JESSICA OTS ETA ROUSSE GARCIA: “Ateak zabalik daude taldera etorri nahi duenarentzat, mundiala jokatu dezakete”

JESSICA OTS ETA ROUSSE GARCIA: “Ateak zabalik daude taldera etorri nahi duenarentzat, mundiala jokatu dezakete”
2023/01/27 eta kitto!
Eibar Juggerreko Kluben Munduko Txapelketako egoitza izango da uztailaren 21etik 23ra. Herriak inoiz hartu duen lehen munduko txapelketa izango da eta, antolatzaileen kalkuluen arabera, munduko toki ezberdinetatik etorritako 500 lagun inguru bilduko dira Eibarren.

Arima Galduak herriko jugger taldearen ekimenez antolatuko da Munduko Txapelketa eta Eibarko Udalak prestutasuna aurkeztu du prestakuntza lanetan laguntzeko. Lan asko dute aurretik, baina Jessica Ots eta Rousse Garcia ilusioz beterik daude erronkaren aurrean. Arima Galduakeko kideek Munduko Txapelketaren eta juggerraren inguruko xehetasun gehiago eman dizkigute Txaltxa Zelain, euren entrenamenduetarako gunea izan den tokian.

Nolako erronka da zuentzat Munduko Txapelketa antolatzea?

Erronka handia da eta dagoeneko hasi gara antolatzen, gauza asko egin behar dira-eta. Sei hilabete falta dira Munduko Txapelketaraino, baina segituan pasatuko dira.

Nola sortu zen Munduko Txapelketa Eibarren antolatzeko aukera?

2021ean Berlingo Munduko Txapelketa jokatu genuen eta Murtziako eta Madrilgo jokalariek osatutako talde batek irabazi zuen. Mundialean egon ginenok Telegramen bitartez harremanetan gaude eta, erdi txantxetan, esan zuten aurreko txapelketa Espainiako talde batek irabazi bazuen, hurrengoa Espainian jokatu behar zela. Alemaniarrek baietz esan zuten, besteei bide emateko gogoz zeudelako, Berlingoa antolatzea demasekoa izan baitzen. Orduan, pentsatu genuen Euskal Herrian juggerrak bultzada behar duela. Twitterren ikusi nuen Eibarko Udalak herrian turismoa bultzatu nahi zuela, eta alkatearekin harremanetan jarri ginen. Munduko Txapelketa antolatzeko aukera aurkeztu genion eta oso ondo iruditu zitzaion.

Berlingo jendeak esan bezala, demaseko antolaketa eskatuko du mundialak, ezta?

Iazko otsailetik gabiltza instalakuntzak bakarrik lortu nahian. Beraz, pentsa! Gainera, Kirol Patronatuan aldaketak egon direnez, gauzak atzeratu egin ziren, baina alkatearekin eta Ander Curiel kirol zinegotziarekin harremanetan gaude gauzak egiteko.

Zenbat talde eta jokalari pentsatzen duzue etorriko direla lehiatzera?

Hasieratik hainbat talde prest agertu dira etortzeko. Iaz inkesta egin genuen eta Espainiatik kanpoko 25 taldek esan zuten etortzeko prest zeudela. Eta beste alde batetik, Espainiako 20 taldek esan ziguten etorriko zirela, baina azken txapelketetan 54 talde ibili izan dira eta estatuan ehun taldetik gora daude. Beraz, horietatik asko etortzea espero dugu. Orduan, Munduko Txapelketan guztira 72 talde inguru aritzea aurreikusten dugu. Kontuan izanda talde bakoitzetik 7-10 jokalari etorriko direla, 500-700 lagun etorriko dira asteburu horretan Eibarrera. Gainera, seguruenik jokalariak lagunekin edo familiarekin etorriko dira; beraz, kopurua handiagoa izan daiteke.

Azkenean, Munduko Txapelketa jokatuko da, baina juggerraren inguruko ekintzak ere egingo dira eta turismoa egiteko aprobetxatu daitezke, ezta?

Bai, ekintzak eguenean hasiko dira, uztailaren 20an (taldeak jasoko ditugu, izen-ematea egingo da...). Pentsatzen dugu atzerritik datozen taldeak astebeterako geldituko direla hemen inguruan, batzuek oso bidaia luzea egin behar dutelako.

