Juan Antonio Ojanguren: “Profesionaltasuna eta humanismoa dira familia-medikuaren lanaren gakoak”

Juan Antonio Ojanguren: “Profesionaltasuna eta humanismoa dira familia-medikuaren lanaren gakoak”
2016/02/05 eta kitto!
Azken egunotan komunikabide askotan ikusi dugu Juan Antonio Ojanguren Ulacia eibartarra. Izan ere, Donostiako Udalbatzak Hiritar Merezimenduaren urrezko domina eman zion urtarrilaren 19an, San Sebastian bezperan antolatutako ekitaldian. Ojangurenek 20 urte eman ditu Donostiako alde zaharreko anbulatorioan mediku bezala biharrean, eta abenduan jubilatu zen. Auzokoek estimu handia diote eta, herri ekimenez erabakitzen den sari honen bitartez, urte guzti hauetan eskainitako gizatasuna, bokazioa eta dedikazioa eskertu nahi izan diote.

-  Aspaldi Donostian bizi zara baina Eibarren jaio zinen. Noiz joan zinen Eibartik kanpora eta nolako harremana daukazu Eibarrekin?
Toribio Etxebarria kalean jaio nintzen, baina aitaren lan kontuak zirela-eta, umea nintzela Zaragozara joan ginen bizitzera. Han egon nintzen mendikuntza-ikasketak amaitu arte. Nire aita (Juan Antonio) eibartarra zen, Indalezio Ojanguren argazkilari eta mendigoizale ospetsuaren iloba, eta nire ama, Jesusa, Debako Lasao baserrikoa. Etxean betidanik bultzatu dira gure euskaldun erroak. Amaren etxean txikitatik ezagutzen dudan Arrateko amabirjinaren talla dago oraindik. Beti mantendu dugu harremana Euskal Herriarekin eta gure familiarekin. Horrexegatik, Donostiako Gipuzkoa Ospitala aukeratu nuen bane-medikuntza espezialitatea egiteko. Eibarren senideak ditut –aitaren zein amaren aldetik–,  eta  guztiekin harreman beroa daukat. Nire aita Eibarren lurperatuta dago, bere gurasoekin batera.

– Barne-medikuntza espezialitatea egin ondoren familia-mediku bezala jardun duzu. Zerk bultzatu zintuen arlo horretara?
Medikuntza ikasi aurretik egin nituen Filosofiako hiru ikasturteetan gizakiei eta gauzen izaerari buruzko ikuspegi humanitarioa jaso nuen. Medikuntza amaitzean, barne-medikuntza espezialitatea aukeratu nuen,  ikuspuntu humanitarioa ikuspegi zientifiko eta integralarekin osatzeko aukera ematen zidalako. Familia-medikuntzan jardun dut komunitatearekin eta gaixoekin harremana handiagoa delako. Komunitateari zuzendutako medikuntzaren bidez gizakiaren konpromisoa bultzatzen da eta bizitzaren zentzuaren bilaketan lagungarri da.

-  Donostiako Udalak, herritarren ekimenez, Hiritar Merezimenduaren urrezko domina eman dizu. Nola bizi izan duzu? Zer nolako gogoeta egiten duzu?
Espero ez nuen sopresa izan da, oso atsegina, jendearen estimuaren seinale delako. “Mobida mediatikoa” beste gauza bat da, ez dut modu berean baloratzen eta ahal dudan moduan daramat. Nire ustez errekonomizmendu publikoak giza-talde solidarioentzat izan beharko lirateke. Sariaren indibidualizazioari dagokionez, ulertzen dut Alde Zaharreko paziente eta lagunek euren medikuarengan pertsonalizatu nahi izatea, baina horren azpian beste irakurketa bat dago: egunero jendearen osasunaren alde lan egiten duten familia-medikuenganako estimu handia eta goraipamena, hain zuen.

-  Abendura arte Alde Zaharreko anbulategian egon zara lanean. Nolakoak izan dira zure pazienteekin izan dituzun harremanak?
Barne-medikuntzako MIReko 4 urteak Donostia Ospitalean egin ondoren, Oiartzunen egon nintzen, bertako osasun zentruan, nagusien egoitzan eta herriko elkarteekin osasun gaietan kolaboratzen. Ondoren, Donostiako Alde Zaharreko anbulategira joan nintzen eta han 20 urte eman ditut. Oso atsegina izan da leku bietako herritarrekin izan dudan harremana; oso ondo hartu naute eta nire mediku lana ahalik eta hobekien egin dut, komunitatean erabat inplikatuz. Alde Zaharrean paziente nagusi asko izan ditut eta harremana kofidantzazkoa eta afektuzkoa izan da. Nire lana errespetuan oinarritua egon da, bizi-kalitate duina izateko jarraitu beharreko pautetan akordioak lortuz.

