Juanjo Martinez: “Espiritu olinpikoa ukiezina da, ezin da deskribatu, baina existitzen da”

Juanjo Martinez: “Espiritu olinpikoa ukiezina da, ezin da deskribatu, baina existitzen da”
2022/03/11 eta kitto!
Azken urteotan ikusi ditugun kirol ikuskizunetako irudien atzean egon da Juanjo Martinez: Moto GP-n, Formula 1en, LaLigan, Tokioko Joko Olinpikoetan eta, azkenik, Pekingo Neguko Joko Olinpikoetan, besteak beste. Txinatik itzuli berri, berarekin berba egiteko aukera izan dugu, LaLiga-rekin berriz lanean hasi baino lehen. Zerumugan: Paris 2024.

 

Zer moduz ibili zara Pekingo Neguko Joko Olinpikoetan?

Esperientzia polita izan da, baina gogorra aldi berean. Eguraldia ez zen batere atsegina izan, hotz asko pasa genuen. Hiru egoitza zeuden: Pekin (‘txori kabia’ izenez ezagutzen den estadioa), Yanqing eta Zhangjiakou (Xiaohaituo mendilerroan, ni han egon nintzen).

 

Nola moldatu zinen mendiko klima gogorrarekin lan egiteko?

Batezbesteko -18º eta -24º artean ibili gara lanean, eta -34º ere egin du tarteka. Alde pertsonalean, erropa asko jantzi behar izaten nuen. Lanari dagokionez, ostera, hainbeste hotz egiten duenean ekipamendu batzuek ez dute funtzionatzen eta manta termikoekin ondo babestu behar izaten genituen. Erabili eta berehala gordetzen genuen ekipoa. Zorionez, ez naiz aire zabalean hainbeste denbora egon, estudioen arduradun lanetan ibili naizelako.

 

Zein estudio?

Nazioarteko Olinpiar Batzordeak (NOB) estudio bat jartzen du eskubideak dituzten telebistentzat (platoak daude eta beste hainbat zerbitzu eskaintzen dira bertan). Estudio horren ardura nuenez teilatupean egoteko aukera izan nuen.

 

Nolako lana egin behar izan zenuen estudioko arduradun bezala?

NOBeren estudioan elkarrizketak, eguneroko programa bat eta beste hainbat gauza egiten genituen. Bestetik, telebista, orain arte ezagutu izan dugun moduan, desagertzen ari da, eta gero eta gehiago sare sozialetara begira egiten dira ikus-entzunezkoak. Orduan, Instagramen zuzenekoak egiten genituen, elkarrizketak sare sozialen bitartez... Teknologia sailaren arduraduna nintzen, ikus-entzunezkoen euskarri-ingeniaria.

 

Neguko Joko Olinpikoek 18 egun iraun zuten. Lan bizia izan zen?

Joko Olinpikoak hasi arte egin behar izaten dut lan gehien, hasi aurretik guztia prestatu behar dudalako. Gero, Jokoak hasten direnean, nire lana erosoagoa da, suak itzali behar izaten ditut bakarrik (zerbait apurtzen bada, gauzak konpontzea, adibidez).

 

2021eko udan Tokioko Joko Olinpikoetan egon zinen. Aldeak igarri dituzu Neguko eta Udako Joko Olinpikoen artean?

Neguko Joko Olinpikoek udakoek baino oihartzun gutxiago dute eta, ondorioz, presio gutxiago dugu. Lanean zaudenean ez zara konturatzen, baina gerora jakin ditugu ikusleen kopuruak. Tokion 80 milioi ikusle genituen egunero eta Beijinen 67 milioi ikusle. Tokiokoak nire lehen Joko Olinpikoak izan ziren eta hori izan da igarri dudan alderik handiena. Aurretik NOBerekin lan egin nuen eta lan-talde gehiena ezagutzen nuen, baina Joko Olinpikoei buruz ari gara berbetan, 80 milioi ikusle egunero, mundu mailan oihartzun handiena duen ekitaldia... Presio handia sentitu nuen. Beldur handiarekin joan nintzen Tokiora eta prentsa-gunera iritsi nintzenean txiki sentitu nintzen. Munduko ekitaldi garrantzitsuenetan egona nintzen, baina Joko Olinpikoak beste maila batean daude.

