JOSU IBARGUTXI: “Derrigorrezkoa da frankisten zigorgabetasuna apurtzea”

JOSU IBARGUTXI: “Derrigorrezkoa da frankisten zigorgabetasuna apurtzea”
2012/06/01 eta kitto!

-Nola sortu zitzaizuen Argentinara joateko aukera?
Orain dela 6-8 hilabete, Argentinako epaile batek aurkeztutako frankismoaren aurkako kereilaren albistea agertu zen. Nork jarrita? Argentinako pare bat abokatuk, Ines Garcia eta Darío Rivas. Baltasar Garzonek gauza ona egin zuen Argentinan, nahiz eta Euskal Herrian ondo dakigun nolako gauza kaltegarriak egin dituen. Argentinan Garzon oso aupatuta dute, berari esker diktadura zuritzeko egindako Ley de Punto Final eta Ley de Obediencia de Vida deuseztatu zituztelako eta, gaur egun, hango diktadurako presidente, ministro eta abarrak epaiturik daude edo epaitzen dihardute. Argentinan 1976tik 1983ra jasan zuten diktadura faszista, non 30.000 pertsona baino gehiago desagertu ziren. Armadako Eskola Mekanikotik (ESMA) 5.000 gehiago pasatu ziren eta bertatik irtetzen ziren hegazkinetatik itsasora botatzen zituztenak. Demaseko torturagunea izan zen. Guk hori jakinda, Argentinako bide hori hartzea komenigarria zela ikus genuen (aurretik, Garzon berak ahalegina egin zuen Espainian, baina Auzitegi Gorenak berehala lurreratu zuen). Bide horretatik, agian, guretzat posible litzateke frankismoaren inpunitate guzti hori deuseztea eta trantsizio sasoian exijitu ez ziren erantzunkizunak exijitzea. Antolatu ginen, Maria Servini de Cubría epaile argentinarrak ikusi zuen gauza aurrera zioala, bertako abokatu taldea eratu zen, Madrilen ere eurekin lotura zuten beste abokatu batzuen talde bat egin zen eta istorioa osatu genuen. Prestaketak egiten genbiltzanean Servini epaileak testigantzak jasotzeko eskaera egin zuen eta harrapataka joan behar izan ginen argentinara. Euskal Herritik Sabin Arana eta biok joan ginen. Harrapataka ere osatu behar izan genituen testigantza batzuk. Andoni Arrizabalaga (Itziarren semea), Imanol Laspiur (hilda dagoen eibartarra), German Rodriguez (Iruñan 1978an tiroz manifestazio batean hildakoa), Enrique Gesalaga (Burgoseko prozesukoa), Salvador Puig Antich, Humberto Baena, Sabin Arana eta nire testigantzak aurkeztu genituen, besteak beste, guztira 46 izan zirelarik.
-Argentinara joan behar Espainian gertatutako zerbait salatzeko…
Negargarria da benetan. Auzitegi Gorenaren jarrerak berak eta Amnistiaren Legea erdian dagoelako Garzonen ahaleginak deuseztatzen bere burua nola finkatu zuen, gaur egun ere trantsizioaren emaitzak sufritzen ari garela adierazten du. Amnistiaren Legea frankistentzat egindako Amnistia Legea da. Gu ez ginen Amnistiaren Legeari esker irten kartzelatik, ez ginen amnistiatuak izan, herriaren mobilizazioei esker kartzelatik ateratakoak baizik. Gaur egun, gure fitxa polizialak eta prozesu, sumario eta historial guztia Madrilen dago. Oraindik ere, aeroportuetan jendea atxilotzen du poliziak 1963ko fitxa poliziala duelako. Derrigorrezko lana da zigorgabetasun hori apurtzea eta Aministiaren Legea deuseztea. Hori horrela da ez guk asmatzen dugulako, Nazio Batuen Erakundeak (NBE), Nazioarteko Amnistiak (AI) eta egungo Euskadiko Arartekoak Aministiaren Legea legez kanpokoa dela diotelako. Orain dela 35 urte exijitu behar ziren gauzak exijitzen ditugu, 40 urteko diktadura baten erantzunkizunak. Horiek pertsonarekikoak dira, milaka eta milaka frankista epaitegietan, estamentu militarretan, aparato polizialean eta adiministratiboan daudelako txertatuak. Zergatik? Frankismotik demokrazia honetara jarraipeneko ebazpen gabe pasatu zirelako. Bitxia da Frankok 1939ko otsailean, Gerra Zibila irabazita zuenean, lehen legeetariko bat Erantzunkizun Politikoen Legea izan zela, errepublikarren aurkakoa. Horrek Ondasunen Konfiskatze Epaitegi Berezia sortzea ekarri zuen eta, horrela, milaka lagun kartzelatu, torturatu eta erail zituzten, eta ondasunak konfiskatu zitzaien errepublika defenditzeagatik. Gerraosteko frankisten aberastasun asko besteen ondasunak hartu zituztelako egin zen. 39ko irailean beste lege bat egin zuten, Errepublikaren Aurkako Delituen Baligabetze Legea. Gerra negargarri bat irabazteagatik egin zuten hori. Gero, Franko hiltzen da, trantsizioa dator, eta garbi dago frankismoa ez zela hil, diktadurari inork ez ziolako egin eurek egin bezalako legerik; alderantziz, demokrazia honen buruzagia (elefanteak akatzera joaten den pertsonai negargarri eta lotsagabea) hor dago, oinordekotza horren seinale, inork ezin egin gabe. Guk argi daukagu, nahiz eta 35 urte pasatu diren,erantzunkizunak eskatu behar direla, Amnistiaren Legea kendu eta kartzelara joan behar dena, kartzelara joan dadila. Hau ez da mendeku jarrera, diktaduraren kontra hainbat urtetan borrokatu dutenentzat justizia eta duintasuna exijitzea baizik. Bitxia da, baina ETAkoei kondena egin eta barkamena eskatzea behartzen zaie, eta beraiek ez dute ez barkamenik, ez kondenarik egin 40 urteko diktadurarengatik. Ez dago eskubiderik eta gu ez gaude prest hori horrela lagatzeko.
