Jose Maria del Palacio, idazlea: “Norberaren identitate eta kontzientziaren oinarrian dago memoria”

Jose Maria del Palacio, idazlea: “Norberaren identitate eta kontzientziaren oinarrian dago memoria”
2018/03/09 eta kitto!
Bere gurasoak omentzeko lan batetik abiatuta, “belaunaldi oso baten istorioa” osatu du José María del Palaciok. ‘Secuelas de nuestras guerras y derrotas: de la República a la modélica Democracia’ liburua aurkeztu zuen martitzenean Portalean, eta bere lanean batutakoaren inguruko hausnarketa egin zuen bertan. Gerra Zibila, diktadura eta Trantsizioa “jasan” zuten hogei familia baino gehiagoren ikerketa egin du, oraina ezagutzeko iragana ezagutu behar delako.

 

-Zortzi urteko ikerketaren ostean argitaratu duzu liburua. Lan neketsua izan da?

Familiaren inguruan ikertzen hasi nintzen, baina beste pertsona batzuk aurkitzen nituen neurrian, lana handitzen joan zen. Nire aitaren kartzelako kideak, irakasleak, berarekin Gerra Zibilean ibilitakoak... denetariko biografiak jaso ditut eta horrek ikerketa korapilatu du.

-Nolakoa zen zure familia?

Aita nekazari txikia zen, baina nire gurasoak ezkondu zirenean lur gehiago errentan hartzea pentsatu zuten. Gerra Zibila hasi zenean, erregimenaren aurkakoei bizia kendu ahal zien frankistek. Horregatik, herrian geratzea baino hobea zen Francoren armadan sartzea. Madrilgo frontera bidali zuten aita eta, errepublikarren lerroetara hurbildu zenean, beste aldera pasa zen. Herrian horren berri izan zutenean kartzelan sartu zuten ama. Aitak kide asko izan zituen Gerra Zibilean eta eurekin egoteko aukera izan dut ikerketa honetan. Belaunaldi oso baten istorioa osatu dut.

-Beraz, zure hasierako asmoa aldatu zen.

Nire gurasoak omentzeko lana egin nahi nuen hasieran. Aitarentzat jasanezina zen porrota, kartzelan egotea eta bere emaztea frankisten aldean zegoela pentsatzea, eta burua galdu zuen horren ondorioz. Santoñatik Puerto de Santa Mariara eraman zuten eta zazpi urte egon zen han. Irten zenean herrira joan zen, baina hango agintariek bere askatasuna onartu arren, desterratzeko agindua eman zioten. Euskal Herrira etorri ziren, hemen familia zeukatelako.

-Nolako istorioak jaso dituzu ikertutako beste familien inguruan?

Gerraren ondoren lan egin, aberastasuna sortu eta gizartean lekua lortu arren, gerrako trauma ez da desagertzen. Belaunaldi horrek ezin izan ditu askatasun falta eta amets zapuztuak gainditu. Bestetik, Espainiako herriek balore eta printzipioen inguruan inboluzio handia izan dutela ikusi dut.

-Memoriari eusteko berebizikoa da ahaztuei ahotsa ematea?

Lan hau ez dut altruismoagatik egin, premia nuelako baizik. Kontzientzia kontua da. Norberaren identitate eta kontzientziaren oinarrian dago memoria. Gizarte-kontzientzia edukitzea eta bizi garen gizarte-motaz jabetzea garrantzitsua da, gaur egungo gizarteak gure historia garaikidean hondoratzen dituelako bere sustraiak. Historia ezagutzen baduzu, gizartearen kontzientzia edukiko duzu. Bestetik, identitatea ematen dizu, gauza onik ekarriko ez dizkizuten horiek zeintzuk diren jakingo duzulako. Politikoki orientatzeko balioko dizu.

-Gerraren eta porrotaren ondorioez idatzi duzu liburuan. Frankismoarekiko apurketarik eman da?

Trantsizioa transakzioa izan zen. Frankismoak erakundeak partitu zituen oposizio moderatuarekin, monarkia eta botere frankistak berrezartzeko.

-Esan ohi den bezala, ‘lotuta eta ondo lotuta’ utzi zuten guztia?

Eta kafea denontzat! Baina deskafeinatua zegoen.

-Eta nola apurtu daiteke ondo lotutako sistema hau?

Jatorrira jo behar dugu. Demokraziaren kalitatea gure esku dago eta interes gehiagorekin egin behar diegu aurre publikoak diren gauzei. “Politika garrantzitsuegia da politikarien esku uzteko”, esan zuen norbaitek. Bestetik, ezkerra krisian dago. Aulkien jokoan bakarrik dabiltza, lortu dezaketen harrapakinaren bila, baina oso arazo handiak dauzkagu gizartean.