Joakin Gorrotxategi, hizkuntzalaria: “Aurkikuntza honek puntu bat ezartzen du mapa zuri batean”

Joakin Gorrotxategi, hizkuntzalaria: “Aurkikuntza honek puntu bat ezartzen du mapa zuri batean”
2022/12/02 eta kitto!
Euskararentzat egun historikoa izan zen azaroaren 14a, Nafarroako Gobernuak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak hizkuntza baskonikozko idazkunik zaharrena aurkitu dutela jakinarazi baitzuten: “sorioneku”. Irulegiko Eskua deitu duten piezan aurkitu duten idazkuna ikertzen ibili da Joakin Gorrotxategi hizkuntzalari eibartarra.

Aurkikuntzak eztanda mediatikoa eragin du eta Joakin Gorrotxategiren telefonoa sutan dago Irulegiko Eskuaren berri eman zutenetik. Gurekin batzeko begirunea izan du eta plazera izan da bere ahotik aurkikuntzaren eta euskararen jatorriaren inguruan jardutea.

 

Demaseko oihartzuna izan du Irulegiko Eskuaren aurkikuntzak, baina zergatik da hain garrantzitsua?

Oso pieza berezia da. Gainera, Aranzadi elkartekoek lan ikaragarri ona egin dute gertakizunaren zabalkundean, aurkezpena oso ondo prestatu zuten eta, horri gehitzen badiozu espero ez genuen aurkikuntza izan dela, ulertzen da izan duen oihartzuna. Gainera, euskararekin lotura duela da gure hipotesia, agertu den tokia berezia da... Nire partetik, antzinako grekoek esaten zuten bezala: “Ezer ere ez da larregi”. Gehiegikeria pixka bat nabaritzen dut honetan guztian.

Noiztik zaude berria emateko zain?

Apiriletik, baina udarako aurkikuntzaren inguruan zerbait argitaratu behar izan genuen. Dena ondo esplikatu arte gaia tiraderan gorde dezakegu hainbat urtez, baina kasu honetan badirudi hori ezin zitekeela egin. Beraz, ahal izan den neurrian piezari oinarrizko frogak eta irakurketa bat egin dizkiogu, eta argitara eman dugu. Uste dut irakurketa ondo dagoela %90ean, oraindik gauza batzuk zehatzago ikusi behar dira-eta. Zalantzak daude, gauza batzuk ez direlako ondo ikusten eta zenbait tokitan pieza hobeto garbitu behar delako. Gainera, toki batzuetan azpiko eta goiko idazkunak ez datoz bat. Bi edo hiru tokitan gertatzen da hori eta ikusi beharko da zergatik den horrela eta zeini ematen zaion lehentasuna. Beraz, funtsezko gauzak daude egiteko.

Dena dela, argitara ematea erabaki duzue. Zergatik?

Badakigulako pieza benetakoa dela. Atzean Iruña-Veleiako mamua dago, neure buruan beste inoren buruan baino gehiago, baina garbi dago pieza hau benetakoa dela.

Nola dakizue hori?

Batetik, indusketa-lana oso ondo jarraitu delako. Dena dago grabatuta eta argazkiekin dokumentatuta, eskuaren puntatxo bat lurrean agertzen den momentutik esku osoa atera arte. Eskua ateratzean lurrez beteta zegoen, baina bertan garbitu beharrean, oso zuhur jokatu zuten eta Nafarroako Gobernuaren zerbitzura eraman zuten han garbitzeko. Garbiketa ere dokumentatuta dago. Alde bat garbitzen hasi ziren eta letrak agertu ziren, marra batzuk, oraindik beste guztia garbitu gabe zegoenean. Bestetik, bertan idatzita dagoena irakurtzen duzunean konturatzen zara inori ezin zaiola bururatu horrelako zerbait idaztea eta asmatzea. Ezinezkoa da.

Beraz, Iruña-Veleiako kasua bestelakoa zen?

Bai, guztiz. Han agertzen zen guztia ulertu egiten genuen. Bertan azaltzen ziren Ama Birjina, Jesus, Jose, kalbarioa, Egiptoko faraoi eta erregina famatuak (Nefertiti, Ramses)... Irulegiko Eskuan, ostera, zer da ezaguna? Ia ezer ez.

Argia Irulegiko Eskua. ARGIA

‘Sorioneku’ berba bakarrik egiten zaigu ezaguna, zorioneko hitzarekin lotzen dugulako. Berba biek badute zerikusirik?