-Servini de Cubria epaileari hainbat testigantza aurkeztu zenizkioten. Zein jarrera aurkeztu zuen horren aurrean?
Guk epailea ez genuen ezagutzen eta erreferentzia ilun batzuk ziren tartean, baina harrera, bai epailearen, bai argentinarrena, oso ona izan zen. Sentsibilitate handia dago han eskubide eta torturari buruz. Servinirekin ia 8 ordu egon ginen. Sabin eta biok Euskal Herrira etorri behar zela esan genion, ez Madrilera bakarrik, Euskal Herria izan zelako tardofrankismoan borroka gehien eman zuena. Beraz, hemengo testigantzak entzun behar dituela pentsatzen dugu. Ulertu zuen eta seguru etorriko zela esan zigun. Ez dakigu noiz (irailean seguru aski) eta zenbat denborarako etorriko den, baina jendea ari da bere testigantzak prestatzen. Hori da nahi duguna, jendea testigantzak prestatzen animatzea eta gurekin kontaktuan jartzea, frankismoan jasan zutena salatzeko. Beste egunean galdetu zidaten, “ez duzue orria pasatu nahi?”, eta nik, “bai, baina irakurrita eta jendeak irakurtzea posible izan ondoren”. Historiaren kontakizuna ere aldatzen ari dira eta ezin dugu hori onartu. Euskal Herriko borrokaren historia Euskal Herriko borrokan ibili zirenek kontatu behar dute, ez beste inork. Historiaren duintasuna ere frogatu beharra dago. Datozen belaunaldiek ondo ezagutu behar dute hemen gertatutakoa. Ematen du trantsizioa eredugarria izan zela, baina jakin behar dugu trantsizioak zer ekarri zuen, tartean errege negargarri bat, aparatu frankista guztia ederto bizi izaten dago eta, gainera, dominak jasotzen.
-Zenbatekoa izan daiteke Serviniren eskumena auzi honetan argentinarra izanda?
Nazioarteko lege baten bidez etorriko da Servini. Gizateriaren aurkako krimenak ez dira preskribitzen, ezta genozidioak, eta Gerra Zibiliean genozidio legea puskatu zen. Erailketak, fuilamenduak eta tribunal faltsuak egon ziren, eta hori guztia epaitzera dator. Berak epeak jarri ditu, 1936tik 1977rainokoa, baina hortik aurrera ere gizateriren aurkako urraketak izan zirela esan diogu, Frankoren aparatu guztiak aurrera jarraitu zuelako berak eragindako lege baten bidez, Amnistiaren Legea. Epaileak ezagutzen du istorioa, Argentinan antzeko legeak jarri zituztelako, baina aurrerago beste gobernu batzuk lege horiek konstituzioz kanpokoak deklaratu, deuseztatu eta horrekin babestuta zeuden elementu guztiak (polizia, torturatzaileak, gobernariak…) kartzelan edo oraindik epaitzen daude. Horrelako erantzunkizun sozialak dituenak ezin ditu bere eskuak garbitu, are gutxiago 40 urteko diktadura gauzatutako kolpistak izanik.
-Espainiako justizia tartean sartuko litzateke Servini epailearen auzia aurrera joango balitz?