 

Beldurrak beldur, erronka gainditu zenuen. Nola moldatu zinen?

Aurretik jasotako esperientziak asko lagundu zidan eta, batez ere, lan-taldeak. Bertan bizi den giroa ezberdina da. Jokoetara joan aurretik ez nuen ondo ulertzen zer zen espiritu olinpikoa, baina bai, existitzen da.

 

Zer da ba espiritu olinpikoa?

Kultura, ideia eta jatorri ezberdinetako lagunek osatzen dugu lantaldea eta denek egiten dugu bat mundu mailako ekitaldi bat sortu ahal izateko. Nire lantaldean espainiar bat zegoen, alemaniarrak zeuden, greziarrak, australiarrak, zeelandaberritarrak, argentinarrak, korearrak... Espiritu olinpikoa ukiezina da, ezin da deskribatu, baina existitzen da. Giroan atzeman daiteke. Lanez lepo egon arren, jende guztia dago laguntzeko prest eta inork ez du aurpegi txarrik jartzen. Gainera, ez dugu lanordu zehatzik. Epeak zeintzuk diren jakinda, libre zara lana nola egin erabakitzeko. Oso ondo dago hori.

 

IMG_7115

 

Nola sortu zitzaizun Joko Olinpikoetara joateko aukera?

NOB-k ‘Olympic channel’ izeneko telebista-plataforma du Madrilen. Egoitza 2016an muntatu zen, Rio de Janeiroko jokoen aurretik, eta bertan ibili nintzen hasieran. Hutsik zegoen eraikina eman ziguten eta telebista bat sortzeko lana enkargatu ziguten. Oso giro ona zegoen lantaldean. Mota horretako ekitaldietan telebistaren arloan gabiltzanak ez gara asko eta gehienok elkar ezagutzen dugu. Orduan, Rioko Jokoetan Madrildik egin nuen lan, euskarri lanetan, eta Jokoak amaitu ondoren freelance bezala beste ekitaldi batzuk kubritzen jarraitu nuen. Hala ere, Tokioko Joko Olinpikoetarako nirekin kontatuko zutela esan zidaten eta horrela iritsi zitzaidan aukera.

 

Joko Olinpikoez aparte, beste zein kirol-ekitalditan ibili zara lanean?

Ibilbidea KTB-n hasi nuen, 1994. urte inguruan, ikasten ari nintzen bitartean. Ikasten amaitu nuenean Telecincoko albistegietako ekoizpen-zuzendari bat ezagutu nuen eta bertan hasi nintzen lanean. Gero, lotura lanak egiten hasi nintzen, sateliteen operazioak egiten hasi nintzen Retevisionekin, ETB-rekin lan batzuk egin nituen... Jende asko ezagutzeko aukera izan nuen eta ateak zabaltzen joan zitzaizkidan. Horrela, foballeko ekitaldiak egiten hasi nintzen UEFArekin (Europako txapelketak, Ukraina eta Poloniako Eurokopa...), 2013an Bartzelonan jokatu zen Munduko Igeriketa Txapelketan egon nintzen, Moto GP-ko lasterketak egiten nituen noizbehinka, Formula 1-eko lasterketak egiten hasi nintzen... Gauzak horrela etorri dira, ia planeatu barik.

 

IMG_0514 IMG_1578

 

KTB-n hasi zinenetik gaur egunera arte teknologia asko aldatu da. Nola egokitu zara sasoi berrietara?

Lehen, ‘telebista purua’ zen gehiago (kableak, konexioak...). Orain, ostera, telekomunikazio kontua da batez ere, ikus-entzunezkoekin lan egiten dugula kontuan hartuta. Lehen ez genuen ordenagailurik erabiltzen eta orain ordenagailura itsatsita gaude. Beraz, etengabeko formakuntza egin behar dugu eta, geldirik egoten bazara, haria galtzen duzu.

 

Hasieran, zein ikasketa egin zenuen?

‘Irudi eta soinua’ izeneko heziketa-zikloa ikasi nuen Andoainen eta, harrezkero, ikasten jarraitu dut etengabe (satelite-operazioak, telekomunikazioak, IT...). Horrela, munduko toki askotan eta ekitaldi berezietan egoteko aukera izan dut, baina lanbidea gustatu egin behar zaizu, bestela zaila da horrelako lanak egitea, gauza batzuei uko egin behar diezulako.