Eskuan agertzen den horri ez nioke euskara deituko. Piezaren %20 bakarrik ulertzen dugu edo, hobeto esanda, uste dugu ulertzen dugula. Beraz, gauzak tentuz hartu behar dira eta lan asko egin behar da oraindik. Guk hipotesi bat dugu, baina ikusiko dugu aurrera doan ala ez. Ulertzen dut honekin guztiarekin jendearengan sortu den poza, baina gertatzen dena da jendeak lehenengo berba hori (sorioneku) ulertzen duela eta beste guztia ez, eta hala ere bost axola dio ez ulertzea. Horrekin nahikoa dela uste dute, baina niri horrek ez dit balio. Ahal bada, idazkun osoa ulertu behar da, eta esango nuke oso zaila izango dela hori guztia ulertzea. Urteak pasako dira eta agian ezinezkoa izango da beste dokumentu gehiagorik ez dugun bitartean.

Beste aurkikuntza bat beharrezkoa izango da gainontzeko testu guztia ulertzeko?

Ez dakit. Hori ulertzeko bi gauza egin behar dira. Hartu dezagun ‘sorioneku’ berba. Zorioneko hitzarekin lotu da, baina ia-ia esango nuke ezinezkoa dela. ‘Eku’ horrek ezin izan du ‘eko’ eman. Nik azpimarratuko nukeena da, nahiz eta bere arazoak eduki, ‘sorion’ dagoela hor. Horrek badu zentzu moduko bat eskuarekin. Idazkuna oso aparta da, ez dago horrelako idazkunik, esku baten gainean. Bakarra da. Iberieraz, zeltiberieraz eta beste epigrafia batzuetan idatzitako testuak asko dira (3.000tik gora), baina horrelakorik ez da inon agertu. Orduan, parekorik ez duenez, zaila egiten zaigu antzeko gauzekin konparazioak egitea. Dakigun euskararekin konparazioak egitea bakarrik geratzen zaigu. Horregatik, ‘sorion’ euskararekin konparatu dezakegu eta eskuak duen sinbolismoarekin zentzua izan dezake. Izan ere, nahiko zabaldua da eskua babesa adierazteko erabiltzen zela edo zentzu apotropaikoa zuela, hau da, gaitzak uxatzeko erabiltzen zela.

Eskua K.a. I. mendekoa da, eta gerra giroa bizi zen eskua aurkitu zen tokiaren inguruan, ezta?

Bai. Hango biztanleak oso trantze zailean zeuden eta horrekin lotu daiteke eskua. Ez dut uste eskuak gaur egungo ekiloreak bezala etxeen atarian jartzen zituztenik, edo jendeari ongi-etorria emateko erabiltzen zirenik. Trantze hura oso gogorra izan zen, hil ala biziko kontua, eta zerbaitekin lotzekotan, eskua momentu horrekin lotuko nuke, baina hipotesia besterik ez da, badituelako zailtasunak.

Zein zailtasun?

Adibidez, ‘sorion’ berban aspirazio bat espero genuen, ‘sorihon’ moduko bat. Egia da orduko sistema grafikoak ez duela ‘h’-a edo aspirazioa markatzeko modurik eta, tira, agian zailtasun hori gainditu dezakegu. Baina hasieratik harritu ninduena zera da: ‘sorioneku’ hain erraz ulertzen badugu, hurrengo hiru lerroetan zergatik ikusten dugu hain ilun kontua? Neurri batean, kontraesana dago hor. Batzuk diote 1.600 urte pasa direla Irulegiko Eskutik euskarazko lehenengo testuetara (XVI. mendekoak) eta normala dela ez ulertzea. Neurri batean egia da hori, baina, argumentu hori erosten badut, zergatik ulertzen dugu ‘sorioneku’?

Honen guztiaren harira irten den beste galdera bat da ea honek euskararen jatorria argitzen duen. Argitzen du?

Momentuz ez, noski. Idazkun honi azalpen osoa eta sakona ematen ez diogun bitartean, lehen bezala gaude. Honek ez du frogatzen lehen euskara egiten zenik, bagenekien baskoien lurraldean euskara egiten zela. Euskararekin lotu ditzakegun dozena bat inguru izen propio dokumentatuta daude. Alde horretatik, honek ez du gauza berririk ekarri. Galdera ugari ekarri ditu eta arazo asko jarri dizkigu mahai gainean.

