Koldo Zuazo: “Euskara gaurko eta etorkizuneko hizkuntza da”

Koldo  Zuazo: “Euskara gaurko eta etorkizuneko hizkuntza da”
2016/02/19 eta kitto!
Koldo Zuazo eibartar hizkuntzalariak euskalkiei buruzko webgunea sortu du (www.euskalkiak.eus). Bertan euskalkiei buruzko informazio mordoa dago: euskalkien ezaugarriak, jatorria, sailkapena, bideoak... Koldo Zuazo EHUko irakaslea (Dialektologia eta Euskararen Soziolinguistika arloetan) eta euskaltzain urgazlea da. Nabarmentzekoa da euskalkiak ikertzen egin duen lana. Horren emaitza da gaur egungo euskalkien sailkapena eta mapa (1998), eta mendebaleko euskararen sorleku posibletzat Gasteiz hartzea. Euskara batuan tokian tokiko euskalkiaren ñabardurak jasotzearen aldeko da.

- Zein da webgunearen helburua? Zergatik egin da? Norengana iritsi nahi da?Joan den aspaldian euskara batua eta, gehienbat, euskara batu jasoa, idatzizkoa landu dugu eta ahozko euskara, lagunartekoa, oso baztertuta geratu da. Guk uste dugu alderdi hori ere inportantea dela. Hizkuntza batek bizirik iraungo badu, umeek jolasean, gazteek kirolean eta nagusiek lagunartean erabili behar dute nahitaez eta, azkenaldian, arlo horiei ez zaie jaramon handiegirik egin. Hutsune horiek bete nahi ditugu.

- Noizkoak dira gaur egungo euskalkiak eta nola sailkatzen dituzu?
Badirudi gaur egun erabiltzen ditugun euskalki hauek Erdi Aroan sortutakoak direla. Ematen du erromatarrak gure artean izandako garaian eta, baita ondorengo mendeetan ere, kohesio eta batasun estua egon zela euskaldunen artean eta hizkuntzan ere ikusten da batasun hori. Gero etorri zen zatiketa eta hizkuntzaren dialektalizazioa.
Euskalkiak sailkatzeko orduan, non sortu ziren hartu dut kontuan eta sorleku horiek zein eragin esparru izan zuten. Esate baterako, mendebaleko euskara, Eibarren eta Deba ibarrean egiten dena, Gasteizen sortu zela ematen du. Eta Gasteizko eragina Arabara, Bizkaira, Gipuzkoako mendebalera (Deba ibarra, Goierri eta Urolaldea), Nafarroako mendebalera (Burunda, Ameskoa eta Lana), Burgosera eta Errioxara heltzen zela ikusten da. Horri deitu izan diot "mendebaleko euskalkia".

- Nolakoa da gaur egun adin desberdinetakook egiten dugun euskara?
Zaharren euskara eta gazteena nahiko desberdina da. Gazteen euskara asko berdindu da. Berez berdintzea ona da, baina Euskal Herrian arinegi egin da bidea eta, tartean, gauza asko galdu ditugu. Galtze hori da txarra eta oraindik eskura dagoena jasotzen ahalegindu behar dugu. Bestalde, erdararen eragina gero eta handiagoa da eta hor ere hesi batzuk ipini beharra daukagu. Euskarazko berbak eskura izanda, ez dago erdaratik zertan hartu. Gehienetan konplejo kontua izaten da: uste izaten dugu kanpokoa etxekoa baino hobea dela, modernoagoa, indartsuagoa, politagoa.

- Nolako eragina izan du euskeraren batasunak euskararen bilakaeran?
Batuak oso gauza onak ekarri ditu. Esate baterako, ortografia arau berberak erabiltzen ditugu gaur egun euskaldun guztiok. Hitz berriak ere berberak dira euskalki guztietan. Hori dena ondo dago. Alde txarra euskalkietako hitz eta egitura jatorrak galtzea izan da. Gure kasuan, esate baterako, asteko egunen izenak bereziak izan dira (martitzena, eguaztena, eguena...) eta gaur egun gureak baztertu eta auzokoak erabiltzen hasi gara: asteartea, asteazkena, osteguna... Horrela jokatuta, galdu egiten da hiztunak hizkuntzarekin daukan lotura, galdu hizkuntzaren balio afektiboa, eta hori galtzen bada, hizkuntza bera galtzeko arriskua dago.

