Jende Xumea (boluntario taldea): “Boliviara bueltatzeko irrikitan gaude”

Jende Xumea (boluntario taldea): “Boliviara bueltatzeko irrikitan gaude”
2018/01/22 eta kitto!
Jende Xumea kooperante taldeko Iratxe Asurmendi, Eva Perosanz, Ainhoa Molinero eta Aitor Arrieta eibartarrek Bolivian igaro zuten uda, hango bi proiektutan lan egiten. Esperientzia izugarria izan da eurentzat eta aurten ere bueltatzeko asmoa daukatela azaldu digute. Azterketak amaitu eta berehala hasiko dira finantziazioa lortzeko ekimenak egiten. Eurekin elkartu gara udan bizi izandakoa hobeto ezagutzeko. Boliviako esperientzia ikusteko: https://www.youtube.com/watch?v=SK9Jj54T-eU

– Uztailaren erdialdean irten zineten Boliviaruntz eta uda osoa eman zenuten han.  Zer moduz ibili zineten?
Bost aste eman genituen Santa Cruz de la Sierran, hango haur eta nerabeekin lan egiten. Eibartik gu laurok, Ermuko bat, Zarauzko bi eta bi arduradun joan ginen. Santa Cruz Boliviako bigarren  hiri handiena da eta eraztunetan banatuta dago. Lehenengoa alde zaharra da, bigarrena aberatsena eta kanpora joan ahala pobreagoa da. Gu lehenengoan geunden, La Salleko eskola bateko barnetegi edo umezurztegi moduko batean, han zeuden mutilei (denak mutilak baitziren) laguntzen. Batzuk ez zeukaten familiarik, eta beste batzuk euren etxeetan arazo larriak zeuzkatelako zeuden han.

–  Zertan laguntzen zenieten?
Gazte hauek, ikasteaz gain, eskolan bertan dagoen inprenta batean egiten dute lan, eta horrek ematen die lanbide bat ikasteko aukera. Tailerrean eurekin egoten ginen, eta baita etxeko lanak egiten ere.14-18 bitarteko gazteak ziren eta askok ez daukate ikasteko ohiturarik. Batzuetan, irakasleak falta zirenean, ingeles edo gimnasia klaseak ere ematen genituen. Ostiraletan jolasak eta gauza desberdinak egiten saiatzen ginen. Igandeetan irteerak prestatzen genituen, etxera joateko aukeratik ez zeukatenei errutinatik irtetzeko aukera emateko. Irteera horietako batzuk parke naturaletara eta leku historikoetara izan ziren, eta guk ere ingurunea ezagutzeko aprobetxatu genuen. Harrituta gelditu ginen. Turista bezala joateko ere oso ondo dago, gauza politak daude, hiriak euren artean oso desberdinak dira, kontraste asko dago. Santa Cruz nahiko okzidentala da eta La Paz-ek  Boliviaren esentziari eusten diola esan daiteke.

– Santa Cruz-eko beste zona bat ezagutzeko aukera izan zenuten…
Zortzigarren eraztunean, periferian dagoen gizarte egoitza batean ere jardun genuen. Proiektu horren izena “Plataforma” da eta La Salletik kanpo dago. Horko errealitatea oso desberdina zen, kaleak asfaltatu gabe, ia dendarik ez, estolderia arazoak… Han izan genuen Boliviako jendearen zati handi baten errealitatea ezagutzeko aukera. Egoitza horretan haurtzaundegi bat dago, bazkaria ematen zaie haur txikiei eta, ondoren, adin desberdinetako haur eta gazteak agertzen dira eskolatik irtetzerakoan. Eurei ere bazkaria ematen zaie eta etxeko lanak eta tailerrak egiteko txoko bat daukate. Haur eta gazte horien errealitatea oso bestelakoa da, askorentzat hango janaria egun guztian zehar jaten zuten bakarra zen. Nagusientzako  ere tailerrak daude: josteko, mermeladak egiteko, elektrizitate lanak ikasteko… gutxieneko zerbait ikasteko aukera ematen zaie. Era askotako lanak egin genituen han: sukaldean lagundu, paretak margotu, psikomotrizitate gela prestatu... Dena dela, gauza bat argi ikusi dugu: daukatenarekin zoriontsu izateko gaitasuna daukatela eta beti daudela bata besteari laguntzeko prest. Aurtengo udan bueltatzeko asmoa daukagu. Aurten gure taldeari ez zaio tokatzen joatea, baina gure kabuz joateko ahalegina egingo dugu. Laster, azterketak amaitzerakoan, ekimenak prestatzen hasiko gara finantziazioa lortzeko, berriro joan ahal izateko. Pertsonalki hazteko asko balio du eta guztiz gomendagarria da. Boluntariotzan lan egin nahi izanez gero, proiektu mordoa dago eta boluntarioak beti dira ongietorriak.