Julian Iantzi, telebista aurkezlea: “Euskerari esker munduari bira eman diot”

Julian Iantzi, telebista aurkezlea: “Euskerari esker munduari bira eman diot”
2012/12/14 eta kitto!

- Zertaz jardungo duzu hitzaldian?
Azken urteotan euskeraren ezagutza mailak gora egin duen arren, erabileran ez da gauza bera gertatzen eta, erabili ezean, hizkuntza galtzeko arriskuak hor dirau. Nik hori ondo dakit, neri gertatu zitzaidan eta. Gurasoak Ameriketan zeudela jaio ginen seme-alabak eta, handik Lesakara bueltan, 7 urte nituela, euskeraz eta ingelesez, besterik ez nuen berba egiten. Frankismoaren azken urteak ziren eta oso txarto pasatu nuen, gazteleraz ez nuelako ezer ulertzen eta, gainera, zigortu egiten ninduten. Gaztelera ikasi eta gero eta gehiago erabiltzen joan nintzen, etxean ikasitako euskera alboratuta. Konturatu orduko, ia galduta nuen, hizkuntzetan ohitura delako kontua.
- Eta nolatan bueltatu zinen euskerara?
30 urterekin, nire euskera maila ikaragarri jaitsi zela ikusi eta konpromisoa hartzea erabaki nuen. Ordurako lanpostua ziurtatuta nuen eta ez nuen euskeraren premiarik, baina hala ere euskaltegian izena eman eta euskera berriz ikasteari ekin nion. Maila hobetzen joan nintzen, gero eta gehiago erabiltzen, euskeraz irakurtzen…. Eta hara non, 3 urteren bueltan telebistan beharrean hasteko aukera suertatu zitzaidan, zergatik eta euskalduna izateagatik. Euskerak ate asko zabaldu dizkit eta bizimodua ere aldatu zait, hizkuntzak komunikatzeko tresna baino zerbait gehiago direlako. Euskerari esker munduari bira eman diot eta jende mordoa ezagutu dut.
- Zuk eskolan bizi izandakoak eta zure seme-alabek ezagututakoak zerikusi gutxi izango dute, ezta?
Orain Irunen bizi gara eta ez da oso eremu euskalduna. Haurrek eskolan euskeraz egiten dute, baina hortik kanpora gaztelerara jotzen dute etenbarik. Beraz, zerbaitetan oker gabiltza. Erabilera sustatzeko moduekin asmatu behar dugu, gazteei ahalegin berezia eskatzen badiegu ez dute egingo, horregatik eurei gustatzen zaizkien toki eta jardueretara gerturatu beharko dugu.