- Nola ikusten dituzu euskalkiak etorkizunean? Eutsiko ote diote?
Euskara bizirik badago, euskalkiak izango dira. Edozein hizkuntza bizitan sortzen dira dialektoak. Beste era batera esateko, dialektoak dira hizkuntza bizirik dagoen seinale. Orduan, etorkizunean euskalkirik ez bada, euskara hil den seinale izango da. Nork nahi du hori? Nik neuk ez, behintzat.

- Ikus-entzunezkoei buruzko atala dago webgunean eta bertan EH osoko bideoak azaltzen dira. Zer nolako jendea agertzen da eta zer erakutsi nahi izan duzu?
Bideoetan jende gaztea agertzen da askotan. Horrekin euskara gaurko eta etorkizuneko hizkuntza dela erakutsi nahi izan dugu. Pertsona bakoitzak bere lanbidea edo bere zaletasuna azaldu du eta, alde horretatik ere, gaurkotasuna dauka. Hain zuzen, euskara iraganarekin, jende zaharrarekin, baserriko bizimoduarekin lotzeko arriskua baztertzen ahalegindu gara

- Azken urteetan denbora asko eman duzu Euskal Herriko leku desberdinetan tokian tokiko euskera aztertzen. Nolako ondorioak atera dituzu?
Antzeko egoera ikusten da Euskal Herri osoan. Esate baterako, Euskal Herri gehienean galtzen ari da hitanoa. Lagunarteko euskararen ezaugarria da hitanoa eta, hori galtzen bada, lagunartean euskara gutxiago erabiltzen den seinale garbia da. Hain zuzen, horixe izan zen webgunea egiteko arrazoietako bat.

- Nola ikusten dituzu Eibarko euskera jasotzeko egin den lan guztia? Euskal Herriko beste lekuetan  horrelako lanak egin dira?
Eibarren meritu handiko biharra egin da. Gerra ostean sekulako errepresioa egon zen, sekulako erdaldun mordoa etorri zen, baina euskarak bizirik iraun du. Inportantzia handia eman zaio transmisioari, inportantzia handia bertako euskara jasotzeari eta erabiltzeari. Eibarkoa da, esate baterako, Euskal Herriko hiztegirik zaharrenetako bat: Toribio Etxebarriarena. Ahalegin horrek bere frutua ekarri du. Urte asko daroat Eibartik kanpora, baina eibartarrak irratian-edo entzuten ditudanean, euskaraz egiten dute berba: Susaeta Athleticeko jokalariak, Oihartzabal Errealekoak, Enrike Zuazua matematikalariak, Maite Arroitajauregi, musikariak... Oso pozgarria da eta, egia esan, harro nago eibartarra izateaz.

- Tokiko euskal hedabideek daukagun helburua euskaraz informatzea eta euskararen erabileran eragitea da. Zure ustez euskalkiek presentzia handiagoa izan beharko lukete?
Duda barik. Euskal Herri osoko hedabideetan euskara batua erabiltzea da zentzuzkoa, baina herri euskaldunetakoetan, bertakoa, herritarren gertukoa erabili behar da. Batua erabiltzen denean ere, herriko berbak, herriko esapideak, herriko sintaxia eta, ahal den guztian, herriko berbetaren ezaugarriak sartu behar dira. Eta, gainera, euskara batuak ematen du horretarako aukera. Gure arazoa da ez dakigula zuzen zer den euskara batua. Uste dut horretan nabarmen egin duela huts Euskaltzaindiak: ez digu ganoraz azaldu zer den eta nola eta non erabili behar den euskara batua.