Leire Berasaluze: “Ekingunen esaldi motibazionalak gustatzen zaizkigu, baina bidea ez da beti polita izaten”

Leire Berasaluze: “Ekingunen esaldi motibazionalak gustatzen zaizkigu, baina bidea ez da beti polita izaten”
2022/10/03 08:34
eta kitto!
Ekingune ekintzaile elkarteak 10 urte beteko ditu urrian. Ekintzaileen arteko lankidetzarako eta sustapenerako sortutako egitasmoa da eta, egoitza Eibarren eduki eta bazkide gehienak hemengoak izan arren, baditu beste herri batzuetako kideak ere. Leire Berasaluze eibartarra da elkarteko presidentea eta, ekintzaile izaera edukiz, baikor begiratzen dio etorkizunari.

Urte berezia izanik, urriaren 27an On Ekin lehiaketaren edizio berezia ospatuko dute Errebalen. Izena emateko epea zabalik dago ekingune.com webgunearen bitartez. Dena dela, euren jarduna ez da horretara mugatzen, ezta inolaz ere, eta atzo Marketing Day ekimena egin zuten Ipurua zelaiko instalazioetan, marketingaren inguruko adituak ekarriz eta gaiaren inguruan herriko ekintzaileei aholkuak emanez.

 

Marketing Day egin zenuten atzo Ipuruan. Zein helbururekin?

Nazioarte mailan kontsumoa eta kontsumitzaileak asko aldatu dira (krisialdiagatik, pandemiarengatik, digitalizazioa...). Enpresa handiek badituzte horrelako aldaketei aurre egiteko baliabideak (marketing edo komunikazio taldeak), baina enpresa txikiek, dendariek edo autonomoek ez dute hori egiteko inor eta euren jakintzak eguneratu behar dituzte. Orduan, eurengan pentsatuz, lau aditu ekartzea pentsatu genuen,interesatuek galderak egin, mahai-ingurua sortu eta elkar ezagutzeko.

Horrelako ekintzekin Ekingune herrira zabaldu nahi duzue? Ekintzaileei laguntza eman?

Esaten dugun bezala, “ekintzaile izatea bizitzeko modu bat da”. Denda bat sortu duenak badaki kontua ez dela denda zabaltzea eta kitto. Etengabe egon behar gara merkatua nola dabilen ikusten, kanpaina berriak sortzen, proiektu edo produktu berriak nola saldu ikusten... Ekintzaile mota ezberdinak daude. Dendariak, adibidez, ekintzaileak dira. Gero, badaude beste batzuk enpresa sortuta dutenak, baina beste adar, produktu edo zerbitzu bat martxan jartzen dutenak. Hori ere ekitea da, barne-ekintzailetza.

Mundu aldakor honetan, ekintzaileentzat hobe da indarrak batuta aurrera egitea Ekingune moduko elkarte batean?

Bai, eta hainbat gauzatan ikusi daiteke hori. Batetik, ekiten duzunean bakarrik sentitzen zara. Batzuetan ez dakizu nondik jo. Laguntzak eta programak daude, baina enpresa martxan jartzen duzunean, gero zer? Ez da erraza eta batzuk hor geratzen dira ez dituztelako bezeroak lortzen, arazoak kudeatzeko orduan ez dutelako asmatzen ... Gu geu gara ekintzaileak, guk egin behar ditugu gauzak, ez dugu inor gainetik zer egin esateko. Ekingunen esaldi motibazionalak gustatzen zaizkigu, baina bidea ez da beti polita izaten. Egun latzak daude eta, batuta egonda, jendeari lagundu nahi diogu. Bestetik, laguntzak eskatzeko orduan ez da gauza bera zu bakarrik aurkeztea edo talde moduan joatea. Laguntza gehiago lortzen dira elkarrekin joanda eta, gainera, jende gehiago ezagutzen dugu. Eta ez badugu laguntza lortzen, bideratzea lortzen dugu. Beraz, ez dut esango elkarrekin joanda errazagoa denik, baina laguntzen du.

Ekingunek 10 urte beteko ditu aurten. Zer prestatu duzue ospatzeko?