Orduan, zein gauza berri ekarri digu aurkikuntza honek?

Lehen ez genuen idazkunik. Tira, hori ere ez da egia. Idazkun batzuk bagenituen. Adibidez, txanponetan izenak agertzen dira. Kontua da idazkun honetan lau lerro agertzen direla.

Eskua aurkitu zen puntu zehatza. NAFARROAKO GOBERNUA Eskua aurkitu zen puntu zehatza. NAFARROAKO GOBERNUA

Garrantzitsua da idazkuna osorik egotea?

Bai. Berriz diot, pieza berez da oso garrantzitsua. Aparta da. Batetik, esku itxurako pieza batean dago idatzita eta ez dago horrelako besterik. Bestetik, idazkerari dagokionez, badago ikur edo zeinu bat, ‘T’ itxurakoa, gure ezagueraren arabera baskoien lurraldean erabiltzen zena. Horrek aditzera ematen du testua ez dela kanpotik ekarri, bertan idatzi zela, eta hori ez genuen hain seguru orain arte. Txanponak bai, bertakoak dira, baina gauza ofizialak dira, agintariek enkargatu zitzaketenak. Bestetik, badago orain dela 30 urte inguru agertu zen beste idazkun garrantzitsu bat, Muruzubal Andiongo mosaikoa, Mendigorria inguruan. Hori ere bertakoa da, baina paradoxa bat gertatzen da mosaikoarekin. Baditu paraleloak, Teruelen eta Zaragozan oso antzeko mosaikoak agertu baitira, latinez idatzita eta teknika berberarekin. Horrek Ebro bailararen lurralde horretara eramaten gaitu, baina Irulegiko Eskua Iruñea ondoan agertu da, baskoien lurraldearen bihotzean. Lehen hor ez zegoen horrelako aurkikuntzarik eta honek puntu bat ezartzen du mapa zuri batean. Gainera, aztarnategi horretan gauza gehiago agertzeko esperantza ematen digu.

Nolako gauzak aurkitu dira bertan?

Zeramika pusketetan zeinu batzuk agertzen dira, baina apurtuta daude eta ez daude osorik. Dena dela, idazten zekitela aditzera ematen du. Orain arte ez genuen ezer eta honek esperantza ematen digu.

Idazteko moduari dagokionez, zer esango zenuke?

Testu honek erakusten digu bi fase zeudela idazkerak egiteko orduan. Lehenengo marraztu egiten zuten eta, gero, zizelarekin gainetik puntuatu egiten zuten. Orain arte puntuz egindako letrak ezagutzen genituen, baina azpian ez zegoen ezer. Beraz, nola demontre egiten zuten? Zuzenean zizelkatzen zuten? Marraztu egiten zuten? Aurkikuntza honekin pentsatzen dugu lehendabizi marraztu egiten zutela eta gero zizelkatu. Eta oso zorionekoak izan gara aurkikuntza honekin, piezako zenbait tokitan desadostasunak daudelako azpiko eta gaineko letren artean.

Nolako desadostasunak?

Azpian letra bat markatzen du eta goian beste letra bat. Orduan, zeini ematen diogu lehentasuna, goikoari edo azpikoari? Beste testuen aurrean inoiz bururatu ez zaigun arazo bat dago hor. Galdera asko sortzen zaizkigu eta gauza batzuei erantzuna eman ahal izango diegu.

Eta beste batzuei ez?

Ez, baina oso garrantzitsua da testu historiko gisa. Gainera, testuinguruari dagokionez, toki eta sasoi esanguratsuan kokatzen da. Esate baterako, orain dela 30 urte inguru brontzezko pieza txiki bat agertu zen Arangurenen. Zatitua zegoen eta hitz bat osorik ere ez zuen ematen. Ez genekien zeltiberiarrez edo zein hizkuntzatan idatzita egon zitekeen, baina pentsatu izan genuen agian kanpotik ekarri zutela (legionario edo soldaduren batek, auskalo). Testuingururik gabe agertu zen eta horrela zaila da ezer aztertzea. Irulegikoren Eskuak, ostera, testuinguru garbia du eta argitu dezake Arangurenen aurkitutako brontze hori hemengoa izan zitekeela.

Iberierazko ipar-ekialdeko idazkeraren antzeko zeinu kodean dago idatzita Irulegiko Eskua. Zenbateraino zegoen sartuta iberiera baskoien lurraldean?

