Julen Teran (atleta): «Hurrengo erronka 3.000 oztopoetan Espainiako Txapelketara joatea da»

Julen Teran (atleta): «Hurrengo erronka 3.000 oztopoetan Espainiako Txapelketara joatea da»
2017/05/05 eta kitto!
Eibarko atletismo taldeko kirolariak ondo daki podiumera igotzea zer den. 18 urte ditu eta orain dela zazpi hasi zen Inma Urkiolarekin Unben entrenatzen. Harrezkero ibilbide bikaina egin du. Korrika egitea bizitzeko modua da berarentzat. Krosean eta pistan ibiltzen da, fondoko probetan, eta duatloietan ere parte hartzen dihardu. Kroseko proba asko irabazi ditu; horko denboraldia amaituta, pistako probak hasi da prestatzen. 3.000 oztopoetan Espainiako Txapelketa du buruan.

– Hasieran denetik egiten zenuen, baina orain apurka-apurka espezializatuz joan zara...
Bai, orain krosean eta fondoko probetan nabil, aire libreko pistetan, 3.000 oztopoetan gehienbat, baina baita 1.500, 800 eta 400 metrotako lasterketetan.  Hasieran Gipuzkoa mailan konpetitzen nuen, eta kadeteetara pasatu nitzenean Euskal Herri mailan lehiatzen hasi nintzen. Iaz 1.500 metrotan Euskadiko txapelduna izan nintzen, eta Gipuzkoa mailan 2.000 metro oztopoetan.

– Krosa edo pista nahiago?
Krosa gustatzen zait gehien. Txikitan hasi nintzen, giroa desberdina da, jende mordoa elkartzen gara domeketan. Neguan lokatzarekin korrika egitea oso polita da.

– Nola joan da denboraldia?
Oso ondo. Krosak prestatzen hasi ginen. Astebete gripearekin gaixorik egon nintzen, baina azkenean lortu nuen Espainiako kros txapelketarako sailkatzea. Nahiko ondo irten zitzaidan. Orain pista prestatzen hasiko naiz. San Juan ostera arte dena pista izango da. Normalean Donostia, Durango, Tolosa eta hemengo pistetan konpetitzen dut. Kadeteetan Antekeran eta Huelvan izan nintzen, jubeniletan Ciudad Realen eta Mataron. Aurten, 3.000 metro oztopoetan gutxieneko marka lortzen badut Granollersera joango naiz, Espainiako Txapelketara. Espero dut marka hori lortzea.

– Eibarko duatloian ere izan zinen eta emaitza bikaina lortu zenuen.
Krosak amaitzen direnean eta txapelketarik ez dagoenean (2 hilabeteko tartea izaten da), duatloietan jarduten dut. Eibarkoan parte hartu nuen eta Eibarko lehenengoa eta lehenengo juniorra izan nintzen (Pello eta Txomin Osoro falta ziren!).

– Ikasturtea amaitzear, selektibitatea gainean... Posible da ikasketak eta goi mailako kirola aldi berean egitea?
Ondo moldatzen naiz. Aurten, selektibitatea dela eta, juxtu ibiliko naiz entrenatzeko, baina ondo antolatzen bazara ez dago arazorik. Kirolarekin zerikusia daukan zeozer ikasteko asmoa daukat, niretzako IVEF izango litzateke ideala. Aste barruan 4 egunetan saiatzen naiz entrenatzen eta baita zapatu edo domekan ere. Pello eta Txomin Osororekin fondoko entrenamenduak egiten ditut, eta kalean ere ibiltzen gara antxitxiketan.

Julen Teran