Antolatu ditugun ekitaldiei indar gehiago eman nahi izan diegu, Marketing Day-n ikusi den bezala. Ez dugu gehiegi aurreratu nahi, baina On Ekin negozio-ideien lehiaketaren sari banaketa urriaren 27an egingo da, Errebalen, eta aurten sariak oraindik hobeak izango dira. Azken bi urteotan, pandemiaren ondorioz, ez gara oso gustura gelditu On Ekinen saioekin, ezin izan garelako ia elkartu ere egin. Beraz, aurten, pandemia atzean lagata eta 10. urteurrena dela aprobetxatuz, zeozer polita egin nahi dugu. Gainera, lehiaketa ez da parte-hartzaileek dirua irabazteko gauza bat bakarrik: jendea ezagutu daiteke, elkarrekin proiektuetan parte hartzeko aukerak sortu daitezke, zure proiektuak benetan balio duela sinesteko balio dezake...

On Ekinen palmaresa ikusita, proiektu askok berretsi egin dute euren inguruan esandakoa, martxa betean jarraitzen baitute.

Baten bat bidean gelditu da, baina askok aurrera jarraitu dute. Aurtengo edizioan, gainera, omenaldia egin nahi diegu aurreko edizioetan parte hartu dutenei. Saria irabazi duten enpresa batzuk oso ondo dabiltza eta pozten gara.

Pandemia aipatu duzu lehen. Nola eragin dizue Ekingunen?

Ekingunen gauden enpresak ezberdinak gara eta batzuk igarri dute pandemiaren eragina, ezin izan dutelako lanik egin. Bestetik, proiektu asko teknologia berrietara egokitu egin behar izan dira eta azkartu egin dute digitalizaziorako bidea. Esan bezala, ekintzaile izatea bizitzeko eta izateko modu bat da eta, gauzak gogor badatoz, gu ere gogor jartzen gara eta egokitu egiten gara. Beraz, ondo moldatu gara, nahiz eta pandemia gogorra eta luzea izan den.

Aurrera begira asmo berriak dituzue esku artean?

Azken urteotan konturatu gara bi motatako ekintzaileak ditugula. Batzuk berriak dira, ilusio askorekin datoz eta gaitasun batzuk garatu behar dituzte negozioari etekina ateratzeko. Beste batzuek, ostera, urte asko daramatzate ekiten. Orduan, elkartean jende berria behar dugula uste dut, lehendik gaudenok beraiei laguntzeko eta, era berean, eurek freskotasuna ekartzeko. Gauza eta ideia asko ditugu buruan, baina gero bakoitzak bere lana egin behar du eta orduak sartu behar ditugu denera iristeko. Ikusiko da zer egin dezakegun, baina ideiak eta asmoak baditugu. Gainera, gure jarduna beste herri batzuetara hedatu nahi dugu.

Erakundeek ekintzailetasuna bultzatu dute azken urteotan, laguntzak eman dituzte... Nahikoa da?

Inoiz ez da nahikoa (barreak). Aurten, Eibarko Udala oso ondo portatu da gurekin eta, esan digutenez, egoitza bat edukitzeko aukera emango digute. Gainera, koordinatzaile bat lortu dugu elkarterako eta demaseko lorpena da. Laguntzen arabera gehiago edo gutxiago egingo dugu.

Nolakoa da zuen jarduna Ekingunen?

Hilabeteko lehen barixakuan hamaiketakoa egiten dugu eta, bertan, norbaitek gai bati buruz egiten du berba, bakoitzak bere alorrean. Horrela, jakintzak partekatzen ditugu eta networking moduko bat egiten dugu. Gero, zuzendaritza batzordea gehiagotan elkartzen da antolatzen ditugun ekitaldiak nola doazen ikusteko, besteak beste.

Ia bi urte daramatzazu presidente. Nolako bidea izan da?

Hasieran sustoa hartu nuen, baina asko ikasi dut. Asko lagundu didate eta oso aberasgarria izan da niretzat. Taldekide batek dioen bezala, gauza asko lortu ditugu enpresa mailan, baina gehienbat ikasketa kontua izan da, demaseko ikasketa pertsonala egin dugulako.