-zuzendaria da bera.
Hona etortzearena, bestalde, proiektuen araberakoa izaten da. Hori bai, urtero hilabeteko eskapada egiten dut, denbora gehiena Donostian egiten badut ere. Eibarren egon nintzen azken aldia zapatua zen eta euria egiten zuen. Ixila nabaritu nuen, lasaiegia une hartan; geroago joan zen berotzen. Eibar beti izan da halakoa: dinamikoa eta grisa aldi berean.

- Azken aldian bi lanetan jardun izan duzu, buru-belarri: Australian errodatu duzun “Thor 3. Ragnarok”-en, alde batetik, eta “La sonrisa etrusca”-ren  bertsio berriarekin, bestetik.
Esperientzia desberdinak izan dira guztiz. Marvel-en sagako Thor-en hirugarren proiektua handiegia da: sei hilabete eman ditut Australian, produkzio aurreko prestakuntzetan bakarrik beste bederatzi aste behar izan ditu eta errodajean beste 17 aste hartu ditu. Eta oraindik amaitu gabe dago. Makineria bateko beste elementu bat besterik ez naiz izan hor. Jose Luis Sampedroren liburuaren adaptazioak, bestalde, gozatzeko aukera gehiago eskaini dizkit bere txikitasunean.
- Zenbatu dituzu orain arte egindako pelikulak? Zeren arabera aukeratzen dituzu proiektuak?
Kasualitatez orain dela ez asko kontatu genituen: luzemetraiak 69 atera zitzaizkidan. Hori berandu hasi nintzela, 1973an, “¿Qué hace una chica como tú en un sitio como éste?” tituluarekin.
Proiektuei dagokienez, ez pentsa niri aurkeztu eta nik aukeratzen ditudala, beste barik. Orokorrean casting batera aurkeztu behar izaten naiz eta beste batzurekin lehiatu. Ez zaizkit hainbeste lan ere heltzen; agentea dut horretarako eta Skype bitartez moldatzen gara.

- Behin zuzendari batekin lan eginda, berarekin errepikatzearen aldekoa zara?
Ez da sintoma txarra izaten eta, bai, sortu daiteke halako konplizitate moduko bat. Imanol Uriberekin bikotea osatuz, esaterako, zazpi pelikula egin ditut. Baina arlo horretan ere gauzek buelta asko ematen dituzte eta etiketatuta geratzeko arriskua duzu. 2009an “La carretera” egin nuenean pentsatu nuen aukerako bidearekin asmatu nuela, baina asuntoa ez dago hain argi. Gero, komedia batean parte hartzen baduzu, esaterako, ikuspuntu artistikotik gutxiago baloratzen denez hor ere zaila da aurrerapausorik egitea.

- Zelako desberdintasunekin egin duzu topo Espainiako eta Estatu batuetako zinemaren artean?
Argazkilaritza-zuzendariaren lana interpretazio arloan aintzat zelan hartzen den, horren arabera dago koxka. AEBetan garrantzi gehiago ematen zaio duzun esperientziari, asko erreparatzen diote gainean daramazun motxilari.

- Zelako aldaketak eman dira urte guzti hauetan zure lana aurrera eramaterako orduan? Zenbaterainokoa da digitalaren eragina?
Jabetu behar gara beti ere oinarri bat izan behar dugula, argi-gramatika bat, eta nik ez nuke baztertuko argiaren naturaltasunari zor diogun errespetua. Lanaren egitura moldatu dezakezu, bestelako kontrasteak zor ditzazkezu, baina argiaren egiturari eutsi behar diozu derrigorrez. Erreferentzia batzuk behar izan ditut beti, baina ez du zertan gauza handirik izan: nahikoa izan daiteke argazki edo irudi bat. Gidoiak zeozer sorrarazi behar dizu, baina zuk egin behar duzu zure pelikula.