-  Zer espero dute gaixoek medikuaren kontsultara joaten direnean?
Gaixoak harreta pertsonalizatuaren bila joaten dira, komunikazio aproposa nahi dute eta euren mina konpartitzeko eta laguntza lortzeko itxaropena izaten dute. Medikuntza aldetik komunikazioa egokia izateko, beharrezkoa da entzuten jakitea (entzute aktiboa), enpatia (sufritzen ari denaren lekuan jartzea) eta onarpena (ez epaitzea). Hurbileko harreman honen bitartez, bere minari zintzotasunez aurre egiten laguntzen zaio gaixoari, eta erabaki medikuak hartzeko oinarrian gaixoaren protagonismoari zor zaion errespetoa dago.

-  Zer nolako balioak izan behar ditu sendagileak? Zer esan nahi da medikuntzaren humanizazioaz hitzegiten denean?
Medikuntza erabat teknikoan oinarritutako erabakien kontra, eta eskubide eta betebeharretan oinarritutako medikuntzaren aurrean, Bioetika klinikoa dago, medikuntza ulertzeko eta egiteko modu berria. Eredu hau baloreetan oinarritzen da: gaixoaren borondatearekiko errespetoa, bizitza-kalitateari atentzioa, tratatzeko modua, jasangarritasun ekonomikoa... Jarrera honekin, profesionaltasuna eta humanismoa mediku-familiaren lanaren klabeak dira.

-  Zer funtzio batetzen dituzue familia-sendagileek?
Familia-medikua beste funtzio batzuk betetzen dituzten profesionalekin koordinatuta egiten dugu lan, kalitate teknikoa eta kalitate humanoa uztartzeko helburuarekin; pertsonekin eta gizartearekin konpromiso profesional zein etikoa daukagu.
Lehen mailako atentzioaren helburua prebentzio, errekuperazio eta errehabilitazio-zerbitzuak eskaintzea da: ama-umeen zaintza, familia-plangintza, txertaketa, gaixotasun endemikoen prebentzioa eta kontrola, gaixotasun eta lesio arrunten zaintza, osasun-heziketa eta oinarrizko botiken administrazioa. Oinarrizko zerbitzu hauei giza- eta osasun-adierazle berrien aurrean sortutako estrategiak gehitu behar zaizkie: zahartzearen eta kronizitatearen handiagotzea, menpekotasunaren handitzea, zaintzailearen gainkarga, inmigrazioa eta gaixotasun espezifikoak, krisialdi ekonomikoa eta jasangarritasuna, epidemia biriko berriak...

-  Zuen lana ondo baloratuta dagoela uste duzu?
Nire ustez Administrazioak eta biztanlegoaren zati batek ez du ulertzen eta ez du baloratzen familia-mediku baten oinarrizko jardunaren zati handi bat ez dela neurgarria: entzutea, gaixo terminal bati laguntzea, familia edo zaintzaileak hezitzen eta laguntzen denbora inbertitzea, zentruko lankideentzako gai bat lantzen eta ikertzen emandako denbora... Jarduera guztia hauek ezin dira erregistratu, baina kalitatezko lehen mailako atentzioaren oinarrian daude.

-  Zer eman dizu familia-medikuntzak?
Maila pertsonalean, barru-barrutik betetzen ninduen profesional mailako proiektu batean jarduteko aukera izan dut, bizitza-proiektu bezala ere asetu nauena. Familia-medikuntzak, ezagutza progresiboa emateaz gain, gizakiaren baloreei eta mugei buruzko erreflexio-ahalmen handiagoa eman dit. Talde mailan, lankide batzurekin izandako komunikazioa eta elkarrekin egindako lanak oso positiboak izan dira. Esperientzia gogorrak eta une itxaropentsuak partekatu ditugu, eta horiei esker adiskidetasun harreman aberasgarriak sortu dira.

-  Alde Zaharreko osasun zentroan omenaldi berezia egin zizuten azken egunean, ezta?
Jubilatu aurreko egunetan,  familia-medikuek gure lana diskrezioarekin eta ahalik eta hobekien egiten dugula pentsatzen egon nintzen.  Gure lana amaitzen dugunean ixil-ixilk joaten gara, gure medikuntza-ibilbidea hasi genuenean bezala. Ez nuen espero Alde Zaharreko lagunek eta pazienteek egin zidaten agurrra. Oso espontaneoa eta hunkigarria izan zen. Esperientzia berria eta bihotzeko  esker ona izan zen.