Juanjo Alvarez: “Katalunian edozer gertatuta ere, horrek ez luke eraginik izan behar gure Kontzertu Ekonomikoan”

Juanjo Alvarez: “Katalunian edozer gertatuta ere, horrek ez luke eraginik izan behar gure Kontzertu Ekonomikoan”
2017/02/20 eta kitto!
Otsailaren 1ean Armeria Eskolak antolatzen duen Ondo Egindako Lanaren azken saioko protagonista izan zen eta han bere ibilbide profesionalean lortutakoarengatik errekonozimendua jaso zuen. Datorren eguenean berriro izango dugu gure artean, Ikastenek Kontzertu Ekonomikoaren inguruan antolatutako hitzaldia eskaintzeko. Hori aprobetxatuz, Juanjo Alvarez Zuzenbide Pribatuko katedradunarekin izan gara. Besteak beste Europako
Kontseiluko aholkularia ere baden zumaiarrak jendearen mesedetan lanean jarduteko gogoa erakutsi dugu, “batez ere, nire lanarekin gozatzen dudalako”.
2015eko Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitate, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria jasotakoa da eta betidanik aldarrikatu du euskal unibertsitate sistema bateratua. Eibar Foball Taldean orain dela urte batzuk jokatu zuen defentsak foballari gutxik osatutako curriculuma du eta bere
ikerketa jarduera eta dibulgazio lan oparoek, irizpenen ekoizpenak, balio handiko erakundeetan izan duen parte-hartzeak eta kongresuetan parte hartuz egin duen ibilbide aberatsak ez dute baztertzen bere eguneroko abokatu lana.

– Aurrekoan Armeria Eskolan izan zinen, Ondo Egindako Lana programaren azken saioan. Zelako zaporea laga zizun?
Ez da gezurrezko apaltasun kontua, baina etxeko lanak egiteagatik, azken batean gustatzen zaizunean jarduteagatik horrelako eskerrona jasotzea gehiegizkoa deritzot. Ez naiz nire buruaz hitz egitearen zalea, familia artean gozatzea gustatzen zait eta badut nahiko motibazio lanarekin  gozatzeko. Nire bizi-ibilbidean ez dago aparteko ezer, baina gustora egon nintzen, lagun giroan, eta uste dut balio izan zigula hausnarketarako hondarra lagatzeko.

– Une honetan non jarri duzu zure aktibitatearen ardatza? Jakinda hain esparru zabalean diharduzula, izango duzu lehentasunik, ezta?
Batez ere, ikerkuntzak eta Unibertsitatean klaseak ditut lehentasun. Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko katedratikoa naiz EHU-n, Cuetrecasas Bartzelonako abokatu bulegoko aholkularia naiz eta, horrez gain, hainbat publikaziotan kolaboratzen dut. Gure lanen dibulgazioa interesatzen zait, praktikoak izan behar garela uste dudalako, hau da, lurra zapaldu behar dugula.

– Bergarako UNED-eko hezkuntz-zuzendaria ere izan zinen hamabost urtean, 2010-era arte. Zer eman zizun esperientzia horrek?
Oraindik ere bertako partaide naiz, fundazioko patroi moduan. Pertsonalki asko aberastu ninduen kargu horrek, elkarlanean jardun genuelako 80 bat irakaslek eta tutorek eta 2.000tik gora ikaslek, mundu berezia osatzen genuen mikrokosmosean. Talde bateko errealitatea bizi izan nuen, gure txikitasunetik abiatuta hainbat proiektu sustatzeko gai izan ginen eta bizi-heldutasuna eman zidan. Unibertsitate mundua nahiko indibidualista dela onartuta, kudeaketa horrek besteei zabaltzeko aukera eman zidan.

