Kontxi Gurruchaga (Kaleetan Kantuz-eko zuzendaria): “Kalean kantatzeko ohiturari eusteko asmoz sortu zen taldea orain dela 10 urte”

Kontxi Gurruchaga  (Kaleetan Kantuz-eko zuzendaria): “Kalean kantatzeko ohiturari eusteko asmoz sortu zen taldea orain dela 10 urte”
2016/03/18 10:23
eta kitto!
Bihar (martxoak 19) 12:00etan, "Belaunaldien arteko topaketa" izenburuari jarraituta,   kontzertu berezia emango dute Coliseoan Kaleetan Kantuz abesbatzako kideek, beste hainbat taldek lagunduta. Abesbatzak herriko kaleak kantuan alaitzeari ekin ziola hamar urte bete dira aurten eta, horren aitzakiarekin, haur zein helduendako topaketa musikala izan nahi duen biharko emanaldia ilusio handiz prestatzen ibili dira. Kontzerturako sarrerak bi euro balio du.

- Zeintzuk hartuko duzue parte kontzertuan?
Gurekin batera Barakaldoko Gitarraren Lagunak taldekoek, Juan Bautista Gisasola Musika Eskolako abesbatzak, akordeoi eta gitarra taldeek hartuko dute parte. Barakaldoko taldea eta gurea lehenagotik ezagutzen ginen. Iaz Barakaldon eurekin batera abesteko gonbidapena egin ziguten eta hara joan ginen. Horregatik, emanaldi berezi hau prestatzen hasi ginenean, eurei parte hartzeko eskatu genien eta baietz erantzun ziguten, pozarren. Gure moduan, talde amateurra da eta, abesteaz gain, gitarra, perkusioa, lauda eta horrelako instrumentuak jotzen dituzte. Horrez gain, Juan Bautista Gisasola Musika Eskolan Marisol Arrillagarekin akordeoia ikasten ari diren 10-12 urte bitarteko ikasleak, Elena Martinek zuzentzen duen J.B. Gisasola abesbatzak eta Ana Caballerorekin gitarra ikasten ari diren umeetako batzuk hartuko dute parte.

- Eta nolako abestiak eskainiko dituzue?
Hasteko, Gitarraren Lagunak taldekoek sei kantu eskainiko dituzte. Jarraian, Musika Eskolakoen txanda izango da: akordeoi eta triki taldeak hiru abesti jo eta, jarraian, gitarra taldekoek beste sei interpretatuko dituzte. Eta horiek amaitzean, Juan Bautista Gisasola abesbatzeko neska-mutilek hiru abesti ezagun kantatuko dituzte. Gu azkenak izango gara, lauzpabost abestirekin. Hori bai, agurtzeko talde guztiek elkarrekin kantu bat eskaintzeko asmoa daukagu.

- Errepertorioan euskerazko zein gaztelerazko abestiak daude…
Orain dela hamar urte Kaleetan Kantuz sortu zenean, hain zuzen ere, asmoetako bat Eibarren zegoen kantatzeko ohitura berreskuratzea zen. Orain dela urte batzuk oso normala izaten zen edozein tabernatan jendea kantuan entzutea eta, sasoi hartan behintzat, batez ere Latinamerikako doinuak izaten ziren. Orduan euskerazko kantuak etxe-barruan abesten ziren batez ere; urteak pasatu behar izan ziren kalean entzuten hasi arte.