Espainiako justiziak eragina izango du, baldin eta Servinik estradizioak eskatzen baditu. Epaiketa, printzipioz, Argentinan egin beharko litzateke eta nazioarteko legeen bitartez estradizioak eskatu beharko dira, Garzon Pinochetekin egiten saiatu zen bezala. Seguru nago, daukagun Madrilgo gobernuarekin, ez dutela estradiziorik onartuko, torturatzaileak, Frankoren ministroak, Puig Antichen eta Txiki eta Otaegiren erailketak sinatu zituztenak… bizirik daudelako oraindik. Milaka lagun dago estraditatzeko moduan. Gobernuko justiziak eta Auzitegi Gorenak ez dute lan onik, nazioarte mailan eskandalua izango litzatekeelako. Kontuan izan behar da NBEk esaten duela Amnistiaren Legea ez dela bidezkoa, eta hori kenduz gero frankistak babes gabe geratuko lirateke. Badakigu hamaika oztopo jarriko dizkigutela, baina hori aldarrikatzea, hautsak harrotzea eta gure historiari duintasuna ematea da gure lana. Ezin dugu pentsatu berehalako emaitza emango duenik honek, baina gerora zerbait jasotzea espero dugu. Egia, justizia eta erreparazioa (letra larriarekin) aldarrikatzea obligazioak dira; eta horiek laugarren kontzeptu batekin, inoiz gehiago ez errepikatzea, eta horretarako hau salatu beharra dago. Orain dela 35 urte gauzak ez ziren ondo egin eta horren ondorioak dira gaur eguneko hauek. Ez ziren ondo egin, besteak beste, euren burua ezkerrekotzat duten alderdi batzuen zuzendaritzek ez zutelako euren milaka eta milaka militanteekiko jarrera ona izan eta euren duintasuna aldarrikatu. Ondorioz, trantsizioan, eman zen truke negargarria eman zen.
-Servini irailean etorriko dela aipatu duzu. Zein da zuen eginbeharra orain?
Euskal Plataforma eraikitzea izan da lehen pausoa. Memoriaren gainean lanean diharduen hainbat talde dago hemen, eta Argentinatik bueltan denei deitu genien kereila denon artean prestatzeko. Proposamenak oso harrera ona izan du eta Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Aldeko Euskal Plataforma sortu dugu. Eibarren kristonak eta bi pasatakoak daude, eta komenigarria da ahalik eta testigantza gehien jasotzea epaileari Euskal Herrian zer gertatu zen erakusteko. Gure webgunean bulego birtuala egin dugu, jendeari gauzak nola prestatu behar dituen esateko. Bestela, guregana jo dezatela www.goldatu.org orrian.


“ESMAko bisita hunkigarria izan zen”

-Maiatzako Plazak ama eta amamekin egoteko aukera izan zenuten Buenos Airesen. Zer moduz?
Hunkigarria izan zen. 35 urte daramatzate ostegunero Maiatzako Plazan bueltaka, laurogeitaka urteko emakumeak eta begira zeinen indartsuak. Gure amak bezala. Oso onartuak izan ginen han, maitekor agertu ziren, gure historia guztia ulertzen zuten, guri laguntzeko publikoki adierazpena egin zuten eta beraiekin erronda batean buelta ematen egon ginen. Abokatuen Elkartearen aldetik ere harrera oso ona izan genuen, eta Giza Eskubideen aldeko hainbat komite eta sindikatuak ere oso portatu ziren, denak laguntzeko prest.
-ESMA bisitatzeko aukera ere izan zenuten.
ESMAko bisita oso hunkigarria izan zen, benetan zirraragarria. Bertan egon zen tipo batekin ibili ginen. Gaur egun memoria gunea da. Harrigarria izan zen hark erakutsitako sendotasuna, han lau bat urte egin eta anaia han akatu baitzuten. Sei hilabete eta erdi eduki zuten txano batekin buruan, kendu barik, hanka eta eskuak girgilatuta. Esan zigun ez zuela torturatzailerik ezagutu, ezta non ibili zen ere, gerora jakin zuelarik. Golpeak jasotzen zituzten edozein momentutan. Zabaleran 75 cm eta luzeeran metro biko horma-hilobi antzekoetan sartzen zituzten, burua kanpoan uzten zutelarik. Jan ere txanoa kendu barik egiten zuten, komunera torturatzaileek nahi zutenean eramaten zituzten, eta emakumeak nahi zutenean bortxatzen zituzten. Sotoetan tortura-guneak zituzten, enfermeria eta guzti. Sendagileek torturatzaileei noraino heldu zitezkeen esaten zien. Hura ikustea eta berak kontatutakoa entzutea ikaragarria izan zen. Oso sistematizatua zegoen. Beheko sototik ateratzen zituzten presoak, enfermerian lasaigarria emanda, kamioietan sartu, aeroportura joan, hegazkina hartu eta gorputza itsasoan botatzeko. Gure galdera izan zen: “lasaigarriarekin, zergatik? Zergatik ez zituzten bertan hil eta gero itsasora botatzen helburua desagertzea bazen?”. Erantzuna are gogorragoa izan zen. Lasaitu egiten zituzten, bertako kapilauak, Monseñor Grazellik, militarrei esaten zielako horrela ez zutela Jaungoikoaren legerik urratzen, ez zutela inor hiltzen, eta presoak sedatuz sufrimendua kenduarazten zietela eta Jaungoikoak erabakiko zuela behin itsasora botata nor biziko zen.
-Hemen horrelakorik egitea posible dela pentsatzen duzu?
Gizartearen presioarengatik da ESMA memoriaren gunea. Nahiko nuke Itxaurrondoko kartzela eta beste hainbat toki biharko egunean memoriako gune izatea.