– Zure curriculuma gainbegiratuta, itsas-zuzenbidearen inguruan hainbat lan kaleratu dituzu. Prestigeren kasua ere gertutik jarraitu zenuen. Ados zaude arazoaren itxierarekin?
Tesirako ere itsas-zuzenbideko arlo bat aukeratu nuen eta, horretarako, Londresen eta AEB-etan lanean jardun izan nuen. Prestigeren inguruan, han jardun zuen talde juridiko batekin parte hartzeko zortea izan nuen eta hasieratik genekien gaia porrotera bideratuta zegoela. Txarrena da orain istripu bera errepikatuko balitz emaitza berbera emango geniola. Hitzarmenetako nazioarteko sistemak mugatu egiten ditu erantzunkizunak eta, galerak 5.000 milioi eurokoak zirenean, aseguruak ez ziren kopuru horretako ia ezer kubritzera heltzen. Itsasontziaren kapitaina izan zen berari zegokiona ondo bete zuen bakarra eta zigorrik merezi ez zuena, baina bera izan zen zigortutako bakarra. Baina Europar Batasunean inork ez du nahi izan horko esentzia aldatzerik. AEB-etan beste modu batean jokatu zuten Exxon Valdez-ek sortutako hondamendiarekin; han bai, arduradunak eragindako kalteak ordaindu behar izan zituen.

– Ikasbatek antolatutako hitzaldian, bestalde, kontzertu ekonomikoaren inguruan jardungo duzu. Gaia entzunda, eskubidea eta pribilegioa datozkizu burura. Hori Europak onartutakoa izanda.
Kontzertua gure patrimonioaren altxorra da. Gertatzen dena da horren inguruan pedagogia soziala egitea tokatzen zaigula eta ulertzen ez dutenei ere Estatuarekin onartuta dugun harreman mota dela argitu beharrean gaude. Gainera, ez da gure mesederako sistema bat, batzuk saltzen duten moduan, arrisku sistema bat baino. Kontzertu ekonomikoarekin sortu daitezkeen arazoak guk geuk konpondu beharko ditugu, erantzukide garelako. Estatua ez da gu salbatzera etorriko. Eta, esanak esan, estatuko komunitateen sistema komunean egonda egokituko zitzaiguna baino gehiagorekin kolaboratzen dugu. Jendeak jakin behar du kontzertuarena eta kupoarena ez badugu ondo kudeatzen, horko porrotetik gu geu irten beharko ginatekeela, inolako laguntzarik gabe. Batzuk eroso daude oso eztabaida manikeoak erabiliz.

– Kupoarena, dena dela, geldirik dago hainbat hamarkadatan. Ez dago hori eguneratzeko asmorik?
Hor politika dago, eta horrek ordezkatzen duena. Bost urtetik behin zehaztu beharko zenak aldebikotasuna eskatzen du aldi berean, eta adostasunik ez dagoenez... Orain arte lortu ez dena zaila da kinka larrian gaudenean lortzea, une delikatuak eta konplexuak bizi baititugu; horrelako gauzetarako sasoi lasaiagoak behar ditugu, ondo aztertu eta bide egokienak hartzea ahalbidetuko dizkigutenak. Gainera, kopuruak oso garrantzitsuak dira eta aurrekontu alaialdien sasoiak aspaldi joan ziren gure ingurutik.
Kontzertuaren funtsean akordioa dago eta trantsizioan erabaki zen berori negoziatzea eta baita horko portzentaia zein izango zen. Horrek, analisi teknikoaz gain, analisi politikoa ere eskatzen du, kontzertua negoziatu zuen Pedro Luis Uriartek dioen moduan. Horretarako dago politika, adostasunak lortzeko, jakinda beti ere ez duzula dena irabaziko, baina ezta dena galduko ere.

– Eta, Katalunia Espainiatik badoa, horrek ez luke eragin zuzena izango kontzertu ekonomikoan?
Halakoak entzuten badira ere, ez luke zertan. Badakigu Katalunia estatuaren Barne Produkzio Gordinaren %30 dela eta, kataluniarrak joanda, sarrerak gutxiagotu egingo zirela. Horren aurrean, estatuak formula berriak aurkitu beharko lituzke. Aurreikus daiteke gure kontzertua aldatzeko ahaleginak egingo lituzketela, baina horretan geratuko litzateke dena. Ez dago oinarri juridikorik halakorik gertatzeko. Kataluniarrek izan zuten gure kontzertuaren antzerakoa izateko, baina ez zuten nahi izan bere momentuan. Jendeak jakin behar du dirua biltzea ez dela erosoa. Edozer gertatuta ere, gure sistema ezin da aldatu. Paktua apurtzeko ahaleginak euskal politikaren zentralitatea erradikalizatuko luke eta, horrez gain, horrelako egoeretan neurtzen da estatu baten kalitate demokratikoa.

