Joao Afonso, musikaria: “Oso pozik nago Euskal Herrira itzultzeagatik!”

Joao Afonso, musikaria: “Oso pozik nago Euskal Herrira itzultzeagatik!”
2018/04/26 eta kitto!
Portugalgo kantautore handienetakoa da Joao Afonso. Jose Zeca Afonso musikariaren iloba Mozambikeko doinuen eta familiako musika legatuaren artean hezi zen, hogei urte baino gehiagoko ibilbide arrakastatsu eta erreibindikatzailea osatuz. Apirilaren 29an, 20:30ean, Coliseoan izango dugu Rogerio Pires gitarra-jolearekin ‘Terra da Fraternidade’ biraren barruan.

 

- Zeca Afonso, zure osaba, oso presente dago Terra da Fraternidade Tourrean. Nolako eragina izan du osabak zugan?

Zaila da nire osaba Jose Afonsori diodan maitasuna eta berarekiko maila profesionalean dudan mirespena bereiztea. Nire erreferente musikala da, zalantza barik. Bere buruarekiko zuen exijentzia, bere dohain poetiko eta musikalak, eta antzezteko zuen gaitasuna eredu izango dira beti niretzat. Osabaren eragin handia izan dut nire ibilbide musikalean eta harro onartzen dut. Nire diskoetako unibertsoen aniztasunak hori erakusten duela uste dut eta gozamena da niretzat.

- Rogerio Pires gitarra-jolearekin batera zatoz Eibarrera. Nolako ikuskizuna eskainiko duzue?

Sentsibilitate paregabea duen musikari eta gitarra-jolea da Rogerio. ‘Buganvilla’ izeneko proiektua abiatu dugu nire lehen diskoko abesti baten izenburua hartuz. Adiskidetasun eta enpatia musikal berezia daukat Rogeriorekin, eta plazer handia da berarekin eszenatoki gainean egotea. Taula gainean eskainiko ditugun abestietan gure arteko konexioa ikusi eta entzun ahal izango dela uste dut.

- Zure osabaren ‘Grándola, Vila Morena’ abestitik ateratako esaldia da “terra da fraternidade”. Askatasun abesti bat da, Portugaleko iraultzaren eta demokraziaren sinboloa. Nolako boterea izan dezake musikak?

Askatasun ereserkia da Grandola. Askatasun indibidual handiko gizona izan zen nire osaba. Pentsamendu askatasuna onesten zuen, esaldi honetan erakutsi zuen bezala: “ni naiz neure komite zentrala”. Abestiak garrantzia handia dauka eta erreferentziala da niretzat. Iraultzarako gako moduan, demokrazia eta askatasun balioen defentsarako eredua da gazteentzat.

- Musika-estiloak nahastea ohikoa da eta modan dago gaur egun, baina zuk jaiotzetik bizi izan zenuen mestizajea. Nolakoa izan zen musika egitera bultzatu zintuen unibertsoa?

Mozambikeko kaleetan entzundako doinuek, eta latekin eta ahotsekin anaiei eta niri aitak erakusten zizkigun abestiek eragin handia izan dute sortu ditudan abestietan, orain dela 20 urte sortutako ‘Missangas’ lanetik ‘Sangue Bom’ nire azken diskora.

- Zure musikak mugak gainditu ditu eta Euskal Herrira ailegatu da. Nolako harremana daukazu Euskal Herriarekin eta euskal musikarekin?

Lagun eta kide euskaldunekin ikasteko zortea izan dut eta sarritan etorri naiz Euskal Herrian jotzera. Euskal Herriko hainbat proiektutan parte hartzeko aukera izan dut (aitortzen dut ez zela erraza izan) eta herri abegitsua aurkitu dut. Kepa Junkera (trikitixaren maisua eta musikagile aparta), Xarnege, Fran Lasuen eta Angel Unzu (bere disko ederrean abesti baten letra egin eta kantatu ahal izan nuen) lagunekin esperientzia musikalak partekatzeko aukera eduki dut. Oso pozik nago Euskal Herria itzultzeagatik!