- Eta efektu bereziekin eta horrelakoekin zelan moldatzen zara? Ez da erraza izango horietara egokitzea.
Arrazoi duzu, ez naiz ondo eramaten efektu bereziekin. Heroi berriak dituzten pelikula guztietako planoek euren efektu bisualekin doaz. Azkenaldian konputadoreen bitartez sortu izan behar ditut giroak, komertzialtasunak bide horretatik garamatza. Marvelen pelikulek arrakasta bilatzen dute eta denbora da ordaintzen dutena. Gaur egun bi lantalderekin dihardut lanean: batek nirekin dihardu eta besteak, 40 lagunekoak, ni hasi aurretik egiten du berea.

- Horrelakorik Espainiako zineman pentsaezina izango zen, ezta?
Jakina. Produkzioa da oinarrizkoa eta hor alde ikaragarria dago. AEBetan zinea industria kontsideratzen dute eta, kalitatea asko zaintzeaz gain, etekina bilatzen dute. Espainian, bestalde, zalantzak besterik ez daude zinearen inguruan eta giroa ere ez da sanoa. Zineak duen ezaugarri kulturala ez dute kontuan hartzen hemengo politikariek. Eta, urrutira joan gabe, Frantzian oso ondo kontsideratuta dago eta asko zaintzen dute. Zelan ez, zineak zeozer positiboaren hazia duenean, gizartean eragiteko duen indarra ahaztu barik.

- Parte hartu duzun pelikulen artean, zeinekin geratuko zinateke?
Teknikaren aldetik, “La carretera” izan daiteke. Lagatako arrasto komertzialarengatik, “Los otros”. Montxo Armendarizen “Secretos del corazón” ere ezin dut ahaztu, pelikula horren inguruan dena bikain joan zelako, errepikaezintzat jotzeraino ia: Erronkarin garbatzea, aktoreekin ezinhobeto, gero sari-proposatzeak jasotzea... une zoragarriak benetan. Armendarizekin moduan, Imanol Uriberekin oso ondo konpondu naiz beti. Almodobar-ekin gehiago trabatu izan naiz.

- Eta, zurea izan barik, zein pelikuletan gustatuko litzaizuke parte hartzea?
“La noche del cazador” filmak txunditu egin nau betidanik, begirunea diot eta gustora hartuko nuen parte bertan. Filmekin badut arazoa eta da ikusle txarra naizela: argumentuari jarraitu beharrean, beste gauza batzuei erreparatzen diet eta gutxitan entregatzen naiz pelikula batera. Romaan Polanskiren filmak gustoko ditut, baita L.A. Confidencial ere.

- Ados zaude zure lana zuzendariaren begiak izatea dela diotenekin?
Esaldi hori erdi poetikoa, erdi kursia ere izan daiteke. Bai dagokigula berak duen ideia instrumentalizatzea, jakinik beti ere industria bateko parte zarela. Horrek laguntzen dizu zure egoa hainbeste puztu ez dadin. Zinematografikoak izan behar gara, ez besterik: gure lana ahal den hobekien egiten asmatu behar dugu.

- Argiarekin jokatzen urte guztiotako ibilbidean, nongo paisaiekin geratzen zara?
Bat aukeratzekotan, Kanadako Mendebaldeko Vancouver aipatuko dut. Eta guztiz kontrakoa, herrialde bereko ekialdean, Halifax-en izan ditut arazo gehien. Bestalde, zeru politenak Mexiko Berrian aurkitu ditut, Alburquerquen-eta. Hango Durangon ere western giroko paisaia asko daude.

- Zelan ikusten duzu euskal zinea?
Badago itxaropentsu izateko motiborik eta indartsu aurreikusten dut, baita euskarazko zinea ere. Oscarretara joateko atarian izan dugu filme bat orain dela gutxi. Bestalde, Donostiako Zinemaldia ere aparretan dago Rebordinosekin, badu fedea. Gero eta gazte jende gehiago mugitzen da hor. Eta zine-aretoetara hainbeste ez bagara joaten ere, inoiz baino pelikula gehiago ikusten ditugu gaur egun: izan telebistan, izan beste euskarrietan.