– Legalitatea versus legitimitatea. Dikotomia horretan, norantza jo behar luke gizarteak? Badago aldatzerik?
Legalitateak gizartea joan behar duen erraila markatzen du eta sortutako arauek osatzen dute mekanismoa. Kontinentalon espirituan dago ezarritako lege-arauak jarraitzea, errail horretan sarreraztea. Anglosaxoiek, ordea, ez dute arazorik mugitzen joateko, sasoikora egokitze ahaleginean. Kataluniakoa zuzenbideak ezin du konpondu, arazoa politikoa delako. Legea hainbeste aipatu beharrean... lehen ere egin dira legearen kontrakoak, Andaluziako komunitatea osatzeko 1980ko erreferendumaren emaitzak errespetatu ez zituztenean, esaterako. Galizia, Katalunia eta Euskadiko komunitate historikoekin parekatze ahaleginean, Andaluziak 151 artikuluaren bidea hartu zuen komunitate izateko, baina probintzia bakoitzean lortu behar zen aldeko kopurua ez zen eskuratu Almerian eta horrek bestelako komunitateen bidea jarraitzera behartzen zuen, handik bost urtera beste erreferendum bat egin arte. Bada Adolfo Suarezek eta Felipe Gonzalezek legea aldatu zuten eta, herritarrak kontuan izan beharrean, diputatutak kontuan izatea erabaki zuten. Eta Andaluzia atzeko atetik sartu zen 151. artikuluaren bidetik. Legalitatea besterik defenditzen ez dutenek gezurrezko eztabaida planteatzen dute.

– Betidanik izan zaitugu Europaren proiektuaren aldekoa. Zelan ikusten duzu orain: liderrak falta zaizkigu, jendeak interesa galdu du europarra sentitzeko?
Europako utopian sinesten jarraitzen duen inozo horietako bat naiz. Europari arima falta zaio, baina ez diotelako eman nahi: bertako politikoek euren buruak goratzen dituzte eta gauza ezkor guztiak Europari aurpegiratzen. Hala ere, Europa goraka doa; inon ez dago bertako eskubideen tamainakorik, halako giza-sistema bezalakorik. Lortu behar duguna da estatuen egoismoa mugatzea, subiranotasunaren benetako lagapena, eta teklarekin asmatzea. Denbora asko galdu dugu, hori bai, eta jendeak askotan estatu-kolpea gertatu arte ez du erreakzionatzen, orduan jotzen du Parlamentura instituzioak defendatzeko. Eta badago herritarron Europa galtzeko arriskurik. Gehiago esango nuke: inflexio-puntua bizi dugu egun, merkatuek ere gehiago integratzea eskatuko digutelako edo, bestela, desintegratzeko. Gure Europa 60 urteko nerabea da, ez aurrera, ez atzera. Denbora dugu oraindik, autarkia bihurtu baino lehen. Munduko bosgarren potentzia den Erresuma Batua badoa, bai; ikusiko dugu ondo irtetzen asmatzen duen. Pedagogia egin beharra dago eta benetako Europa asmatu.

– Nahiko autokritiko azaldu zara beti: gure zilborrari begira bizi garela diozu, unibertsitate munduan handiuste asko dagoela, kritikatu bai baina proposatu ez dela egiten... Hezkuntzak ez du arlo horretan kale egiten, Pisa txostenaren azken emaitzak alde batera lagata?
Unibertsitatean lan egiteak aukera bikaina eskaintzen dizu askatasun gotorleku bat den unetik, horko ezagutzak erabilgarritasun elementuekin lotu ditzakezulako. Oraindik gogoratzen dut izan nuen irakasle batek zioena: hemen tarte baterako zaudete, bizitza da gainditu behar duzuena. Askotan erortzen gara autokonplazentzian, bertan gozo geratuz, eta gure hezkuntz-sistema, ona dela onartuta ere, badu zer hobetzeko. Askotan gehiegizko sindikalizazioak, gehiegizko administrazioak eta gehiegizko arauketak sistema porrotera bidera dezake, kortse estuegien eraginez. Irakaslea suspertu beharrean, haren lana ez neurtzearren probak banalizatzera iritsi gara, eta horrek ez digu lagundu argazki onena ateratzeko orduan. Ez dugu ahaztu behar, dena dela, hezkuntza dela etorkizuna, eta merezi duela hor hobetzea.