Ez dakigu. Iberieraz idatzitako testuak Katalunia osoan, Ebro bailaran Zaragozara bitartean eta beste zenbait lekutan dokumentatu dira, baina lurralde honetan sartu zen? Ez? Erabiltzen bazen, nola erabiltzen zen? Beste batzuek galdetu dute ea Irulegiko Eskuan agertzen dena ez ote den iberiera.

Zer uste duzu?

Hirugarren lerroan iberieraz dokumentatuta dagoen berba bat aurkitzen dut, baina beste ‘r’ batekin dago dokumentatuta, ez dago grafia berean. Beraz, iberierarekin lotu dezakegu? Azaleko parekotasuna da beste barik? Iberiera irakurtzen badakigu, baina ez dugu ulertzen. Ulertuko bagenu, eskuan agertzen dena iberieraz dagoen edo ez jakingo genuke. Irulegiko Eskuaren parekorik ez edukitzea zorigaitzekoa da, ez dugulako paralelorik. Eskuaren ordez hilerri bat agertu izan balitz, hildakoaren izenarekin eta abar, iberieraz horrelako pare bat dozena ezagutzen ditugunez, azkar jakingo genuke iberiera ala euskara den.

Esan duzun bezala, hau puntu bat da orain arte zuri zegoen mapa horretan. Baina, gutxienez, mapa horrek dagoeneko badu puntu bat hurrengo puntua aurkitzen denerako.

Horregatik da garrantzitsua. Testu honi buelta asko emango zaizkio, baina denbora asko beharko da zerbait argitzeko. ‘Sorioneku’ berbarekin egin dugun bezala, lotura gehiago egin behar dira euskararekin. Eta esan bezala, ‘Sorioneku’-k ere arazoak ematen ditu. Aspirazioaren arazoa gainditu daiteke, baina ‘eku’-tik ‘eko’-ra pasatzea ezinezkoa da. Euskararekin lotzekotan, beste gauza bat izan behar zuen. Gainera, ‘ku’ irakurtzen badugu, hori transkripzioa da, horren azpian ‘gu’ ere irakurri zitekeelako. ‘Sorioneku’ jartzen dugu belarrira ematen digulako, baina ‘sorionegu’ jarri zitekeen. Eta gauzak askoz ere gehiago konplikatzeko, aipatutako desadostasunetako bat (barruko eta goiko parteetan) justu hor dago.

Asko dira zalantzak, baina zer sentitu zenuen aurkikuntzaren berri eman zizutenean?

Bihotzean zirrara sentitu nuen, ia buelta eman zidan. Iruñea ondoan, baskoien lurraldean horrelako zerbait agertzea, esku baten gainean... Gauza guztiek toki berera eramaten zuten. Ze poza! Baina gero, beste hiru lerroak irakurtzean, ez nuen ezer ulertzen, iberieraren aurrean sentitzen dudan sentsazio berbera nuen, eta oraindik ez gara hortik atera. Orduan, alde batera edo bestera joango gara, baina momentuz hor gabiltza.

Hizkuntzalari moduan zer esanahi du zuretzat aurkikuntza honek?

Erronka ikaragarria eta buruhauste handia (barreak). Jendearengan sortu duen pozak eta ilusioak. Iruña-Veleiak eragin zigun atsekabea atzean lagatzen dute. Badakigu hau benetakoa dela eta agian euskararekin zerikusia izan dezakeela. Ikertzeko dago oraindik eta hipotesia besterik ez da. Antropologoek ere hitza hartu beharko lukete, eskuak berak zer adierazi dezakeen argitzeko, testuan sartu gabe edo, era berean, testuari funtzio bat emateko.

Karrera amaitzen zaudenean erori zaizu esku artean horrelako erronka bat. Erretiratu arren, gertutik jarraituko duzu ikerkuntza?

Erretiratu egingo naiz eta ez dut lanak eskatzen dituen betebeharrak edukiko. Ofizio honek gustuko gauzak egiteko aukera eman dit, baina baita beste betebehar batzuk ere. Horiek aparte utziko ditut eta denbora gehiago izango dut nire gauzetarako eta pixka bat gozatzeko. Hala ere, bai, ikerkuntza jarraituko dut, baina ez naiz lehenengo lerroan egongo. Gainera, oso ondo prestatuta dauden filologo eta hizkuntzalari gazteak ditugu, eta eurek ere hitza hartu behar dute. Esku onetan gaude.