Juan Sanchez Vallejo, psikiatra eta idazlea: “Gazte bat ondo gizarteratzen ez bada, patologia mentalekin amaitzen du ia beti”

Juan Sanchez Vallejo, psikiatra eta idazlea: “Gazte bat ondo gizarteratzen ez bada, patologia mentalekin amaitzen du ia beti”
2021/04/16 10:03
eta kitto!
Juan Sanchez Vallejok liburuak idazteko duen ohitura zaharra da, eta bere lan berrian ohitura berriek sortzen dituzten erotasun berriak aztertu ditu: ludopatia, porno-mendekotasuna, Google doktorea, zahartzaroko bakardadea… Teknologia berriek gazte eta helduen artean eragiten dituzten patologien inguruan mintzatzen da, datu zientifikoak hartuz eta hainbeste urtetan jasotako esperientziarekin iritzia emanez.

 

Erotasunak aipatzen dituzu liburuan. Hainbesterako da?

Ondoeza orokortzeko erabili dut erotasuna berba. Erotasuna terminoa oso anbiguoa da eta edozer gauzatarako erabiltzen da gaur egun, gauza serioetarako eta barregarrietarako. Lagunartean erabiltzen da, hutsala da, fondorik gabea, eta ez du patologiarik zehazten, baizik eta zentzugabeko jokabideak. Patologia terminoa erabiltzea zen nire asmoa, baina erotasuna berba hedatuago dago.

 

Nolako erotasunak aztertu dituzu?

Jendearen soziabilitatea kutsatzen duten maniak dira. Horrek ez du esan nahi zoratu egin garenik, baina sare sozialei eta Interneti begiratuz, mota horretako komunikazioek jendea deskolokatzen dute sozializatzeko orduan. Asko gustatzen zait Madrilera joatea eta horrelako hiri desinhibitu batean gertatzen diren gauzetan fijatzen naiz. Kaleak jendez gainezka daude, baina ia pertsona guztiak bere mugikorrera begira doaz, baita elkarrekin doazen lau-bost laguneko kuadrillak eta bikoteak ere. Albokoari ez diote jaramonik ere egiten. Horrek kezkatu egiten nau. Gaur egungo medio berriekin ahozko komunikagarritasunean asko irabazi dugu, baina ez giza-komunikagarritasunean. Komunikazio gehiago dago, baina elkarrizketa emozional gutxiago. Oso tristea da hori.

 

Hitzaurreaz eta sarreraz gain, liburuak zortzi kapitulu ditu. Nola banatu dituzu?

Atal bakoitzean patologia konkretu bati buruz egiten dut berba. Adibidez, ludopatia. Teknologia berriekin, gazteen artean gertatzen da batez ere. Ludopatia aspalditik egon da, baina gaur egun kezkagarria da gazteek hain eskura izatea nolabaiteko jokoak eta horren mende egotea. Liburuan aipatzen ditudan datuen arabera, 13 eta 17 urte artekoen % 70-k tableta nahiago du lagunekin geratzea baino. Tristea da. Bizitzaren sasoi horretan sozializazioa gailendu beharko litzateke. Beste patologia bat porno-dependentzia da. Honek ere gazteei eragiten die nagusiki. Sareen bitartez pornografiara bultzatzen dieten elementuak aurkitzen dituzte eta horrelako irudien menpekotasuna garatzen dute. Gero, mende dagoenak gaizki amaitzen du, bere argazkiak bidaliz eta abar. Porno-menpekotasunak pertsonen sexu-instintua nahasten du. Patologien beste belaunaldi bat da.

 

Denbora behar dugu ohitura berrietara egokitzeko eta hauek kudeatzen jakiteko?

Gizadia aurrera doa, ez atzera, eta normalean asmakizunek onurak ekartzen dituzte. Beti egongo da gauza hauek gaizki erabiliko duen gutxiengo bat, eta ez bada patologietan erortzen, modu normalean sozializatzen lagako ez dion bizioetan eroriko da. Gazte bat ondo gizarteratzen ez bada, patologia mentalekin amaitzen du ia beti. Hori da aurrerakuntzek duten arazoetako bat. Gaur egun, Europan, orain dela 300 urte baino askoz hobeto bizi gara. Asmakizunekin hobeto bizi gara, baina ondo erabiltzen baditugu. XVIII. eta XIX. mende inguruan bizi izan zen Ned Ludd britaniarra sasoi hartako asmakizun teknologikoen aurka agertu zen. Bere jarraitzaileei, ludditei, antimodernoak eta arkaikoak deitzen zieten, baina eurak ez zeuden teknikaren aurka, esplotazioaren aurka baizik. Ez zuten kobazuloen sasoira itzuli nahi, asmakizun modernoen erabileraren txarren aurka zeuden. Ni ez nago teknologia berrien aurka, ezta gutxiago ere, erabiltzen ditudalako, baina erabilera ona egin beharko litzateke.

 

Patologiak aztertzeaz gain, sendatzeko gakoak ematen dituzu?

Kasu psikiatrikoak ez badira, ez dut konponbiderik emateko gaitasunik. Hedabideek gauza batzuen inguruan gaininformatzen gaituzte, batez ere alderdi negatiboez, baina ez dituzte alternatibak eskaintzen. Alderdi txarrak azpimarratzen diren moduan, zergatik ez dira gauza positiboak aipatzen? Pantailaren aurrean egotea lagunekin geratzea baino nahiago duten gazteei zergatik ez zaie horretan laguntzen? Zergatik ez daude gai hauen inguruan aholkatzen eta hezitzen duten erakundeak? Aipatzen ditudan neurrigabekeria guztien alternatiba bakarra hezkuntza da.

 

Google doktorea aipatzen duzu atal batean. Nolako fenomenoa da?

Googlen egiten diren bilaketen ondorioz sendagaien gaineskaria dago eta AEBn Google doktorea deitzen diote fenomeno horri. Jendeak depresioaren aurkako sendagaien eta lasaigarrien inguruko informazioa bilatzen du batez ere, eta informatu ondoren, sendagaiak lortzen dituzte modu batean edo bestean. Kopenhageko Unibertsitateko Gotzsche doktoreak dioenez, Europan 197.000 lagun hiltzen dira urtero sendagaien erabilera okerrarengatik, batez ere psikofarmakoen gehiegizko erabilerarengatik.

 

Miguel Arroitajauregik egin du hitzaurrea. Nolako ekarpena egin du?

Hitzaurre ederra idatzi du eta, eskerrak emateaz gain, bere laguntza jaso nahiko nuke liburu berriak idazteko orduan. Pandemiak eragin dizkigun ondorioen inguruko liburua idazten dihardut eta berak hainbat ekarpen egin ditu. Oso pertsona bikaina da, demaseko kultura du eta primeran idazten du.