J.M. Erauskin (abokatua): “Zoru klausulen inguruko azken epaiak zurea dena berreskuratzeko aukera eskaintzen dizu”

J.M. Erauskin (abokatua): “Zoru klausulen inguruko azken epaiak zurea dena berreskuratzeko aukera eskaintzen dizu”
2017/02/03 eta kitto!
Debabarreneko Kaleratzerik Ez Stop Desahucios  elkarteak antolatuta, datorren asteko eguenean, hilaren 9an, Zoru klausularen inguruko hitzaldia eskainiko dute Maite Ortiz eta Jose Mari Erauskin abokatuek. Hitzaldia arratsaldeko 19:00etan hasiko da Portalean eta, egun hauetan pil-pilean dagoen gaia tratatzeaz gain, hau da, klausulen aurrean zelan jokatu aholkatzeaz gain, Stop Desahucios-eko abokatu adituek beste hainbat gai ere  jorratuko dituzte, “tartean hipotekak, komisioak,   abal-emaileak, berandutza-kontuak...”. Bestalde,  Debabarreneko Kaleratzeak Stop elkarteak asteroko bilera irekiak jarraitzen ditu egiten Portalean, eguenetan, arratsaldeko 19:00etan hasita.

- Aste honetan bertan zoru klausularen inguruan Kongresuan onartutako neurriarekin zer irabazi dute herritarrek (PP eta Ciudadanos-en aldeko botoekin, PSOEren abstentzioarekin eta Podemos-en aurkakoekin atera zen aurrera)?
Itxurak besterik ez dira horiek: jendearen alde egiten duela saldu eta benetan Bankuen laguntzen diete halako neurriekin. Banketxeekin negoziatzeko aukera ematen dutela diote, baina zer da negoziatu beharrekoa? Bankuek 10 segundotan dakite zenbat diru dagokien itzultzea. Hori jakinda, zertarako hitz gehiago? Hor ez dago beste misteriorik.
Aurretik ere, Espainiako Auzitegi Gorenak zuzenbide komunitarioaren aurka egin zuen eta fiskalak ere bide beretik jo zuen, jakinda bankuek hartutako neurriek zuzenbidearen aurka zihoazela eta horrek herritarrak kaltetzen zituela. Hor argi dago zein den gobernuaren izpiritua arlo horretan.

- Urte asko daramazue batzuek matraka ematen. Poztekoa da, behintzat, zeozer lortu daitekeela ikustea, berri baikor hori Europatik etorri behar izan bada ere...
Lehen ere, abenduaren 21ean, Europak beste epai bat kaleratu zuen zoru klausulekin kobratutako gehiegizko diru hori bueltatu behar zela esanez. Eta estatuaren abokatuak itzultze hori ez gauzatzeko eskatu zuen. Hori Espainiako Erreinuaren abokatuak, pentsa! Halakoak jendearen izenean eta hiritarren babeserako!
Gauzak askoz errazago egin daitezke. Errege Dekretu bat onartu dezakete, hor 15 eguneko epea irekiz tarte horretan kobratu duten gehiegizko diru guztia bueltatzeko aginduz. Ba ez! Hemen erabaki dute prozedimentu ezin zailagoa zabaltzea, banketxeekin negoziatzeko, bankuek behar beste trikimailu erabili dezaketenean bezeroak kopuru horiek zuzenak diren konprobatzea ezinezko bihurtzeraino. Eta lau hilabetetan akordio batera ez badira iristen, orduan epaitegietara jotzeko... Ederra aukera!

- Bankiak eta BMN-k, baina, dirua berehala bueltatzeko erabakia hartu dute. Zergatik jokatu dute horiek desberdin?
Bankiak 800 milioi euro irabazi ditu azken ikasturtean, aurrez irabazitakoarekin konparatuz %22,7 gutxiago. Kalkuluak egingo zituzten eta pentsatuko dute, euren egoera ikusita, bankuari mesedegarriago zaiola neurri hau hartzea.

- Eta jendeari, heldu garen puntura helduta, zer bide hartzea proposatzen diozu?
Begira: Nafarroako Caja Ruralarekin gertatutako kasua. Bezero bati kutxa horrek 4.500 euro itzultzea proposatu dio, 11.000 euro bueltatu behar zionean. Bezeroak onartu egin du proposamena, datorren astean kobratuko duelako eta, halakorik ezpero ez zuenez, zerutik eroritako oparitzat hartu duelako. Bakoitzaren erabakia da.
Hartu daitezkeen posturak bi dira: edo epaitegietara jotzen duzu zor dizuten guztia eskatuz, interesekin, eta horrek guztia kobratzea ziurtatzen dizu, geroago izango bada ere; edo beste bidetik zoaz, bankura jo eta, eurekin adostu ondoren, seguruenik dagokizuna ez duzu kobratuko, baina azkarrago izango duzu diru bat poltsikoan.

- Bankuekin negoziatzerakoan zeintzuk dira, ba, arriskuak?
Jakina, batzuk edozerekin konformatuko dira. Beste batzuei, dagokiena osorik ez itzultzeko, asmatuko dute hori aseguru batzuengatik aldatzeko aukera edo jubilazio plan batzuengatik. Azken batean, horrekin jokatzen delako beti: guztiei guztia bueltatu beharrean, azkenean batzuei bakarrik zeozer bueltatuko zaie. Ezin dugu ahaztu, beste behin, Gobernuaren jarrera: azkar esan du interesatuek kobratzen dutena gero Haziendari deklaratu beharko diotela. Oso ondo, legeak hala dio-eta. Baina aldi berean banketxeekin adosten dituztenei prest dago betebehar horretatik libre lagatzeko, hau da, diru gutxiago biltzeko prest agertzen da. Ikusten denez, Bankuaren interesak lehenesten ditu Haziendako interesen aurrean.

- Arazoak arazo, hainbat ate jotzea merezi du, ezta? Ez bada eskatzen, inork ez du ezer oparitzen...
Azken bost urtetan, esaterako, panorama zelan aldatu den ikustekoa da. Ia beti izan da joera bat jende arrunta botere publikoengatik auzipeko edo demandatu modura tratatzeko. Gaur da eguna jendeak auzijartzaile postura hartu duena.