Jessica Ots (Arima Galduak Jugger taldeko kapitaina): “Entrenamenduak Txaltxa Zelaian eta Untzagan egiten ditugu”

Jessica Ots (Arima Galduak Jugger taldeko kapitaina): “Entrenamenduak Txaltxa Zelaian eta Untzagan egiten ditugu”
2018/10/26 eta kitto!
Jugger kirol modalitatea praktikatzen ikusteko aukera izan dugu Untzaga eta Txaltxa-Zelaian eta bihar ere entrenamendu bat kalean ikusi ahal izango dugu. Arima Galdua jugger taldea 2016an sortu zen Eibarren eta kirol hau herrian ezagutzera eman nahi dute. Jugger-a taldeka jokatzen den kirola da, 1990 urte inguruan Alemanian sortutakoa eta errugbya eta esgrima konbinatzen dituena. Estrategiak eta trebetasunak indarrak baino pisu gehiago dute. Gehiago jakiteko taldeko Jessica Ots-ekin egon gara.

-  Kalean entrenatzen ikusi zaituztegu eta asteburu honetan ere kalean egongo zarete.
Zapatu honetan, 11:00etatik 13:00eta Untzagan egongo gara. Kirol hau ikusteko eta probatzeko aukera ere izango da. Eguraldi txarra egin ezkero Sansaburuko frontoian egingo dugu. Gure taldea sendotzeko jende bila gabiltza. Laster, azaroaren 25ean torneoa edukiko dugu Zaragozan, Liga Internucleos delakoa. Orain arte entrenamenduak Bergaran egin izan ditugu inguru horretako jendearekin, baina, ordutegiak direla eta, talde berdina izaten jarraitu arren –torneoetara elkarrekin joaten gara, entrenatzeko bi taldetan banatzea erabaki genuen.

-  Zelan zabiltzate patrozinatzaileei dagokienez?
Azken aldian berri onak izan ditugu, sponsorra lortu dugu, #crazytiger. Horretaz gain, Aguas Alzola eta Eibarko Udalaren laguntzarekin laster Eibarren “domeka solidarioa” antolatzea espero dugu, Euskal Herriko eta agian Zaragoza inguruko taldeekin. izen-emateen bidez lortutako dirua Marcan Huella eta Katubeltz Elkarteentzako izango da.

-  Nola jokatzen da?
Gladiadoreen jarduera eta rugbya nahasten direla esango nuke, nahiz eta jendeak esgrima eta rugbyaren antzeko zerbait dela esan. Esgrimak bezala, toke bigunak ditu, baina erabiltzen diren armak gladiadoreenak dira: eskutuak, ezpata txikiak eta handiak.., Bi talde daude, eta bakoitzak bere korrikalaria du: euren artean ezin dira kargak egin, baina bai oratu (gorputzetik, besoetatik edo kamisetatik ez). Gero beste guztiak gaude, armekin gure taldeko korrikalaria defendatzen. Korrikalariak forma berezia duen baloi bat dauka eta base baten barruan jarri behar du. Tantoak oso bizkorrak izaten dira, partiduak 30 minutu ingurukoak izaten dira eta 2 zati izaten dituzte.

 
Lehenik eta behin, taldeko kirola da. Batek bakarrik ez du ezer egiten, beti behar duzu bestearen laguntza. Estrategia asko pentsatu behar dira. Eta garrantzitsua de ulertzea ezin dela gogor jo. Normatiba zorrotza dago seguritate aldetik. Gomaespumazko  materiala erabiltzen da. Lau arbitro egoten dira, bi hegaletan eta bi erdian. Kirol mixtoa da, eta hau da gehien gustatzen zaidana. Jokatu nahi duzula? Ba, aurrera! Generoak ez du axola.