KOLDO LIZARRALDE: “Eibarko jendeak demaseko industria zuela jakin behar du”

KOLDO LIZARRALDE: “Eibarko jendeak demaseko industria zuela jakin behar du”
2012/05/24 eta kitto!

-Zer dela-eta idatzi duzu Eibarko asmakizun hidraulikoen gainean?
20 urte daramat asmakizun hidraulikoak aztertzen (errotak, burdinolak, barrena-zuloak…) Gipuzkoa mailan. Erroten gaineko Ituna egin genuen Antxon Agirre eta biok 1988an, eta erroten ikerketa eta kontserbaziorako nazio mailako elkartean nabil. Zuzendaritza batzordeko kidea naiz eta aurten 8. kongresua egin dugu. Hortik dator guztia. Ikertzen hasten zara eta datu berriak agertzen zaizkizu. Orduan, nola utziko dituzu horiek aztertu gabe? Ba ezin dut, jarraitu egin behar dut.
-Nolakoa izan da liburuaren gauzatzea? Zenbat denboratan sortu duzu?
10 bat urtetan idatzi dut. 438 oin-ohar ditu liburuak, beraz pentsa. Asko laburtu beharra dago, zentzua eman behar zaio.
-Eibarko asmakizun hidraulikoen gainean dokumentazio asko aurkitu duzu?
Bai, dokumentazioa oinarri hartuta idatzi dut liburu guztia. Eibarko Udaleko eta Oñatiko Protokolo artxiboak, eta Valladolideko eta Madrilekoak ere erabili ditut.
-Orain dela hainbat urte Elgoibarko asmakizun hidraulikoen gainean liburua idatzi zenuen. Ezberdintasunak daude Elgoibar eta Eibarko asmakizun artean?
Gipuzkoa osoan oso antzekoak dira. Detaileak egon daitezke. Adibidez, Eibarko Galartza errota oso berezia da Gipuzkoa osoan, ezaugarri berezi batzuk dituen bakarra. Besteak antzekoak dira eta modu paretsuan egin dute eboluzioa. Elgoibarko hainbat lagun Eibarko hainbat burdinolen jabeak ziren, eta alderantziz. Gainera, Soraluze, Elgoibar eta Eibar oso batuta zeuden armagintza kontuetan.
-Zertarako erabiltzen ziren errotak?
Alea ehotzeko. Hasieran artatxikia, eta gero garia eta artoa. Eibarko hainbat errotatan ohialak zapaltzeko mailuak aurkitu ditut, batanak zituztenak.
-Zer da batana?
Trapuak eta bestelako ohialak birrintzen dituen aparatua da, papera eta horrelakoak egiteko.
-Asmakizun hidraulikoek, orduan, hasieran funtzio bat izan zezaketen eta gero beste bat?
Bai, edo biak denbora berean. Errotetan, adibidez, barrenatzeko asmakizunak eta errota bera zeuden bat eginda. Harri bat kanioiak barrenatzeko erabiltzen zuten eta bestea garia ehotzeko.
-Zerbaitek harritu zaitu ikerketa egiterako orduan?
Burdinolek. Eibarri buruz idatzi izan dutenek beti egin dute berba burdinolen gainean, baina inork ez du gaiean sakondu. Orduan, hainbeste datu izanda, ezin nintzen ezer egin gabe geratu. Eibarko jendeak demaseko industria zuela jakin behar du.
-Zein sasoitan egon izan dira asmakizun hidrauliko hauek Eibarren?
XVI. mendetik XIX-XX.era.
-Nolako garrantzia izan zuten asmakizun hidrauliko hauek Eibarren garapen industrialean?
Garrantzia guztia. Hortik garatu zen Eibarko industria. Errotak norberaren hornikuntzarako erabiltzen ziren, euren iraupenerako aparatuak ziren. Gero, berrikuntzekin asmakizun berriak garatu zituzten. Adibidez, Isasiko burdinola zegoen tokian Alfa Microfusión dago gaur egun, bata bestearen eboluzioa delarik.
-Zer gertatu zen asmakizunak erabilgaitz geratzeko?
Gauza horiek traba egiten zutela pentsatu zuten, beste industria baterantz jo zelako. Eboluzioa delako hori.