Nola egituratuko da txapelketa?

Lehenik eta behin zozketa egingo dugu taldeak multzoetan banatzeko, eta multzo bakoitzeko taldeen artean txapelketa txikia egingo da. Gero, hor sailkapen bat sortuko da eta batzuk aurrera egingo dute, kanporaketetara sailkatuz. Horrela, domekan (uztailaren 23an) jokatuko den finalera iritsi arte.

Egunean zenbat neurketa jokatuko dira?

Talde bakoitzak zazpi neurketa inguru jokatuko ditu. Unbeko zelai bakoitzean juggerreko bost joko-eremu sartzen dira. Beraz, bost partidu jokatu ahal izango dira aldi berean. Denbora baldin badugu, bazkaltzeko geldialdia egingo dugu; baina, bestela, partiduren bat jokatzeko falta bada, etenik gabe jokatuko dugu.

Arima Galduak talde antolatzailea da, baina jokatzeko aukera izango duzue?

Gehien bat antolaketan ibiliko gara buru-belarri. Txapelketan jokatu ahal izateko jende gehiago behar izango dugu, bestela ezingo dugu dena egin; baina, lortzen badugu, jokatuko dugu. Ateak zabalik ditugu taldera etorri nahi duenarentzat eta Munduko Txapelketa jokatzeko aukera izango dute.

Gaur egun zenbat lagun zabiltzate Arima Galduaken?

Zazpi lagun inguru gabiltza taldean batipat. Azken asteotan, adibidez, hiru lagun gehiago sartu dira kirola probatzeko asmoz. Ea gelditzen diren eta taldea handitzen goazen.

Nongo jendea dago taldean?

Arrasate, Bergara eta Zumarragako jendea dago, adibidez. Lehen Elgoibarko jendea ere bazegoen, baina laga egin zuten.

Zenbat aldiz entrenatzen duzue? Zein txapelketatan lehiatzen zarete?

Entrenamenduak domeketan egiten ditugu, Bergaran. Aldagelak eta gauzak lagatzeko tokia ematen dizkigute eta, tira, horrekin moldatzen gara. Gainera, taldekideak nongoak garen ikusita, guztiontzat da erraza bertara heltzea. Lehen Txaltxa Zelaian entrenatzen genuen, jende artean eta, euria bazegoen, kioskoan, baina hor ia ez dago lekurik. Bestetik, normalean hilean behin jokatzen dugu txapelketaren bat penintsulako iparraldean. Hiru-lau orduko bidaiak egiten ditugu jokatzeko. Datorren hilean Neguko Kopa jokatuko dugu Murtzian, baina hori izango da egingo dugun bidaiarik luzeena. Txapelketa horretan Arima Galduakeko hiru kide ibiliko gara, eta Bilboko beste lagun bat eta beste toki batzuetako jokalariak batuko zaizkigu taldera. Taldea betetzeko gutxieneko jokalariak ez baditugu, beste talde batzuei jokalariak eskatu eta taldea osatzen dugu. Beti dago talde batean finko ez dagoen jendea.

Lagun giroa da nagusi, beraz? Edo badago lehia sutsua?

Partiduetan lehia dago, baina baita barreak, txantxak eta besarkadak ere. Gero, kamisetak trukatzen ditugu eta elkarrekin bazkaltzen dugu. Kirol-legez jokatzen dugu.

Aurreko asteburuan Santanderren lehiatu zenuten. Zer moduz egon zen txapelketa?

Internukleo Zirkuitua jokatzen ari gara. Lehen Zaragozan jokatzen zen, baina orain Santander eta Zaragoza artean banatzen da eta gu Santanderrera joan ginen. Konferentzia bakoitzean zazpi talde egon gara eta finala Madrilen jokatuko da maiatzean. Maila handiko taldeak egon ziren Santanderren, hiri handietan talde gehiago daudelako. Guk, adibidez, beste talde batekin entrenatu nahi badugu, Bilbora joan behar gara. Gutxienez ez ginen txapelketako azkenak izan (barreak).

IMG_6590-2 IMG_6589-2 IMG_6588-2 IMG_6585-2